1,68 miloe euro bideratuko ditue UPV/EHUko HiTZ ZENTROra hizkuntza teknologian ikertzeko
2023-09-25 13:32 Euskerea berbagaiBaita ingurune digitalean euskerearen presentzia indartzeko be.
HiTZ zentroak CLARIAH-EUS sarea sortu dau, Europako CLARIN eta DARIAH azpiegitura zientifikoetan erkatuta. 137 ikertzailek eta euskerea ikertzen dabizen 11 ikerketa-talde edo erakundek babesten dabe, Humanidade, Arte eta Zientzia Sozialetan ikerketea sustatzeko eta datu eta tresna digitalen erabilerea alkarregaz konpartiduteko.
Egungo eta etorkizuneko teknologiek testu eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen ditue hizkuntza bakotxeko. Aldiz, euskereak eta hizkuntza txikiagoek eskaini leikiezan datuak ez dira nahikoak gaur egun teknologia horreek behar aina kalidade izateko. Horregaitik, ezinbestekoa da hizkuntza teknologian ikertzea euskereak gero eta ohikoagoak izango diran teknologietan presentzia izateko eta beste hizkuntzen parera eroateko.
Kontuak kontu, Eusko Jaurlaritzeak HiTZ ZENTROAri bideratutako dirulaguntzearen bitartez proiektu bi landuko dira: IKER-GAITU hizkuntza teknologiak ikertu teknika barriak lortzeko (1,5 miloe euro) eta bestetik, CLARIAH-EUS sarea osotu eta sendotu (180.000 euro).
IKER-GAITUren helburuak
- Euskerearen gaitasun mailea, idatzizkoa eta ahozkoa, era automatikoan antzemongo dauen sistema.
- Ahots personalizatuen teknologia ezintasuna daben pertsonakana heltzea.
- Ahots espontaneoaren transkripzinoa, euskerea eta gaztelaniaz nahasten diranean eta hainbat hiztun dagozanean be jardungo dana.
- Testuzko alkarrizketa-sistema ahaltsuenak (egungo chatGPT edo GPT4 lakoak) euskeraz be beste hizkuntzen parean jardutea.
Bestalde, bigarren proiektuari jagokonez, CLARIAH-EUS izeneko sarearen laguntzea izango dabe. CLARIAH-EUS 137 ikertzailek eta euskerea ikertzen dabizen 11 ikerketa-talde edo erakundek babestutako sarea jaio da, personen, datuen, baliabideen eta tresnen sarea, hain zuzen be. Honek hainbat diziplinatako jentea batzen dau (Humanidadeak, Artea eta Zientzia Sozialak, besteak beste) eta horrek sinergia gehiago sortzea ekarriko ditu materialak, edukiak eta ezagutzak konpartiduteko. Lau ikertzailek proiektua koordinauko dabe eta horrezaz gan, sarea edukiz hornidu, erabiltzaileen arteko lankidetzea sustatu zein ikertzaileen eskaerak bideratuko ditue. CLARIAH-EUS Europako sare handirako leiho bat da, Europako CLARIN-ERIC eta DARIAH-ERIC azpiegitura zientifikoen parte izan eta honek aukerea emongo deutse ikertzaileei Europako azpiegitura horreetan dagozan baliabide eta tresna guztiak eskuratzeko, honako helburu honeek jarraituz:
- Euskerea eta euskeraz ikertzeko baliabide digital eta aurreratuen inbentario eguneratuari eustea.
- Humanidade Digitaletan eta Zientzia Sozialetan ikertuko dauen komunidadearen proiektuak sustatuko ditu eta zabalkunderako plaza garrantzitsua izango da.
