Loraldia Plazarik Plaza!
2023-09-28 08:15 KultureaZaratamo-Arrigorriagak euskerazko kultura garaikidearen proposamen barriak eskainiko ditu.
II. Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriaga ekimena Bilboko Loraldia festibalaren esperientzia beste herri batzuetara hurreratzen dauen kultur proposamena da.
Aurkezpenean parte hartu dabe: Maite Ibarrak, Arrigorriagako alkateak; Ainhoa Muerzak, Zaratamoko alkateordeak; eta Amaia Ocerinek, Loraldiko komunikazino arduradunak.
Loraldiaren helburua esperientzia horreek Euskal Herriko beste herri batzuetara hurreratzeko aukerea izatea da eta, esangura horretan, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo - Arrigorriaga 2022an jaio zan Zaratamo eta Arrigorriagako udalen ekimenari esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker. Iazko esperientziak izandako harrera bikaina ikusita aurrera egitea erabagi dabe atontzaileek.
Egitaraua
Irailaren 29an, Zaratamon eta urriaren 6tik 8ra, Arrigorriagan, herritarrek musikea, jantzak, literaturea, bertsolaritzea, antzerkian eta gastronomia izango ditue aukeran.
Euskeraz sortutako kulturearen erreferenteek eta eszenako artista barriek hartuko dabe parte, besteak beste, Igor Elortzak, Rafa Ruedak, Aukeran Dantza Konpainiak, La Basu, Olatz Salvador, Maialen Errotabehere eta Pettik hartuko dabe parte.
Maite Ibarrak, Arrigorriagako alkateak, adierazo dauenez, Altxor handia da Euskal Herriko sortzaileek egiten dabena eta ezinbestekoa da horreei guztiei gure bultzadarik handiena emotea. Guretzako ohore eta plazer bat da Arrigorriagan Loraldia ekimenaz gozau ahal izatea eta gure udalerria euskal arte eta kulturearen topaleku bilakatzea.
Ainhoa Muerzak, Zaratamoko udaleko alkate ordeak ondokoa azpimarratu nahi izan dau: Loraldia Zaratamora heltzeak euskal kulturearen uzta barritzaileenak ezagutzera emotea dakar eta gainera gure helburu estrategikoakaz alor transbersaletan bat egiteko aukerea eskaini deusku. Aurten, hor dogu Bozak kontzertua, emakume sortzaileen lana plazaratzea eta bardintasunean ekiteko adibidea.
Eta Amaia Ocerinek, Loraldiako ordezkariak azaldu dau: Loraldia Plazarik Plaza! atontzea ez da festibal bat ontzea edo kultur ekintzen programazino bat eskaintzea; Loraldiak egiten dauen ekarpena euskal kultur garaikidearen arloak ezagutarazotea da, balore batzuekaz lotuta eta egiteko modu propio baten bidez.
Sei ekitaldi bost egunetan eta herri bitan
Irailaren 29an hasiko da Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean, Bozak musika proposamen barritzaileagaz. Gure abangoardia sortzailearen lau ahots: Olatz Salvador Gipuzkoatik dator; Maialen Errotabehere lapurtarrak bluesa ekarriko deusku; Zaratamotik hur La Basu eta bere proposamen raperoa eta proposamen bikain hau osotzeko, Arrigorriagako Osterabe talde gaztea. Ezinbesteko kontzertua gure herriko musika sorkuntza barriez gozetako.
Urriaren 6tik 8ra bitartean, ekitaldiak Arrigorriagan
Urriaren 6an ekitaldi bi izango dira Arrigorriagan:
Aukeran Dantza Konpainiak, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, Aiurri ikuskizuna aurkeztuko dau, Xabi Aburruzagaren musikea dauen koreografia ederra.
Ondoren, jaialdia Lonbo Aretora joango da eta bertan Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan aurkeztuko deuskue, antzerkia, musikea eta arte bisuala buztartzen dituan Loraldiaren produkzinoa, Eulalia Abaitua lehen euskal argazkilariaren irudia gogoratzeko. Artista emonkorra, gaur egun gure ikusizko memorian ardatz eta nor garen ulertzen laguntzen deuskuna.
Eszenan, barriz, Lide Hernando eta Maria Urcelay, Alphaxen ikusizko sorkuntzakaz eta Getari Etxegarairen zuzendaritzea.
Urriaren 7an, eta Lonbo Aretoan, Igor Elortza bertsolariak eta Rafa Ruedak Anonyme Popular aurkeztuko dabe, Igor Elortzaren proposamen barritzailea, rap, trap, pop, funky, munduko erritmoetan sartuko gaituana.
Urriak 8
Frankenstein agurgarria ikuskizuna eskainiko dabe Pettik eta Ana Galarragak. Errezitaldi eta performance musikala da, zientzia eta musikea buztartzen dituena. Ana Galarraga zientzialari eta dibulgatzaileak, Petti musikari nafarragaz batera, zientziaren muga etiko eta feministatik eroango gaitue.
Beste alde batetik, Txin-txin txakolin eta gaztaia probetako aukerea, Mikel Garaizabalen eskutik, Euskal Herriko sommelier onenetakoa: Txakolina eta gaztai bi probauko ditugu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!