Arratiako 9 enpresa gehiagok sinatu dabe hitzarmena eusGara-gaz
2023-09-22 13:58 Euskerea berbagaiEremu sozioekonomikoan euskerea sustatzeko 29 kideko komunidadea osotu da.
Ondoko enpresek egin dabe bat aurten eusGara proiektuagaz: Piedade Ondo, Arratia Egoitza, Jandoniz, Cementos Lemona, Alinar die casting, Arbisa, Wolco, Alfe Cutting eta Ekin eraiketak. Arratiako zaintza sektore osoa batzen dauen arlo barria zabaldu dau eusGarak, edadeko hiru egoitzetan jagoletzeqa euskeraz emon daiten pausuak emoten joateko.
Igaz eusGara-ren bidez ekin jakon proiektu barriari. Gorbeialde alkarteak kudeatuko dau, Arratiako eta Hego Nerbioiko landa garapeneko establezimenduetan euskera gehiago erabilteko.
Arratian gero eta enpresa gehiago dagoz euskara gehiago erabiltzeko prest. eusGara zerbitzuak hitzarmen ekitaldia egin du gaur goizean Zeanuriko Zulaibar campusean, eta 9 enpresa berrik konpromisoa hartu dute euskara gehiago erabiltzen hasteko, eta horiek kontuan hartuta, gaur gaurkoz 29 enpresek osatzen dute eusGara komunitatea. Horiek guztiek eskura izango dituzte euren enpresetan hizkuntza kudeaketa egokia egiteko eusGarak eskaintzen dizkien doako tresnak: itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru-laguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak.
Errota Fundazinoak kudeatzen dauen zerbitzua da eusGara eta gaur goizean egin dabe sinadura ekitaldia Zeanurin. Bertan egon dira komunidadeko kide diran 29 enpresetatik 16. Zerbitzua diruz laguntzen dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak eta sinadura ekitaldian izan dira proiektuaren bultzatzaile diran erakundeetako ordezkari nagusiak: Iratxe Goikoetxea Errota fundazioko koordinatzailea; Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusia.
Sortu zanetik sei urteko bidea egin dau eusGara zerbitzuak eta Iratxe Goikoetxeak prozesu horretan izandako bilakaerea nabarmendu dau: Urte honeetan guztietan lantegietan euskera gehiago erabilteko oinarriak jarri ditugu. Hainbat enpresetan euskerearen presentzia handitu dala esan dau, bai barrura begira, zein kanpora begira be: Hainbat webgune itzultzen lagundu dogu, hizkuntza eremuak euskaldundu, bezeroakaz euskerazberba egin ahal izateko neurriak ezarri, hizkuntza erispideak zehaztu, dirulaguntzak jasoteko aholkularitzea emon deutsegu. Eta hori egin dogu euskera plan bat jorratzeko gaitasuna daben enpresetan, zein ahalmen hori ez dabenetan. Hain zuzen eusGara-ren izakera hori aldarrikatu dau, neurri eta izakera ezbardineko enpresetara egokitzen baita zerbitzua.
Beste alde batetik, Miren Dobaranek eusGaratik sortutako proiektu barrien inguruan egin dau berba: Euskerea eremu sozioekonomiko pribatuan sustatzeko planari erantzun deutson lehen programa estrategikoa izan zana doa gero eta gorputz handiagoa hartzen. Enpresetan eragiteaz gan, Lanbide Heziketa eta enpresen arteko loturak jorratzen gabiz. Eta aurten salto egin dogu edadekoen jagoletza esparrura eta landa eremuko langintzara. Arratia bailarea oso euskalduna da eta eremu barri honeetan ezinbestekoa da euskereak be lekua izaten jarraitzea. Integrazio aukera handi bat eskainiko deutsegu jagoletza esparruan lanean dabizen herritarrei eta landa eremuan sortzen dana aberastuko dogu hizkuntzearen elementua be gehituta.
Isaac Amezagak, proiektuaren parte diran eragile guztien lana eta inplikazinoa balioan jarri ditu eta oraindino proiektura atxiki ez diranak animau ditu. Holan, foru instituzinoarentzat eremu sozioekonomikoa euskalduntzeak dauen garrantzia azpimarratu dau zuzendariak eta euskerearen erabilerea sustatzeko ahalegina egitea ezinbesteko barrikuntza dala nabarmendu dau: Hizkuntza kudeaketa egokia egitea be barrikuntzea da, gizarte eta enpresa bezela agertzen jakuzan erronkei erantzuteko beharrezkoa dan barrikuntzea.
eusGara zerbitzuaren hitzarmen ekitaldiaren amaieran bertan batutako enpresei erronka jarri deutse Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskerea sustatzeko zuzendariak: Gaitu kanpaineagaz bat eginez euskerazko grabazinoak egitea. Makinek euskeraz funtzionauko badabe, lehenengo hizkuntzea erakutsi behar jake eta horretarako milaka ahots eta grabazino ordu behar dira. Horretarako kanpaina bat jarri dogu martxan Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskerearen Erakunde Publikoak: Common Voice proiekturako euskerazko ahots-corpusa sortzen laguntzea eta horretarako www.gaitu.eus webgunea sortu dabe bertan euskerazko esaldiak grabetako aukerea emonez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!