Jean Mixel Bedaxagarrek 'Erresiñula kantari' diskoa kaleratu dau
2023-10-06 12:29 Musikea1983an plazaratu eban lehenengo diskoa (Xiberoa, Elkar).
Zuberoak Euskal Herria osoa aho bete hortz ixteko moduko kultur produkzinoa dauka. Eta herrialdeko sortzaileen artean Jean Mixel Bedaxagar izan daiteke emonkorrenetako bat. Hamaika saltsatan sartuta ibilten da Urdiñarbeko musikaria eta, lantzean behin, disko bategaz saritzen gaitu. Oraingo honetan, Erresiñula kantari dakar, belarrietan kili-kili egiteko moduko hamalau kantu eder.
Bedaxagarrek beti eutsi deutso tradizinoari baina jakinik garai barrietako doinuek be euren ekarpena egin behar dabela, euskereak eta euskal kultureak iraungo badabe. Zuberoako kantutegi oparotik hasita, Bedaxagarrek berak sortutako doinuetara, Erresiñula kantari ekialdeko herrialdeko ahaireak eta kantetako erak ekarten deuskuz, izan garena eta izango garenaren arteko zubiarena eginez, garena izateari itxi barik.
Akitaniako Alienor pastoraleko doinuak (2014), Etxahun Iruri eta Etxahun Barkoxeren konposizinoak, kantu herrikoiak, Xalbadorren bertsoak... Horreek dira diskoaren osogai nagusiak. Musika tresna tradizionalen abaroan isurtzen dira kantuok (txirulea, ttunttuna, xirolarrua...), baita a capella be, Zuberoako eran. Diskoan parte hartu dabe, besteak beste, Errege Beldak eta Juan Mari Beltranek be.
Jean Mixel Bedaxagarrek 1983an plazaratu eban bere lehenengo diskoa (Xiberoa, Elkar) eta ordutik badaki zein da bidea bidea: Antxinagokoek egiten eben lez, kantetan dogunean, gure memoria kolektiboa eta euskerea suspertzen dituegu. Esan daiteke gure betiko kantagintzea, bertsolaritzea eta gaurko musikak dirala euskerearen birikia, izan be, helburua baita segidearen katea gure ondokoei helarazotea, akaso behin be eten ez dalakoan. Hala bedi!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!