Iñigo Etxarri: 'Liher proiektutik ez da inor bizi, beraz, heldu da deskantsetako unea'

Andoni Mugica Lopez 2023-09-25 07:50   Barriketan

Iñigo Etxarri Sistiaga (Pasai Donibane, 1989) Liher taldeko gitarristea.

Liher 2015ean Donostian sortutako rock musika taldea da, 4 parteidek osatzen dabe: Lide Hernando Muñoz (ahotsea eta gitarrea), Iñigo Etxarri Sistiaga (gitarrea eta koruak), Joshka Natke Míguez (baxua eta koruak) eta Ander Berzosa Etxeberria (bateria).

8 urteko ibilbidean, 5 lan argitaratu ditue; Arrazoi gutxi, denbora asko (Autoprodukzinoa, 2015), Hauts (Autoprodukzinoa, 2016), Tenpluak erre (Autoprodukzinoa, 2018), Hemen herensugeak daude (Liher Records, 2020) eta Eta hutsa zen helmuga (Liher Records, 2021). Taldearen diskografian, rock musikearen adar ugari buztartu ditue, estilo eta soinu geroz eta pertsonalagoak garatuz.

Joan zan astean etenaldi luzea iragarri eben, jarraitzaileak ustekabean hartuz. Beraz, Eta hutsa zen helmuga biraren ameieragaz atsaden luze bat hartuko dabe. Horren arrazoia jakiteko eta taldearen ibilbidea nabarmentzeko, Bizkaie! Iñigo Etxarri Liher taldeko gitarristeagaz egon da.

1.- Urte amaierara arte, kontzertu ugari dagoz programauta, zein da agendea? Aurreikusten dozue kontzertu gehiago emotea?

Pasa dan astean iragarri genduan orain arte hartu ez dogun atsedenaldi bat. Gure asmoa udagoienean zehar Euskal Herriko uriburuak ez diran herrietan jotea da (Gernika, Zumaia, Amurrio, Azpeitia) eta 2024an hegoaldeko hiru uriburutan: Bilbo, Gasteiz eta Donostia. Horreezaz gan, Alemania eta Austriatik egingo dogu bira txiki bat, baita Madril eta Bartzelona bisitau be. Ez dogu aurreikusten kontzertu gehiagorik.

2.- Urtarrilaren 26an Gasteizko Jimmy Jazzen, zezeilaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian eta martiaren 2an Donostian. Horreek izango dira azkenengo kontzertuak, badozue sorpresarik?

Ez dago sorpresarik, iragarri dogun bezela Eta hutsa zen helmuga diskoagaz izango da birearen amaierea. Geuretzako hiru data horreek oso garrantzitsuak izango dira, beraz espero dogu ahalik eta jente gehien gerturatzea bireari eta proiektuari tarte batez agur esatera.

3.- 2024ko martian etenaldi luze bat iragarri dozue, zein da horren arrazoia? Etorkizunerako, erronka personalik bai?

Arrazoia ez da bakarra. 8 urte daroagauz geratu barik, EP bi, 4 disko, bira ugari, ehundaka kontzertu, bideoklip asko… Film labur bat be egin genduan! Azken finean ezinezkoa da euskal musikatik bizitea musikaria bazara eta Liher proiektutik ez da inor bizi, beraz, heldu da deskantsetako momentua. Etorkizunera begira taldekide batzuk badogu beste proiektu bat, esaterako, Bele.

4.- Etanaldia, beraz, Eta Hutsa zen helmuga bira amaieragaz batera izango da, birearen azken txanpan... Zelan doa orain arte eta zer espero dozue orain etenaldia iragarrita?

Uste dogu etenaldi hau ez ebalainork espero taldetik kanpo, baina era berean naturala dan egoerea izan da. Ezin da hainbeste urtetako erritmo honi eutsi bakotxak bere lana dauenean. Mirari bat da rock-a egiteko 5 persona batzea eta urteetan zehar proiektuak bizirik irautea. Orain, espero doguna da tarte batez jenteagaz azken kontzertu honeek konpartidu eta ahal dan neurrian jenteak Lihergaz gozetea ez baitakigu zenbatekoa izango dan pausa/eten hau.

5.- Zortzi urteko ibilibidea eta hor zabizie zuen gorabeherak eregiten, zeintzuk izan dira momentu gogoratuenak?