- Europako CLARIN eta DARIAH azpiegituretan parte hartzeko bidea urratuko dau, baita horreetan garatutako tresnak eta baliabideak erabili eta gure komunidadean erabilienak diranak euskerara egokitzeko lana egingo dau.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azaldu dauenez, eremu digitalean hizkuntza hegemonikoak dira jaun eta jaube, batez be ingelesa. Beharrezkoa da euskereak be lekua izatea eta hizkuntza horreekazko distantzia murrizten joatea. Gure eguneroko jardunean gero eta presentzia handiagoa dauen digitalizazino horretan gure hizkuntzeak be bere tokia behar dau, bestela beste batzuek hartuko dabe espazio hori. Horretarako, ezinbestekotzat jo dau hizkuntza teknologia lantzea: Eredu izan nahi dogu, trakzino lana egin nahi dogu hizkuntza teknologiaren eremuan. Euskereak kalidadeko hizkuntza teknologia jorratzeko behar dituan tresna eta baliabideak sortu eta interesa dabenen eskura jarri nahi ditugu. Sektorearen garapena be bultzatu nahi dogu lehiakortasuna eta kalidadezko enplegua sustatuz. Hau dana UPV/EHUko HiTZ ZENTROAri egiten deutsagun eskariaren muinean dago.
Euskal Herriko Unibersidadeko errektore Eva Ferreirak adierazo dauenez, euskerearen garapen zientifiko eta intelektuala ezin da ulertu Euskal Herriko Unibersidadearen oinarrizko ekarpenik barik. Eta holan onartzen dau Eusko Jaurlaritzeak. Bada azpimarratu nahi dot akordio hau sinatzeak dakarren lankidetza esparru zehatza. Benetako iraultza teknologikoa bizi dogu eta, azken batean, iraultza hori intelektuala eta soziala be bada. Errealidade materialari errealidade birtuala gehitzen jako. Gaur egun daborduko ez dago bizirik iraungo dauen giza errealidaderik mundu digitalean korrespondentzia egokirik ez badau. Eta ondorioa begi-bistakoa da: euskereak hor egon behar dau. Eta indartsu egon behar dau gainera, baliabide egokiakaz. Aurrera eroando ditugun proiektuek presentzia hori indartuko dabe.
Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendariak ikerkuntzearen beharra azpimarratu dau: Egungo teknologiak hiztun askoko hizkuntzatan oso ondo lan egiten dau, baina hiztun gitxiagokoetan kalidade eskasagoa dau. Adibidez, gure zentroan egindako ikerketa batek erakutsi dau egungo testu maseagaz ezin dirala alkarrizketa-sistemen motor diran hizkuntza-eredu ahaltsuenak euskerarako entrenau eta ahotsagaz be beste hainbeste jazxoten da; horren aurrean, alkarrizketa-sistema eta ahotsagaz lan egiten dituen ereduak eregiteko metodo barrietan ikertzen gabiz eta horren osogarri bezela testu eta ahozko datu-masak batzen. Ikerkuntza zentro publikoa garen neurrian, eregiten ditugun eredu eta algoritmo guztiak inguruko zentro teknologiko eta enpresakaz era librean konpartiduko dira, emondako aurrerapausoak lehenbailehen heldu daitezan gizartera. Alkarlanaren beharra be nabarmenduko beuke, izan be, euskal gizarteak euskerazko hizkuntza teknologia propioa eta kalidadekoa nahi badau, testu eta ahotsen datu-batuketa masiboari ekin behar jako eta erakunde publiko eta pribatuen ezkuzabaltasuna gako izango da horretan, euskerearen onurarako.
Gaur HiTZ ZENTROA kokatuta dagoan Informatika Fakultadea bisitau dabe zentroko 70 ikerlariak gertutik ezagutzeko eta bertan dagozan materialak ikusteko. Bisitan, Hizkuntza Politika sailburuorde Miren Dobaran izan da. Jaurlaritzeak emondako dirulaguntzea 2023-2025 epealdirako izango da eta bitartean, batzorde bat eratuko da zehetasun eta emoitzak barrikusi eta baloretako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!