Euskadiko hegazti ugaltzaileen atlas modernoa aurkeztu dabe
2023-10-05 08:29 KultureaEuskadi Hegazti habiagileen atlasa izenekoa, Aranzadi Zientzia Alkarteak gidatu dau.
Aranzadi Zientzia Alkarteak, 1949tik ornitologiaren mundua estadu mailan ikertzen dauen erakundeak, Euskadiko hegazti habiagileen atlasa aurkeztu dau.
Aurkezpenean parte hartu dabe Aitor Aldasoro Iturbe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak, Koldobike Olabide Gipuzkoako Aldundiko Mendi eta Natura Ingurunearen zuzendariak, Jokin Otamendi Aranzadi Zientzia Alkarteko presidenteak eta Juan Arizaga Aranzadiko Ornitologia saileko zuzendariak.
Aitor Aldasorok garapen jasangarriagaz bateragarria dan biodibersidadearen babesa defenddidu dau hitzaldian, izan be, ekosistema osasuntsuen konserbazinoaren menpean dagoz geure ongizatea eta etorkizuneko belaunaldiena, muturreko gertaera meteorologikoetatik eta etorkizuneko pandemietatik babesten lagunduz. Ganera, nabarnendu dauenez, Euskadiko lurraldearen % 23 naturgune babestuak dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-faunearen aberastasunari buruzko ikerketa zientifiko sakona jasoten dauen atlasaren edizinoa Aranzadi Zientzia Alkarteko ornitologia sailak gidatu dau, Juan Arizagaren zuzendaritzapean.
Ornitologo aditu horrek adierazo dauenez, ikerketa hau geure lurraldeko hegazti-faunearen aberastasunaren erradiografia da. Metodologia zientifikoaren bidez, geure hegaztien egoereari buruzko informazino zehatzagoa izatea lortu dogu, besteak beste, ugaltze-espezie guztien kopurua, espezien ugaritasunaren kalkulua edo habitaten araberako populazinoen tamaina.
Halanda ze, Aranzadiren ikerketak ondorioztau dau Euskal Autonomia Erkidegoan 180 hegazti-espezie ugaltzen dirala, horreen artean 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Espezie ugarienen artean erregistrautako gelaxka guztietan dagozanak eta populazino-tamaina handia dabenak, honako honeek dira:
- Txolarre arrunta: 390.000.
- Txantxangorria: 330.000.
- Txepetxa: 290.000.
- Zozo arrunta: 280.000.
- Txinbo kaskabeltza: 280.000.
- Txonta arrunta: 270.000.
- Kaskabaltz handia: 210.000.
- Erregetxo bekainzuria: 160.000.
Liburuaren ondorioen artean, konserbazino-egoera onenean dagozan espezieak basokoak dira, adibidez, okil baltza. Nekazaritza-inguruneei lotutakoak, barriz, egoera okerragoan dagoz. Habitat horreei (landazabalak, lehorreko laborantza-eremuak...) lotutako espezieen % 30ek nabarmen murriztu dabe banaketa-eremua mendearen hasieratik.
Atlasa euskl uriburu guztietan aurkeztuko da urrian, arratsaldeko 19:00retan.
- Urriaren 17: Aranzadi Zientzia Elkartean (Donostia).
- Urriaren 19: Atarian (Vitoria-Gasteiz).
- Urriaren 26: Burtsa eraikinean (Bilbo).
Aurkezpen egun horreetan liburua % 10eko deskontuagaz erosi ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!