Iruritan emongo deutso hasierea Nafarroako Bertsolari Txapelketeak

Bizkaie! 2023-10-03 10:09   Bertsolaritzea

Baztango herrian izango da lehen saioa, hilaren 7an.

Dana prest 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketeari hasierea emoteko. Iruritan jokatuko da lehen final-laurena, zapatu honetan, 17:30ean. Herri horretako Gizarte Bilguneak aretoan izango da txapelketako lehen saioa. Sarrerak salgai dagoz www.bertsosarrerak.eus eta egunean bertan be salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera. Nafarroako Bertsozale Alkarteak, Baztango Udalaren eta Iruritakoherriaren laguntza izan dau atontze prozesuan.

Maialen Belarra Eneterreagak aurkeztuko dau saioa, eta sei bertsolari izango dira oholtza gainean: Saioa Alkaiza Guallar, Eneko Fernandez Maritxalar, Sarai Robles Vitas, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil eta Egoitz Gorosterrazu Elizagoien. Saioko irabazleak zuzenean lortuko dau finalaurrekoetan egoteko txartela, Altsasukoan jokatuko dana hain zuzen be. Beste bertsolariek, barriz, final-laurenen fase osoa amaitu arte itxaron beharko dabe, izan be, Iruritakoagaz batera, Vianakoa (urriak 14), Uhartekoa (urriak 15) eta Leitzakoa (urriak 21) saioek osotuko dabe final-laurdenen fasea. Guztira, 18 bertsolari pasauko dira finalaurrekoetara.

Finala, abenduaren 2an Iruñean

Pare bat hilebetean, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketeak. Bide horren bitartez, euskerari eta euskerazko kultureari ekarpen mamintsua egingo deutso bertsolaritzeak, Nafarroako eskualde eta bazterretara joanez. Era berean, euskal kulturaz gozetako topaleku bat eskainiko dau txapelketeak. Parte-hartzaileakaz batera, epaileek, gai-jartzailek, atontzaileek eta hamarnaka laguntzailek egin dabe posible egitasmoa.

Lau final-laurden eta hiru finalaurrekoren ostean, abenduaren 2an, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da finala. Orduan izentauko da 2023ko Nafarroako txapelduna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu