Asun Garikano Euskaltzain oso izentau dabe
2023-09-29 11:26 Euskerea berbagaiGaur egun, 24 oso, 10 emeritu, 143 urgazle eta 65 ohorezko euskaltzain dagoz Euskaltzaindian.
Euskerearen Akademiak euskaltzain barria izentau dau Nafarroako Parlamentuan egin dan Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek botazinoa egin dabe Patxi Goenaga emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea beteteko, eta Asun Garikanok lortu dau Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen dauen gehiengo osoa.
Garagarrilean amaitu zan hutsunea beteteko hautagaiak aurkezteko epea. Persona bakarra aurkeztu eben euskaltzainek garagarrilaren 21ean Akademiaren egoitzan egindako Osoko Bilkuran, Asun Garikanko hain zuzen be. Orain, zortzi hilebeteko tartea izango dau euskaltzainak sarrera-hitzaldia prestatzeko. Ondoren, harrera-ekitaldia egingo deutse.
Asun Garikano
Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962). Euskal Filologian lizenziatua. Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko liburu biren egilea da, Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile lanetan, ingelesetik euskereara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste askoren lanak. Euskeratik gaztelaniara, barriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak.
Gaur egun, Euskaltzaindiak aurton martxan jarri daben Testu-bankua proiektua gidatzen dau. Hezkuntza-komunidadeari zuzendutako egitasmo horrek curriculumaren euskal dimensinoagaz lotutako testu hautatuak eskainiko ditu, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntzea, Literaturea eta Gaurko Gizartea.
1918tik 2023ra, 99 euskaltzain oso
Gaur egun, 24 euskaltzain oso, 10 euskaltzain emeritu, 143 euskaltzain urgazle eta 65 ohorezko euskaltzain dagoz Euskaltzaindian. 99 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izentau dituanak.
Hona hemen, gaur egungo euskaltzain osoen zerrendea: Ana Toledo, Asun Garikano, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Andres Urrutia, Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Mikel Zalbide, Miriam Urkia, Jean-Baptiste Coyos, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Roberto González de Viñaspre eta Sagrario Aleman.
Horrezaz gan, hemen emerituen izenen zerrendea: Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Patxi Goenaga.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!