Gero eta eleanitzagoa dan Europan euskerearen ofizialtasuna eskatu dabe

Bizkaie! 2023-09-26 12:57   Euskerea berbagai

Norbanako eta herri modura gure nortasunaren ezinbesteko zutabea da euskerea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Azkueren hiztegia itxi dau Bruselako Europako Historiaren museoan Europako Parlamentuak antolatu duen ekitaldian

Zupiria sailburua harro agertu da: Europako erakundeetan euskereak leku bat izango dau, euskal hiztegi bat hemen jaso eta erakutsiko delako. Europaren bihotzean, eta mundura zabalik.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak Europako Hizkuntza gitxituei eta hiztun komunidade horreei autortza egiteko ekitaldi baten parte hartu dau gaur Bruselan, konbidadu berezi eta hizlari modura, Europako Parlamentuak atonduta. Europako Historiaren Etxean izan da, eta Europako Parlamentuko Gutxiengoen Talde-artekoak bultzatu dau, Hizkuntzen Europako Egunaren harian. Hizkuntza gitxitu batzuetako ordezkariek parte hartu dabe. Ekitaldiaren muina izan da, hizkuntza gitxituen hiztegiak Europako Historiaren Etxean (museoan) entregetea, bertan erakusgai egon daitezan.

Zupiria sailburuak Resurrección María de Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés / Dictionnaire basque-espagnol-français eroan dau Bruselara. Lekeitioko hizkuntzalari eta eleizgizonak 1905. urtean kaleratu eban hiztegia. Zupiria sailburuak azaldu dauenez, obra hori Europako Historiaren Etxean ixteak euskerearen bizibarritzeagaz eta Europa eleanitzaren alde egin nahi dauen aldarriagaz bat egiten dau. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esker ona adierazoteaz gan, harro eta hunkituta agertu da Europako erakundeetan euskereak leku bat izango dauelako, euskal hiztegi bat hemen jaso eta erakutsiko dalako, Europaren bihotzean, eta mundura zabalik.

Sailburuak hitzaldia emon dau Europako Historiaren Etxean eta bertan euskerea munduko hizkuntza handi eta hegemonikoakaz batera, bizi eta irauten jakin dauen hizkuntzea dala eta garaian garaiko behar eta moldeetara egokitzen jakin dauen hizkuntza komunidadea garela azpimarratu dau. Euskerearen normalizazinoaren bidean lan egiten daben gizarte talde, erakunde publiko eta herritar orok hizkuntzen arteko bizikidetza adostasuna bilatzen dabela gaineratu dau.

Euskerearen bizibarritzea eta ofizialtasuna

Bingen Zupiria sailburuak euskerearen bizibarritzean egin dan lana eta euskereak XX. mendetik aurrera izandako bilakaera positibo eta bizkorra gogorarazo dau Bruselan. Azken lau hamarkadetan bikoiztu egin da EAEko euskaldunen kopurua eta ehunekoa, 450.000tik 940.000ra (biztanleen %21 etik 1981ean, %4 3ra gaur egun). 80ko hamarkadan gehienbat edadekoak ziran euskaldunak eta euskaldun gehienek etxean jaso eben euskerea. Gaur egun, euskerea hizkuntza gaztea da; gazteek badakie euskera gehien eta erdiek nagusiki eskolan ikasten dabe hizkuntzea. Bilakaera horren harian, gizarteak euskerea sustatzearen alde izan dauen jarrera baikorra, hezkuntza sistemeak egin dauen lana eta helduen euskalduntzea dagozala azaldu dau Zupiriak. XX. mendean euskerea bizibarritzeko mugarri nagusienak be azpimarratu ditu sailburuak, besteak beste, helduen euskalduntzea eta alfabetizetea, euskal kulturgintzearen loraldia eta euskerazko hedabide nahiz ikus-entzunezko edukien sorrerea edo garapena eta herritarren hizkuntza eskubideak eta herri-aginteen betebeharrak arautu zituan 1982ko Euskerearen Legea.