Asko izan dira, esaterako, lehen kotzertua Donostiako Ez dok amaitu festibalean, edota Xixóngo Tsunami festibalean milaka personen aurrean… baina baita be Dusseldorfen behin joten gengozala, aretoko atzekaldean bikote heldu bat tangoa jantzan hasi zanekoa… ez dakit, Liher azkenean ibilgailu bat izan da leku eta egoera ezbardinetara eroan gaituana, askotan baita pentsetan ez genduan lekuetara be. Asko dira bizitako momentuak eta danegaz geratuko nintzateke, onakaz eta txarrakaz, bietan be asko ikasten baita.

6.- 2023ko Azkena Rock jaialdian jo zenduen, zelakoa izan da esperientzia? Zelakoa da makro jaialdi bat barrutik?

Ba laburra egia esan. Oso ondo tratau gintuen, baina kontzertuak 45 minutuko iraupena izan eban, beraz, korrika eta orduari begira egon ginan. Aurten IruñaRock edo Gazte Topagunean be jo dogu eta antzekoa izan da. Oso gustuko dogu, baina gehiago gara aretoetan jotekoak, jentea gertu sentidutea nahiago dogu.

7.- Durangoko Azokan maxi-singlea aurkeztuko dozue, ERamaten eta Hortzak kantuakaz, zer esan zeinkie honi buruz?

Versus EP izenekoa da, kantu biren kontrasteari erreferentzia eginez. Ez genduan geure burua beste disko luze bat sortu, produzidu, grabau eta aurkezpen bira bat egiteko moduan, azkenean urte biko ziklo bat dalako. Gaur egun gainera singleek hobeto funtzionetan dabe, nahiz eta guk nahiago ditugun disko osoak. Beraz, arrazoi bi horreek izan dira EP edo maxisingle formatua hautatzeko arrazoiak. Binilo zaleak be bagara eta fisikoan inoiz kaleratu ez dogun formatua da 7 hatz betekoa, gainera bira amaiera horren souvenir lez funzionau leike azken kontzertuetara datozenentzat.

8.- Zelan ikusten dozue Euskal musikearen egoerea? Zeintzuk dira gaur egungo jokerak?

Egoera oso aberatsa iruditzen zait, estilo barri eta ez hain barriagaz, esaterako, Bayou La Batre, STR, Dena, Mice, Syrup Hop, Ødei, eta Nhil. Estilo ugari buztartzen da eta  gauzak fundamentuz ari dira egiten, mainstream eta  mainstreametik kanpo. Aldiz, egoera, bada betikoa ez? Musikariak musikatik bizi nahi badu, korporazinoak markautako zenbait molde bete behar ditu eta molde horietatik kanpo dagoenak bide oso zaila dauka, oso kaskagogorra behar dau izan aurrera jarraitzeko. Existiduten da underground zirkuitu bat, baina esango nuke asko aldatu dala pandemiatik hona zutik eta funzionamenduan jarraitzen daben gaztetxeetara joateko ohitura. Izan be, gaztetxeak dira, eta izan dira, herri honen kultur eta sormen libreak, arnasguneak alegia, eta zoritxarrez iruditzen zait galtzen ari garen guneak dirala, besteak beste, eregintzaren negozioaren mesedetan suntsitzen dituztelako.

Dana etxekotu egin da, indibidualizau, prekariedadeak bultzautako lowcostaren kulturea nagusitu egin da, lokal baten, taldean alkartu eta alkarregaz gauza barriak sortu beharrean. Horretarako lokala behar da, materiala... eta hori, bakarka egitea, ezinezkoa da. Horrezaz gan, botereari inoiz ez zaio izaki kritikorik leporatu, bakotxak atera deiala kontuak.

9.- Emakume abeslariak ugaldu egin zarie azken urteotan eta hori sano aberasgarria da euskal musikagintzan…

Agian beti egon dira ez? Baina itzalpera kondenauak izan dira… ez dakit. Geroz eta gehiago dira, gero eta erreferente gehiago dagoz, gehiago behar diralako. Eta gainera eredu guztietako erreferenteak behar doguz, are aberatsagoa izango dalako horrela. Jendea animatzen da gauzak egitera, nolabait bere baitan dauan zerbait ikusten dauelako gitarjole, abeslari edo argi teknikari horretan, Nik hori egin nahi dot eta egin dezakedala uste dot…. