Irati Iciar izango da Topaguneko lehendakari barria
2023-09-25 08:54 Euskerea berbagaiFase barri bati hasierea emongo deutsola iragarri dau Euskera Alkarteen Federazinoak.
Irati Iciar da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari barria. Azken 4 urtetan Euskera Alkarteen Federazinoan lemazain ibilitako Kike Amonarrizek Irati Iciarri pasa deutso lekukoa Topagunearen gidaritzan, Ermuan egindako Batzar Orokorrean iragarri dabe erreleboa.
Egindako lanaz harro agertu da Kike, pandemiak baldintzautako lau urte gogor kudeau beharra egokitu jat Topagunean, eta esango neuke modu egokian aurre egin deutsagula egoera horri. Aldi berean, Topagunearen lehendakaritzearen lekukoa persona aproposari emoten deutsola adierazo dau, itxaropen guztia dot Iratirengan. Iruditzen jat lehendakari itzela izango dala. Persona gaztea da, gasteiztarra, emakume ikuspegia ekarriko dau. Ekarpen oso inportantea izango da EuskaltzaleenTopagunerako.
Irati Iciar ez da barria zeregin horretan, lehendik be Topaguneko zuzendari batzordeko kide baitzan. Gasteizko GEU alkarteko lehendakaria izaki, ibilbide luzea dau Irati Iciar-ek euskalgintzan. GEU-ko koordinatzailea da Iciar gaur egun eta Kikeren ordezkapena ilusino eta gogoz hartuko dauela adierazo dau: autortu behar do bertigo apur bat dodala, baina batez be itxaropena eta lan egiteko gogo handia, gainera, oso babestua sentiduten naz. Topagunera nator, ibilbide luzea eta eragin handiko erakunde batera, gainera lantalde sendo baten laguntasunagaz, beraz, ez nago bakarrik.
Ez da hori izan Batzar Orokorrean iragarri daben nobedade bakarra, izan be, Topaguneak aro barri bati ekingo deutsola iragarri dau. Euskerea bidegurutzean dagoala jakinda, aldi barri horrek erabilpenean salto bat emotea dau helburu eta Batzar Orokorrean azaldu dauanez, Euskal Herri osorako baliogarria izango dan proposamen integrala jorratzen dabiz. Kikeren esanetan, bultzada barri bat behar dau hizkuntzearen bizibarritze prozesuak, eta bultzada horren emoitzeak izan behar dau erabileran salto bat egitea eta Irati bat dator Kikeren berbakaz: Gizartean erabileraren aldeko eraldaketea emon daiten, euskalgintzearen barruan zein kanpoan dagozan eragile eta sektore guztiei zabaldu nahi deutsegu proposamen hau.
Proposamen horrek 14 kideko talde batek martxan jarritako Batera Jauzi dinamikea izango dau oinarri eta zemendiaren 18an Topaguneak Arrasaten egingo dauen 3. kongresuan aurkeztuko da. Hain justu, Batzar Orokorrean ikusi dau argia 7 hilabetean zehar eta sektore askotako eragilekaz alkarlanean landutako Batera Jauzi dinamikearen erispenak. Euskaltzaleen Topaguneako ordezkariek adierazo dabenez, deliberazino tarte bat edegiko da orain kongresura bitarteko denporan, erakundearen hurrengo hamarkadatako lan-arlo eta estrategiak definiduteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!