Bruselan egindako agerraldian hunkituta agertu da Zupiria: Euskerea norbanako eta herri bezela, izan eta ekiteko modu berezitua” dala azpimarratu dau. Gure arbasoek, mendez-mende ekarri dabe euskerea guganaino; eta gu, modu berean, hurrengo belaunaldiei transmitiduteko katebegiak garela sentiduten dogu. Norbanako eta herri modura gure nortasunaren ezinbesteko zutabea da euskera. Ardura, begirune eta konpromiso horregaz bizi dogu euskerea.

Euskerea alkarbizitzarako eta gizarte integratzaileago, inklusiboago eta kohesionatuagoa eregiteko tresna bezela be aldarrikatu dau Sailburuak: Euskereaa ez baita etxetik jaso dugunon hizkuntza bakarrik, gure gizartea osotzen dogun danontzako dagoan hizkuntzea da, denok batzen gaituena eta giza-talde bereko kide egiten gaituena. Euskerea komunidade sozio-kultural eta ekonomiko berezitua eregiteko elementua be badala azpimarratu dau, Euskadiri eredu propioa izaten laguntzen deutson ardatz nagusiena: XXI. mende globalizatu eta postmoderno honetan, gure lur eremuan eta ingurune digitalean ditugu hartu-emonak, mundu osoko hiztunak hurreratu dira gure lurretara eta mundu osora zabaltzen dira gure hartu-emon sozio-politiko zein ekonomikoak be. Gure konpromiso sozio-politikoak mundura zabalik dagoz. Munduko aniztasunera zabalik eta aniztasunaren errespetuan eta ekidadean oinarritzen dan alkarbizitzea da gure jomugea.

Esangura horretan, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak amesa euskera Europan be hizkuntza ofiziala izatea dala aldarrikatu dau: Europak berezkoa dauen aniztasunaren parte gara. Aniztasun horren adibide, eredu eta erakusle gara. Europar eta Europazale sutsuak gara eta gure hizkuntzea Europako beste hizkuntzen parera ekarri nahi geunke. Horregaz batera hizkuntza aniztasunaren aldeko aldarria be egin dau Zupiriak mundu gero eta globalizatuago batek hizkuntzetan dituanuen eraginak sortzen deutson ardurea azaltzeagaz batera: Mundu globalizatu honetan bizirik dagozan 7.000 hizkuntzen erdia arriskuan edo galzorian dagozala dinoe hizkuntzalariek. Hiztun kopuru txikia eta errealidade sozio-ekonomiko txikiena daben hizkuntzak desagertzera kondenauta dagoz. Europako hizkuntzea nahiz kultur aniztasuna be gero eta homogeneoagoa izateko arriskua be badago. Europako herrialde askotan, nazinoarteko hartu-emonetarako erabilten dogun ingelesa lekua hartzen dago gure hartu-emon eta lan hizkuntza modura be. Komunikazinoa errazten deusku eta zubiak eregiten lagundu baina errealidade hori aniztasuna babestu eta jagoteagaz bateragarri egitea da gure belaunaldiaren erronkea eta ardurea. Hiztun asko dituen hizkuntza handiena, zein hiztun gitxidun txikiona.

Europako Historiaren Etxean Zupiria sailburuak adierazo dauenez, euskerearen alde egindako ibilbide historikoak erakutsi dau aniztasunean aurrera egitea dala etorkizuneko erronkei aurre egiteko biderik eraginkorrena eta, aldarrikatu dauenez, hizkuntzen arteko bizikidetzan eta gitxiagotasun egoeren jagoletzan Europa kultur eta eleanitzaren alde egitea aniztasuna onartu eta kudeatzea da. Nortasun propio bakotxa balioan jarri eta polikromia balio positibo modura erakustea. Europa kultur eta eleanitza gure nortasuna eregi eta indartzeko eremu ezin hobeagoa da Euskadiren begietara eta horren aldeko politikak bultzatuko ditugu instituzino eta gizarte eragileakaz lankidetzan, hizkuntza komunidade txiki zein handiakaz. Europa demokratiko, jasangarri eta oparoagoa eregi daigun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu