Amaia Gabantxok irabazi dau Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria
2023-10-05 13:31 KultureaMiren Agur Meaberen Hezurren erretura ingelesera itzultzeagaitik.
Euskal literaturearen egile garaikide esanguratsuenetakoa dan Miren Agur Meaberen Hezurren erretura eleberriaren ingelesera egindako itzulpena izentau dabe irabazle Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpengintza Sariaren bederatzigarren edizinoko epaimahaiak. Amaia Gabantxok euskeratik ingelesera itzuli dau eleberria eta Parthian Books argitaletxeak kaleratu dau Burning Bones izenburupean.
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko sari-emote ekitaldira bertoratu dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kulturea eta Hizkuntzea Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkaria, Amaia Gabantxo itzultzaile eta Miren Agur Meabe idazlea.
Jatorriz euskeraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena saritzeko asmoz sortutako lehiaketa horretan, obrearen itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloretan dira. Halanda ze, Amaia Gabantxoren ibilbidea eta egindako itzulpena, eta Parthian Books argitaletxearen potentziala eta euskal literatureagazko interesa nabarmendu dau epaimahaiak, itzulpena kalidade handikoa izateaz gan, zuzenean euskeratik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpena izatearen garrantzia.
Horrezaz gan, Parthian Books argitaletxearen euskal kultura testuinguru ingelesean zabaltzeko potentziala saritu nahi izan dabe, izan be, bigarrenez, Miren Agur Meaberen eleberri bat ingelesez argitaratu baitau. Meaberen bi obraz gan, Karmele Jaioren Amaren eskuak, ingelesez argitaratu dau.
Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren bederatzigarren edizinoan, honako honeek izan dira epaimahaikideak: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkaria; Imanol Otaegi Euskal Kulturea Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola eta Naroa Zubillaga EHUko irakasleak eta EIZIEko kideak; eta, June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazino teknikariak.
Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kulturea eta Hizkuntza Politika sailburuak, sari horren emoitzeak dauen eragina balioan jarri nahi izan dau, geure literatureari mugak zabaldu eta beste kultura eta hizkuntza batzuetan be sormen literarioa eta idazleen talentua ezagutarazoteko balio dau.
Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria
Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zan jatorriz euskeraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira zubi euskal idazleek eta euren lanek nazinoarteko zabalkundea izan deien.
Ganera, sari horrek sarritan ezkutuan gelditzen dan itzultzaileen lana nabarmentzen dau. 4.000 euroko sari bakarra emoten da, itzultzaile eta argitaletxearen artean banatzen dana.
Amaia Gabantxo
Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializautako itzultzailea da. Itzultzaile lanetan, besteak beste, Twist eta Belarraren ahoa (Harkaitz Cano), Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe), Zorion perfektua (Anjel Lertxundi), Vredaman (Unai Elorriaga), Borrokaria (Bernado Axaga), Harri eta herri eta Maldan behera (Gabriel Aresti) argitaratu ditu.
Euskera, literatura eta sormen-idazkera irakaslea izan da University of East Anglia-n, University of Chicago-n eta School of the Art Institute in Chicago-n. Horrezaz gan, sari ugari jasi ditu haren ibilbide profesionalean, esaterako, Wingate bekea (2001), OMI Writers Translation Lab saria (2015), edo Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen Saria (2018).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!