Euskal Poesia Garaikidearen kartografia egin dau Iratxe Retolazak

Bizkaie! 2023-10-02 10:07   Kulturea

Irailekoak Poesia Jaialdiaren barruan.

Lekeitioko Sociedad Recreativan, jaialdiaren lehen eguna berbaldi mamitsu bategaz estreinau da, hain zuzen, Iratxe Retolaza ikertzaile eta euskaltzain urgazleak emon dauenagaz: XXI. mendeko euskal poesiak oraingoz emon dauena aztertu dau Retolazak. XXI. mendeko hamarkada bi honeetan Euskal Herrian aurrera egin daben askotariko estetika eta ikuspegien kartografia zabal eta zehatza taiutu dau ikerlariak beti be ahaztu barik poesiaren eremua neurtezina eta mugabakoa dala. Esangura horretan, kartografian eremu emonkor honen periferiei eskaini deutse arretea Retolazak, horreek identifikau eta izentauta eta poesia sorkuntzeari orain arte eskaini ez jakon arretea emonez. Poesia argitalpenaren jarioa izan da kartografiaren lehen mugarria: Urtero 20 bat poesia liburu argitaratu izan dira Euskal Herrian (horreetatik % 20ra baino ez da heldu sarri argitaratzen daben emakumeen kopurua). Garai honetan argitalpenen lerroa zuzena izan bada be 2000.

Beste kontu bat nabarmendu dau Retolazak: Urte mugarri haretan, akaso, alkarren artean humus barri bat sortzeko ahalmena eben poetika zenbait argitaratu ziran, genealogia poetikoen eta poetika garaikideen arteko alkarrizketea biziarazo ebenak. Urte horretan barrizentapen-goseagaz lotutako ibilbideak zirriborratzen hasi ziran bai eta kode barrien bilaketeagaz zerikusia ebenak: Paradigma barri baten hasierea izan zan, Retolazaren ustez. Gorputzaren materialidadea be jaso nahi izan dau Retolazak, poesiak giza gorputzearen subjektualaz lotuta gatazkak agerrarazoteko dauen gaitasuna azpimarratuz: Bazterreko gorpuztasuna ardatz daben poetikek gorputz-zapalkuntzak arrakalatzegaz batera ahots gorpuztu ahaldunduak eta kode barrituak eregi ditue.

Poesia garaikidearen kartografia honetan, ezinbestean jaso dau afektuen biraketa-ardatza be. Afektuaren inguruko tematikak garatu izan dira gurean baina gorpuztasuneranzko jokera barriagoa nabarmendu nahi izan dau Retolazak bere hitzaldian.

Poesia eta pentsamenduaren arteko ezinbesteko hartu-emonetatik edanez, poeta askok jorratu ditue kutsu existentzialak dituen poetikak, askotan kolektibotasunetik lan eginez.

Azterketa xeheari amaierea emoteko, Retolazak diziplinarteko ekarpen eta erreferentzia askotarikoak nabarmendu ditu, gurean ohikoa izan baita azken 20 urte hauetan sormen-esparru ezberdinak elkarrekin solasean jartzea poesiaren bidez.

Hitzaldiaz gain, poeta ugarik parte hartu dute egunean zehar Lekeitioko hainbat tokietan izan diran errezitaldietan: Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien, Eric Dicharry, Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaurrek euren poemak irakurteko aukerea izan dabe, Inun musikariaren laguntzaz. Egunari amaiera emoteko, Maiter Larbururen kontzertua izan da Konpainiako eleizan.

Antònia Vicens eta Mireia Calafell

Jaialdiko bigarren eta azken eguna barriketaldi bikotxagaz zarratuko da Irailekoak, Sociedad Recreativaren egoitzan. Bertan, barriketaldi eta irakurketa interesgarriak izango dira, 11:00etatik aurrera. Lehenik, Antònia Vicens poeta eta idazlearen eta Iñigo Astiz idazlearen arteko barriketaldia izango da, tarteka Vicensen poemak irakurriko dirala (katalanez eta euskeraz). Deskantsu txiki baten ondoren, Mireia Calafell poeta katalanaren lana ezagutzeko aukerea izango dabe zaleek. Itxaro Borda idazle eta euskaltzain osoak alkarrizketatuko dau Calafell eta bere poemak irakurriko dira, katalanez eta euskeraz.

Sartzea librea eta doban izango da.

Kontuak kontu, Euskaltzaindiak atondu dau Irailekoak, Lekeitioko Udalaren babesari esker. Antolakuntza lanetan herriko hainbat eragilek hartu dabe parte, tartean, Kitto merkatarien alkartea, Sociedad Recreativa eta Lekitto Musika Bandea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu