Ivan Zulueta, Zinebiren aurtengo protagonista

Bizkaie! 2023-10-03 13:14   Kulturea

Amaierako ekitaldian Los Planetas taldeko liderrak, J-k, Plena pausa emonaldia eskainiko dau.

Zinebik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia, Bilboko Udalak atonduta, Eusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Kultura eta Kirol Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) babesari esker, Iván Zuluetaren, Arrebato Espainiako underground zinemako lan ikonikoenetako baten zuzendari eta gidoilariaren jaiotzearen 80. urteurrenagaz bat egingo dau.

Hori dala eta, Espainiako Filmategiak 4Kn errekuperau eta digitalizautako material guztiak proiektauko ditu Zinebik. Material horreek Iván Zuluetaren artxibotik datoz, A/Z Zulueta inédito izenburupean, ia zortzi orduko materiala, galdutzat joten ziranak. Materialok bost hamarkada hartzen ditue, 30eko hamarkadatik 80ko hamarkadearen amaiera arte.

Proiektau beharreko piezen kopurua dala eta, Zinebik ziklo horretako azken proiekzinoa baino ez hartzea erabagi dau, Josetxo Cerdán Los Arcosek eta Miguel Fernández Labayenek komisariauta, Jaialdiaren 65. edizinoa egingo dan egunean (zemendiaren 15ean, eguaztenean). Ganerakoak, Golem Alondiga zinema-aretoetan ikusi ahal izango dira, jaialdia ofizialki hasi baino astebete lehenago. Halanda ze, zemendiaren 2an Las películas de Consuelo y Antonio eta hurrengo egunean, zemendiaren 3an hain zuzen, Fugas y escapadas ikusteko aukerea egongo da.

Zikloaren azken saioa be Golem Alondiga zinema-aretoetan izango da, zemendiaren 15ean. Apuntes y bocetos izeneko programea, Zuluetak 1969 eta 1987 bitartean filmautako materiala batzen dau.

Plena pausa

Iván Zuluetaren inguruan egingo dan oroitzapena zemendiaren 18an amaituko da Arriaga Antzokian, Los Planetas bandearen liderra, J-k, egingo dauen zuzeneko emonaldiagaz. Gipuzkoar zinemagilearen artxibo filmikoaren zati bat, Plena Pausa, musikalizetako proiektua aurkeztuko dau lehen aldiz Euskadin.

Filmeko material guztiak aldatu barik eskaintzen dira, Iván Zuluetaren artxiboan agertu ziran moduan, Londres nocturno, Películas familiares (años 30 y 40) eta Películas familiares (años 50) filmen laburpen batzuk ezeze.

Iván Zuluetaren jaiotzearen 80. urteurrenagaz bat eginez, irailaren 29an atara eben biniloan, CD eta DVD formatoetan Plena pausa, Granadako Los Planetas talde historikoaren buru izandakoaren estreinako albuma.

Sarrerak salgai dagoz Arriaga Antzokiaren webgunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu