Alex Txikon protagonista nagusi dauen 'Anwar' filma emongo dabe Bilbon
2023-10-02 13:08 ZinemeaSabino Arana Fundazinoko Euskal Abertzaletasunaren Museoko ekinbidea da.
Filma urriaren 4an, eguaztenean, emongo da, 19:00etan, Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan (Sarrera Moraza plazatik): Goi-mendizaletasunaz, alkartasunaz eta energia barriztagarriak dira ardatz, Rosa García Loirek zuzendu eta 601ek produziduta, EKI Fundazinoaren laguntzaz.
Proiekzinoaren ostean, Alex Txikon protagonisteak eta EKI Fundazinoko zuzendariak berba egingo dabe.
Sartzea librea izango da, baina antolaketa-arrazoiak dirala eta, bertaratzea baieztatu behar da aurretiaz (94.405.64.50 – idazkaritza@sabinoarana.eus).
Nepalen, Sierra Leonan eta Pakistanen grabautako Anwar filmak erakusten deusku Txikonek Manaslu mendira (Nepal) egindako neguko espedizinoa. Filma goimendizaletasun, elkartasun eta energia barriztagarriei buruzko istorioa da.
Kutsadurarik sortu bako lehen igoerea izan zan, eguzki-panelek elikatutakoa. Parisko Hitzarmenagaz bat eginda, energiaren aztarnak ikaragarri murrizten dituan
sistema jasangarri horri esker, hasierea emon jakon lan solidario bati EKI Fundazinoaren eskutik.
Alex Sierra Leonara joan zan Fundazinoak egiten dauen lana ezagutzera. Bertan, eguzki-energia darabilen sistema bat erabilten dabe eskoletan eta ospitaletan burujaubetasun energetikoa izan deienn. Hori ikusita, Txikonek proponidu eban idea hori Pakistango Diamer haraneko eskola berezi batean, Günter Mountain School izenekoan erabiltea, kultura bi batzeko asmoz. Protagonistearen esanetan, «proiektu hau ondo egindako lan bat ardatz hartuta sortu da, eta nabarmendu nahi dot pandemia betean filmetea oso-oso gatxa izan zan arren, gizakien aldeko balioen garrantzia azpimarratu nahi dot, zinez uste baitot ikusleak filman erakusten danagaz enpatizau eta aukera-ezbardintasunei buruz gogoeta
egingo dauela».
Beste alde batetik, zuzendariak filmaren zehaztapena egin dau: Istorioak bidaia proponiduten deusku, pentsarazoteko proposamena egingo deusku, hunkituko gaitu; batzen diran bideetatik egindako bidaia da, eskolak senidetzen dira, lagunak bide horri atxikitzen jakoz, kultura-trukea da nagusi, persona batzuek etxea ixten dabe zeozer aldatu daitekeela eta bestelako mundua izan daitekeela pentsetan dabelako.
Rosa García Loirek (El Drogas filmaren produkzino eragilea) idatzi eta zuzendu dau eta 601 Ikusentzuznezko Produkzinoak etxeak produzidu dau (Bull Runners of Pamplona, La Navaja de Ockham, Ainarak). Anwar filmak 80 minutuko iraupena dau, Ignacio Maquirriain eta Raúl de la Fuente ibili dira argazkilari. Miguel Hualde soinu-lanetan ibili da. Musikearen eta diseinu grafikoaren ardurea izan dabe Audio Network eta WellDone konpainiek. Natxo Leuzak egin dau editatze-lana (El Drogas filmaren zuzendaria eta
produktorea). Ignacio Galíndez pron-zuzendaritzaz arduratu da eta Juan San Martín ekoizpen exekutiboz. Filmak EKI Fundazinoaren babesari esker egin dabe.
Alex Txikon
1981eko neguan Lemoan jaiotako alpinista bizkaitarra, 30 espedizinotan baino gehiagotan ibili da eta, 14 zortzimilakoetan, 11ren tontorrera heldu da; Shishapangma birritan eskalau du. Gehienbat, Himalaiako neguko espedizinoei ekin deutse, izan be, 2011ko negutik hona, holako proiektuetan ibili dan munduko alpinista bakarra da. Sano garrantzitsua da 2016ko neguan lortutako balentria: Urte haretan, Nanga Parbateko tontorrera (8.126 m) heldu zan negu betean Ali Sadpara pakistandar eta Simone Moro italiarragaz batera. Ordutik hona, negu-saiakerak egin ditu Everesten, 2017, 2018 eta 2020 urteetan eta K2 mendian, 2019an.
Goi-mendiko kameralaria izan da RTVEko Al filo de lo imposible programan. Bizkaitarrak bere espedizinoak kontau ditu zinemaldietan ibilbide luzea izan daben dokumentalen bidez.
Komunikabideetan Alexek aurkezpenak egiten ditu eta berbaldiak emoten be ibili da.
EKI Fundazioa
2017an eratu zan, Eguzkiaren energia garbia eta agortezina elektrizidadea sortzen aprobetxetako asmoz. Munduan sendo finkatuta dagozan gobernuen zein gobernuz kanpoko erakundeen hezkuntza edo osasun proiektuak finantzietan ditue, epe luzeko proiektuen jarraipena bermatzeko asmoz. Proiektu bakotxaren energia-beharretatik abiatuta, elektrizidadea sortzeko instalazino autonomoak diseinetan ditue eta behar diran elementuak bertatik bertara horniduten ditue. Fundazinoko teknikariek gainbegiratzen dabe aurrez aurre ekipoak instalau eta martxan jarten dirala. Geroago, urrunetik, Getxotik (Bizkaia), kontroletan dabe instalazinoen funtzionamendua euren bizitza baliogarrian zehar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!