Ximon Agirre: 'Fantasiazko mundu bat sortzea zan helburua'
2023-10-09 07:55 BarriketanXimon Agirre ilustratzailea.
58. Durangoko Azokearen irudia Ximon Agirre artisteak (Hernani, 1994) egin dau. Artean graduau zan Euskal Herriko Unibersidadean eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazinoko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin eban Gaztela-Mantxako Unibersidadean. Ilustrazinoan, bideogintzan eta animazinoan jardundakoa da.
Azken urteotan musika taldeentzat (Lukiek, Toc, Kyxo, Kristonak eta Kilimak, besteak beste) egin dau lan gehienbat, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen.
1.- Zorionak 58. Durangoko Azokea kartela egiteko aukerea izan dozulako. Zelan suertau jatzun aukerea hori?
Eskerrik asko. Gerediaga Alkartea neugaz jarri zan kontaktuan. Ganera, Sorland agentziagaz egiten dabe lan eta eurek urtero proponiduten dabe artista bat edizino barriko kartela egiteko. Aurtongo goiburua Fantasia DA! izanik, neure lana ikusi eta berton, elementu fantastikoak erabilten dodazala antzemon eben. Gauzak holan dirala, kartela egitea proponidu eustien. Beherala emon neban baiezkoa eta alkarlanean hasi ginan.
2.- Nondik hartu dozu inspirazinoa kartela egiteko?
Neure lanetan beti dagoz elementu eta istorio asko. Beraz, Durangoko Azokarako fantasiazko mundu bat sortzea zan helburua, gauza ezbardinak ikusi ahal izatea kartel berean. Halanda ze, azokako elementuegaz hasi eta berton dagozen gauzak sartu ditut, baita egun hoietan egoten dan giroa transmititzea saiatu naiz.
3.- Kartelean ondo fijau behar zara dana ikusteko, ezta ikusten lehenengo begirada batean. Zenbat mundu dagoz?
Bai, idea hori zan, izan be, kartela ikusi eta bete-betean horregaz egon behar zara. Poliki-poliki eta pausoz-pauso kartelaren elementu guztiak ikusi behar dira, berton islatzen dodazan marrazki eta eduki guztietaz disfrutetako.
Kolorei jagokenez, danak saturauta dagoz, pastilina testurazko xarma bategaz, izan be, jolas puntu bat transmitiduten saiatu naz, seriotasuna kenduz.
4.- Pozik kartelak jaso daben harrereagaz?
Egia esan, bai. Oraingoz, kritika asko eta onak jaso ditut. Ganera, inoiz baino jente gehiagok idatzi deust honi buruz zeozertxu komentetako. Azkenean, euskal kulturan Durangoko Azokea danok ezagutzen dogun topagune bat da, bertoko persona asko erakarten dauena. Neuretzat erakuslehio bat. Beraz, oso pozik nago.
5.- Zure ibilbilde profesionalari jagokenez, Lukiek, Toc Band edo Kristonak lako taldeakaz egin dozu lan. Musikeari lotuta gehien bat ez?
Bai, euskal talde askorentzat egin ditut lanak, esaterako; Lukiek taldearen bigarren diskoaren portadea; Toc Band eta Hofe taldeek kaleratu daben Bi miru gu abestiaren portadea; Kristonak taldeak Liverpooleko The Cavern areto mitikoan jo behar dauen kontzertuko kartela (urriak 12); eta Both taldearen lehen diskoaren portada eta CDaren diseinua.
Hori bai, azken aldian Maria Muriedasegaz nabil bideoklipak egiten. Adibidez, orain dala gitxi, biok batera Lukiek taldearen bideoklipa egin genduan, Vampiro zara orain izenekoa, baita Hickeys taldearentzako Motherlode izeneko bideoklipa be.
6.- Zeure lan guztiak ikusita, oso koloretsuak, marrazkiez beteak eta 3D, hiru dimensinotan dira, zelakoa da lan prozedura?
Bai. Lehen esan deutsudan lez, kolore asko eta plastilina testurak erabilteaz gan, 3Dan lantzen ditut neure lan asko, halanda ze, errealidade birtualean eginak; kasko bat jarriz, espazio birtual batean, obra moldeatzen joaten naz mando batzuekaz (ikusi prozedura guztia Ximonek sare sozialetan bialdutako bideo honetan).
Xelebrea da lan prozesua, izan be, mundu baten barruan egongo zinan bezela zagoz, bertotik, ordena eregiz. Horrezaz gan, ordenadoreko beste programa bat erabilten dot azkenen ikutuak emoteko, esaterako, argiak, koloreak edota irudiak.
7.- Zelan ikusten dozu 3Dan egindako Euskal artearen panoramea?
Neure inguruan, Antton Goikoetxea Ayastuy (Lukiek taldeko kidea) ezagutzen dot. Neuk bezela, asko erabilten dau efektu hori. Baina, horrezaz gan, ez dago artista asko prozedura hori erabilten dauena, nik ez dodaz ezagutzen. Baina, ustez, pixkanaka-pixkanaka, gero eta gehiago ikusiko da.
Hori bai, egunotan Inteligentzia Artifizialagaz pasetan dabizen gauzakaz batek daki zer izango dogun etorkizunean. Ikusiko dogu, baina kriston aldaketea etorri daiteke.
8.- Etorkizunean, non ikusten dozu zeure burua? Erakusketarik?
Holako lanak egitea jarraitzea gustauko jaten, kartelak, diskoen portadak eta bideoklipak. Hori bai, gehien gustetan jatana taldeakaz lan egitea da, izan be, musikea dot gogoko, musikea eta lan artistikoak buztartzea hain zuzen be. Oraingoz oso gustora nago emoitzeagaz, beraz jarraitzea da asmoa, baina batek daki.
Erakusketeei jagokenez, oraintsu kartelen erakusketa bat egitea proponidu eustien, baina oraindino ideari buelta bat emotea falta jat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!