Euskerazko milaka ahots batzeko kanpainea martxan da

Bizkaie! 2023-10-02 13:22   Euskerea berbagai

Egungo teknologiek testu eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen ditue euskerearen presentzia eremu digitalean bermatzeko eta, esangura horretan, Gaitu izeneko kanpainea jarri dau martxan Eusko Jaurlaritzak, Batu ditzagun gure ahotsak lelopean. Zenbat eta ahots eta grabazino gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia barriek lantzeko izango ditue datu eta materiala.

Kanpaina horren barri emoteko, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria; Nafarroako Gobernuko Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskera konseilari Ana Ollo eta teknologia barriekaz eta euskereagaz zerikusia daben eragileak izan dira, besteak beste, Librezaleak edota Bagera alkarteko kideak.

Bingen Zupiria sailburuak aitatu dauenez, hizkuntza gitxituak ez dagoz enpresa teknologiko handien asmoetan eta euskerea guk geuk sartu behar dogu mundu digitalean. Horixe da, hain zuzen be, Gaitu kanpainearen helburua, milaka ahots, milaka grabazino ordu euskeraz lortzea. Ekimen hau urte hasieran onartutako Hizkuntzearen Teknologien Ekintza Planaren barruan kokatu dau sailburuak, eta beste proiektu batzuk be izentau ditu, horreien artean, Itzuli itzultzaile neuronala edo EHUgaz egindako ikerketakaz lotutako kolaborazinoak nabarmendu ditu.

Gaitu: Batu ditzagun gure ahotsak

Gaitu.eus atarian sartuta, plataformeak eginkizun bi ditu:

- Batetik, idatzita dagozan esaldi bat irakurteko aukerea izango da, ozen grabetan dan bitartean. Behin eginda, atariak beste esaldi bat proponiduko deutso erabiltzaileari eta gauza bera errepetidu daiteke nahi beste aldiz.

- Bigarren aukerea, beste hiztun batek grabautako esaldi bat balioztatzea da. Horretarako, esaldi bat entzutea eskatuko deutso erabiltzaileari eta bere egitekoa esaldian jarten dauena eta ulertzen dana ontzat emotea izango da.

Hau posible da Common Voice nazinoarteko ekimenari esker. Edegia, irabazi-asmorik bakoa eta kolaboratiboa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu