Fantasia DA! 58. Durangoko Azokea
2023-10-04 11:13 Euskerea berbagaiXimon Agirre artisteak sortu dau aurtengo kartela.
Aurtengo Durango Azokako goiburua Fantasia DA! izena deutso, Mireia Elkoroiribe, Durangoko alkateak adierazo dauenez, orain 58 urte azoka hau atontzea erabaki ebenek, fantasia batetik abiatu ziran segurutik.
Isaac Amezaga (Bizkaiako Kultura), geure sortzaileek euskerea erabilten dabe geure errealidadea, irudimena eta amesak leuntzeko aitatu dau.
Horrezaz gan, Andoni Iturbek (Eusko Jaurlaritza) adierazo dauenez, kulturan beti izan dogu talentoa eta olatu hori aprobetxau behar dogu.
Beñat Gaztelurrutia Gerediago koordinatzaileak, Durangoko Azokea jente askok egiten dau posible: sortzaileek, argitaletxeek, diskoetxeek, erakundeek, herri-mobimentue eta jakina, baita kulturzaleek be. Horreek guztiek beteten dabe Azokea kulturaz, energiaz. Horreek guztiek ereiten dabe Azokea loratu daiten. Gainera, Kazetariei, babesleei, guneetako arduradunei eta Gerediagako lantalde osoari eskerrak emon deutsoz.
Gerediaga Alkarteko Nerea Mujika (presidentea) eta Beñat Gaztelurrutia (koordinatzailea) eta guneetako arduradunak: Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirre (Azoka Telebista) izan dira aurkezpenean, baita erakunde kolaboratzaile zein babesleen ordezkariak be: Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Isaac Amezaga Bizkaiko Euskera zuzendari nagusia, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura zuzendari nagusia, Jone Berriozabal Arabako Euskera, Bardintasun eta Gobernantza diputadua, Javier Arakama Nafarroako Euskarabideako zuzendaria, Koldo Bilbao (BBK), Josean Yela (Eroski), Eider Rodriguez (Euskaltel) eta Iñaki Nubla (Konfekoop). Horrentzako guztientzako esker berbak izan ditue Mujikak eta Gaztelurrutiak.
Abenduaren 6tik 10era, Durangoko Azokea fantasiaz beteko da. 58. edizinoa izango da aurtengoa; 58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen amesetik. Ha fantasia errealidade bihurtu zan eta gaur egun euskal kulturearen egutegian ezinbesteko hitzordua da.
Nerea Mujika Gerediaga alkarteko presidenteak ondokoa azaldu dau: Euskal kultureari bultzadea emoteko asmoz, Durangoko Azoka jentetsu eta aberatsa izatea, horixe da geure fantasia. Lemea horixe izango da: Fantasia DA!. Idearen atzean dagoan unibersoaz egin dau berba Mujikak: Fantasia da sortzaile barrien ilusinoa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturazaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi bako lagunakaz topetea, sormen bakotxaren istorioan dagoan magia, jente alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturearen beroa.
Ximon Agirreren sorkuntzea
58. Durangoko Azokearen irudia Ximon Agirre artisteak (Hernani, 1994) egin dau. Artean graduau zan Euskal Herriko Unibersidadean eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazinoko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin eban Gaztela-Mantxako Unibersidadean. Ilustrazinoan, bideogintzan eta animazinoan jardundakoa da. Azken urteotan musika taldeentzat (Belako, Lukiek, Toc, Kyxo, Kristonak, Amooma eta Kilimak, besteak beste) egin dau lan gehienbat, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen.
Agirrek ondokoa adierazo dau: Ilusino handiz hartu neban aurtengo kartela diseinetako proposamena,
Durangoko Azokea kulturearen erakusleiho handi bat izateagaitik, baita bertan aurkeztu izan diran zenbait diskoren diseinuak be egin izan ditudalako. Kartel honetakoa hiru dimensinoko irudi sakona da, errealidade birtualean landua. Hasieratik argi neban 3Dn egin nahi nebala, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko eta errealidade birtualaren bidez modelau nahi neban, askatasun gehiago eukiteko. Kolore alai eta saturatuakaz, Durangoko Azokearen jaia izakerea bistaratzeko helburua izan dau: Kartelaren idea nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokearen ohiko elementuak (liburuak, musikea, bideogintzea, teknologia barriak...) personaia fantastikoakaz buztartuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!