'Unseasonal Autumn' obrearen erabateko estreinaldia

Bizkaie! 2023-09-28 09:52   Kulturea

Nadia Hotait artistearen obrea 2024ko bagilaren 1era arte egongo da ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan.

BBVA Fundazinoak eta Bilboko Arte Ederren Museoak Unseasonal Autumn (Udagoien amaigabea) (2020-2023) erabateko estreinaldia aurkeztu dabe, Nadia Hotait artisteak egindako bideo-instalazinoa, bideo-artea sortzeko Multiverso Bekei esker egina.

Narratiba bi erabiliz, Hotaitek giza existentziaren esangureari buruzko gaiak jorratzen ditu ikuspegi ezbardinetatik; lehenengoa, Marco Tulio Zizeron filosofo, jurista eta hizlari erromatar handiaren ikuspegitik (K.a. 106-43); eta bigarrena, Frascatiko laborategi nuklearrean munduaren jatorria, materiarena, espazioarena eta denporearena ikertzen dauen zientzialari-talde batetik.

Horretarako, Erromatik 20 bat kilometrora dagoan herri horretara joan zan Hotait, Italiako Fisika Nuklearreko Institutu Nazionalaren egoitzara. Handik hur, Tusculum uri zaharreko parke arkeologikoak Zizeronen aisialdirako etxearen memoria gordeten dau, izan be, Julio Zesar boterera heldu ondoren, filosofoak erbesteratu egin behar izan eban.

Bideo-instalazinoan, gidoia Tusculum/Frascati-etik hasten da. Bertan, bilaketea existentzialari buruzko aldi bereko narrazinoak garatzen dira. Tragediarik okerrena existidu ondoren ez existidutea dala uste dot, adierazoko dau personaietako batek Hotaiten lanaren une batean. Filmaketea Italian egin zan, aktore-talde guztiz italiarragaz. Obreak geure historiako une garrantzitsu bategaz eta herederu genduzan kultura bategaz alkarrizketa bati ekiteko konbita egiten dau, autorearen esanetan.

Nadia Hotait

Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasi eban Madrilgo Unibersidade Konplutensean eta Waseda Universityn (Tokio), eta Arte Ederretako Master bategaz graduau zan Chicagoko Arte Institutuko Eskolan. Haren lanetan, bideoa, film zatien collageak eta argazkigintzea erabilten ditu historia garaikideko pasarteak irudikatzeko, gizabanakoen esperientzia azpimarratu eta lehenetsiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu