Gure Artea 2023 saria jaso dabe Susana Talayero, Nadia Barkate eta ANTI liburu-dendeak
2023-10-05 08:27 KultureaSarituek, Gure Artea saria irabazteaz gan, 20.000 eurona jaso ditue.
Susana Talayerok ibilbide artistikoaren saria jaso dau; Nadia Barkatek sorkuntza-lana autortzekoa; eta ANTI liburu-dendeak, barriz, arte plastikoen eta ikusizkoen arloan agenteek egindako jarduerearen autorpena.
Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu dauenez, Gure Artea sariek gizarte osoaren autortzea dira eta gero eta emakume artista gehiago dagozala nabarmendu dau. Lehendakaria, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lagunduta, Gure Artea 2023 sariak emoteko ekitaldiaren buru izan da. Sariok arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin emoten diran saririk garrantzitsuenak dira. Donostian, San Telmo Museoan egin da ekitaldia eta bertan jaso dabe autorpena.
Ekitaldian Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti be egon dira beste agintari eta arte eta kultur sektoreko hainbat ordezkarigaz batera. Gure Artea 2023 sarietako epaimahaian Aimar Arriola komisarioa, Nora Aurrekoetxea artistea, Rakel Esparza kultur programatzailea eta Miren Vadillo arte-historialaria izan dira eta Iñaki Imaz margolari eta irakaslea izan da epaimahaiburua. Sarituek, Gure Artea saria irabazteaz gan, 20.000 eurona jaso ditue.
Iñigo Urkullu lehendakariak ondokoa azpimarratu dau: Gobernu batek urtero karrera artistiko bat, sormen praktika nabarmen bat eta kultur eragileen jarduerea saritzen baditu, euren lanaren garrantzia eta arte biziak komunidadearen bizitzan dauen garrantzia autortzeko da.
Kulturgintzan be emakumeek orain arte leku txikia izan daben arren, Lehendakariak nabarmendu dauenez, Gure Artea sarietan emakume artisten presentzia garrantzitsua azken urteotako daturik aitagarrienetako eta itxaropentsuenetako bat da. Sariek aurrerapen kultural, sozial eta politiko horri ikusgarritasun handiagoa emoteko balio dabe, eragile kulturalen garrantzia autortzeaz gan, adierazo du Lehendakariak.
- Ibilbide artistikoa autortzen dauen saria: Susana Talayero.
Aurtengo Gure Artea sarien epaimahaiak erabagi dau Susana Talayero artista bilbotarrari emotea bere ibilbide artistikoa autortzen dauen saria. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, Talayeroren 30 urte baino gehiagoko ibilbidea dedikazino eta iraunkortasunaren sinonimoa da, ikerketa plastikoko lan bat, estudioan egunerokoa egitearen inguruan atondutakoa. Erroman egin ebann lehen etapatik bere obra barrienera arte, topautako euskarri eta materialakaz egindako lana da, ez aurrez pentsautako edo programautakoa, inguruan dauen horretara edegita egotearen ondorio legez baino.
Bestalde, epaimahaiaren ustez, Susanaren sorkuntza-lanak banakako lana gainditzen dau eta garrantzitsua da, euskal artearen testuinguruari harek egindako ekarpenak autortzea, lankidetzako egoeren eta esperientzia kolektiboen bidez. Esangura horretan, besteak beste, 2008 eta 2023 urteen artean jorratutako hezkuntza-esperientziak —ARTIUM, Arte Ederren Museoa eta Guggenheim Bilbao Museoa lako museoetako hezkuntza-sailakaz lankidetzan— nabarmendu ditue, helduei eta edade txikikoei zuzendutako arte-tailerren bidez, biak gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan baitagoz.
Susana Talayeroren lanak dagoz, besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museoan, ARTIUM Museoan, San Telmo Museoan, Calosa Mexico Fundazinoan, BilbaoArte Fundazinoan (lan saritua 2020), Mallorcako Santanyí Kultur Etxean (d 'Arts Visuals 2019 izeneko lehen saria). Susana Talayero Bilboko Carreras Múgica galeriak ordezkatzen dau eta gaur egun 2023ko abenduan han egingo dan bakarkako erakusketea atontzen dabil.
- Sorkuntza-lana autortzeko saria: Nadia Barkate.
Nadia Barkate bilbotarrak aurten sorkuntza-lana atortzen dauen Gure Artea saria jasoko dauela erabagi dau epaimahaiak.
Epaimahaiaren arabera, Nadia Barkate azken urteetako euskal eszenan oso belaunaldi aktibo bateko artista azpimarragarria da. Orain hamarkada bat ekin eutson bere ibilbideari, eta bere zeregin artistikoa marrazkian oinarritzen da batez be: Gaur egun, nahiz eta batzuetan beirari putz eginezko obrakaz osotu, nire lan guztia marrazkietan oinarritzen da, gehienetan zuri-baltzean, nahiz eta kolorearen munduan sartu-urten zehatz batzuk egin. Irudi handi bat edo fikzino handi bat lakoa da, etenbarik eregiten dabil, prisa barik, erakusketetan aurkeztutako zatien baturearen bidez, mundu propio bati gorputza eta irudia emonez. Izaki arrotzez betetako mundu bat da, beti ondo jagondakoa, interpretau bakoa.
Epaimahaiak nabarmendu du Rekalde Aretoko Gure Artea eta Carreras Múgica galerian egindako erakusketa kolektiboetan parte hartu dauela Kiko Perez izenburuagaz (Kiko Perez, Elena Aitzkoa, Lorea Alfaro, Nadia Barkate, Javi Soto, June Crespo); 2008an hasi zan bere jarduerea ezaguna egiten. Beka batzuen ondoren, Barkateren lanak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ikusten hasi ziran. Holan, Pekinera joatea erabagi eta, ondoren, Berlinera joan zan bizitzera. Gaur egun bertan jarraitzen dau lanean eta erakusketak egiten. Horreazz gan, Berlinen egindako lanaren ondorioz, alemanezko marrazki bi eta poema-liburuak argitaratu dituala nabarmendu dau epaimahaiak.
- Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana autortzeko saria: ANTI liburu-dendea (Javier Nevado da proiektu honen burua).
Erabagiaren oinarrian honako hau dago: Orain 20 urte Bilboko San Frantzisko auzoan liburu-dendea zabaldu ebenetik, letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusmen-artearen arteko oinarrizko topaleku bihurtu da. Funts bibliografiko berezia eta dobako jarduera publikoen programa aberatsaren bidez, ANTIk Bilboko sare artistiko eta kulturalari eta euskal testuinguruari egiten deutson ekarpena parebakoa da. Epaimahaiaren arabera, haren ekarpena egunerokoan neurtzen da, ezagutzera emoen dauen artisten liburu barri bakotxean, hartzen dauen erakusketa bakotxean, bertan hamarkada bitan gozatutako tailer, aurkezpen edo performance bakotxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!