Ane Barrenetxea: 'Asiatik bueltan kantu barriak sortzen hastea da asmoa'
2023-10-02 07:55 BarriketanSua taldeko abeslaria.
Sua musika talde bizkaitarrak eta Neomak gipuzkoarrak Japonia eta Korean emongo ditue kontzertuak urriaren 6tik 15era.
Lehenengo geltokia Hego Koreako uriburuan, Seulen, Zandari Festibalean izango da (urriaren 6an Sua taldeak, 7an Neomak-ek). Azokako showcasean emongo dabe kontzertua, Asiako programatzaile eta musika arloko langileen aurrean. Horrezaz gan, Musinsa Garage areto mitikoan Basque Night edo Euskal Gaualdia egingo dabe hilaren 7an eta han be izango dira.
Japonian leku bitan emongo ditue kontzertuak: Japoniako Fight For Rights edizinoan, Tokioko Chofu Cross aretoan. Sua eta Neomak taldeez gan, Caribbean Dandy, Johnsons Motorcar eta Ray? Oh… Needa!! taldeak izango dira zuzenean.
Euskal Herrira bueltau aurretik, Japonia erdialdeko Minakami herrian egiten daben M Festival jaialdian hartuko dabe parte egun bitan.
1.- Zorionak Japonian eta Korean kontzertuak emoteko aukerea izango dozuelako. Zelan subertau jatzuen munduko leku horreetan joteko aukerea?
Gure bulego edo management lanak egiten dituan Airaka etxeak kontaktua dauka Japonian jaialdi batzuk atontzen dituan bategaz eta Japoniara eta Korean kontzertuak emoteko aukerea proponidu euskuenean, di-da emon geuntsen baiezkoa. Antza, ezagutzen gintuen eta konexinoa naturala zala ezagutarazo euskuen. Neomak ondo ezagutzen dogun taldea da eta zuzenean be ibili izan gara, azkena Orion, itailaren 30ean.
2.- Asiako programatzaileen aurrean joteak ze eragin izan leike zuontzat?
Bai. Talde moduan upealako aukerea da guretzako. Berton jotea ederra da baina kanpoan, atzerrian jotea sekulakoa da, non eta Japonian eta Korean. Emozionauta gagoz, hango kulturea ezagutuko dogu eta leitekeana da gure musikea hango programatzaileei gustau eta hartu-emonetan egotea.
Kontuak kontu, urriaren 6tik 15era han egongo gara eta, beraz, urriaren 6a noiz etorriko zain gagoz.
3.- Zergaitik zuek eta ez beste talde batzuk?
Gu horretan ez gara sartuko, euren proposamena izan da eta gu pozik. Lehen be esan deutsut estiloaren aldetik, hango jaialdietako karteletan ondo sartzen garela emoten dau eta taldeen ibilbideak ikusita, proiekzinodun taldeak garela edo pentsetan dot.
4.- Gaztea Maketa Lehiaketea irabazi zenduen 2019. urtean eta Bilbao BBK Live jaialdian kontzertua emotea berezia izango zan zuontzat...
Bai. Ondo gogoratzen dodaz orduko emozinoak. Sekulakoa izan zan saria irabaztea eta Kobetamendin kontzertua emotea. Janire Lopezek eta biok ez genduan espero holako autortzarik. Esperientzia ederra izan zan Kobetamendin jotea, sarritan han egondakoak gara ikusle eta entzule moduan eta agertokian protagonista izatea eta hurrekoen eta lagun artean jotea sekulakoa izan zan eta, zelan ez, han joteak, burua erakusteak askoren arretea erakarten dau.
5.- Janire Lopez eta zeu hor ibili zinien eta aurrerago etorri zan Sua. Batetik besterako saltoa zelakoa izan zan?
Kostau egin jakun. Bikotea ginan eta taldeak beste zehaztasun eta berezitasun batzuk ditu, taldekideakaz batera egin behar dozu aurrera baina erraz moldatu eta pozarren gabiz orain.
6.- Gaur egun zertan dabil Sua taldea? Zenbat taldekide zarie?
Kontzertuak emon eta emon gabiz eta ahal danean, Japonian eta Korean eskainiko dogun errepertorioa lantzen.
Ganerakoan, taldekideak lau gara Ane Barrenetxea, Janire Lopez, Julen Gilbert Wright eta Esteban Gaviria.
7.- Kontzertuak emon eta emon zabizie, baita Neomak taldeagaz be. Zelan konpontzen zarie?
Ondo. Talde handia da, apartekoa. Emakumeak musikan indar handiagoa behar dogula aldarrikatzen dabe eta geu be bat gatoz jarrera horregaz, asko daukagu esateko. Oraintsu Orion talde biok emon genduzan kontzertuak eta giro polita egon zan. Bigarren kontzertu bat be emon izan dogu eta ilusionauta gagoz, kontzertuotan batutako dirua Asiako bidaian inbertiduko dogulako.
8.- Liher taldeagaz be kolaborau dozu?
Bai. Lidegaz berba egin eta berak eta taldeak proponidu eustien Hortzak kantuan abesteko eta nik ezin ezetzik esan. Aso gustau jatan kantua, kolaborazinoagaz gustora geratu nintzan eta Lideri be gustau jakon.
Biok gara ahots indartsu eta berezia dogunak eta nire tinbre edo berezitasuna nabarmenduko neuke, jenteak nire ahotsa ezagutzea gura izaten dot eta horretan nabil.
9.-Emakumeak nagusi euskal musikagintzan...
Bai eta oso positiboa da hori. Eremu alternatiboan be emakumeen presentia suspertzea sano garrantsitsua da baina musikagintzan, bertsolaritzan, kiroletan eta badakizu oraintsura arte ez dogu ikusi emakumerik txirrindularitzan, sokatiran, arraunlalaritzan, golfean, eskaladan. Enpresa munduan, ikerlari emakumeak be badagoz...
10.- Bihar-etzi zer, proiektu, disko barririk?
Asiatik bueltan kantu barriak sortzen hastea da asmoa baina astiro-astiro, presino barik lan egin gura dogu. Abenduan, Durangoko Azokarako diskoa atara genduanean, erabagi asko hartu genduzan tarte laburrean eta estres egoerak baztertu eta nasaitasuna behar dogu.
Lanketa prozesuan Janire hasten da bajuagaz, gero gitarreagaz lotzea izaten da asmoa eta, azkenik, bateria sartzen da. Oinarri musikala prest dagoanean, neuk melodia sartu eta berbak sartzen dodaz. Gitxi-asko holakoa izaten da prozesua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!