'Mugak/' dobako ehun bat proposamen eskainiko ditu

Bizkaie! 2023-10-05 12:35   Kulturea

Berreraiki, berpiztu, berrasmatu da laugarren edizinoko goiburua.

Mugak/ Euskadiko Nazinoarteko Arkitektura Bienalak emon dau ezagutzera laugarren edizinoaren programa ofiziala, berreraiki, berpiztu, berrasmatu goiburupean datorrena. Esparru teoriko horren barruan, arkitektureak egungo krisi multidimensinonalaren testuinguruan dauen zereginari buruz hausnartu nahi dabe. Urrian bertan hasiko da eta, zemendiaren 24ra arte, dobako ehun bat jarduera batuko ditu Donostia, Bilbo eta Gasteizen artean.

Programeak, edizino horretako erakusketa nagusiari lotutako hainbat jarduera batzen ditu, bai eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, hitzordua bultzatu dauen erakundeak, urte hasieran argitaratutako aginduaren bidez diruz lagundutako proposamenak be. Horrezaz gan, Off Mugak/ ekitaldi paraleloen deialdi barriaren bidez sartutako beste kolaboratzaile eta eragile libre batzuen proiektuak erakutsiko dira. Programa osoa eta ordutegi, kokapen eta izena emoteko moduei buruzko informazinoa eskuragarri dago Bienalaren webgunean.

Hiru pabilioi iragankor

Mugak/ programeak arkitekturea kalera eroango dau hiru pabilioi iragankorrei esker. Lehenengoa datorren astean edegiko da, urriaren 10ean, hain zuzen be. TAC! Hiri-Arkitekturako Jaialdiaren pabilioia da, Lost Forest izenekoa. Donostiako Sagues zabalgunean baso-suteetan erretako enborren egitura bat eregiko da, arazo horri buruzko gogoeta egitera konbita eginaz.

Bigarrena, Mugak/ HABIT[atu]Z Bilboko Behark estudioaren proposamena da, eta H A B I T [+] erabiliko dau. Transformazino-sistema modularra da, lehendik dagozan bizitegi-eraikinen bizitokia hobetzeko eginak. Horretarako, espazio barriak eta kanpoko galeriak sortuko dira. Zemendiaren 6an edegiko da.

Hirugarrena, EHUko Arkitekturako Goi Eskola teknikoak Argi izeneko pabilioia gehituko dau Alderdi Eder parkean (Donostia). Zemendiaren 7an edegiko da eta berbaldi eta tailer ugari hartuko ditu bertan.

Lehen mailako berbaldiak

Aldaketa bizi lelopean, arkitekturearen eta arteen munduko persona ezagunen lanak, datorren urriaren 26an hasiko dira,  Wang Shu eta Lu Wenyu-en eskutik, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Horrezaz gan, honako hauen berbaldiak be izango dira datorren hilabetetan: TAKK estudioko Mireia Luzárraga (Donostia, urriak 26, Euskadiko Arkitektura Institutuan); Ramón Faura (urriak 27, Euskadiko Arkitektura Institutuan); José María Torres Nadal (Donostia, urriak 28, Lost Forest pabilioian tailer bategaz eta Gasteizko Artium museoan urriaren 31n); Marina Otero, oraintsu Reina Sofía Museoko arkitektura eta diseinu aholkulari izentauta (Gasteiz, Artium Museoa, urriak 31); Cristina Acha, Acha Zaballa Arquitectos (Bilbo, zemendiak 8); eta amid.cero9 estudioa eta Beatriz Colomina ikerlaria (biak Bilbon, zemendiak 22an, Bilbon).

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu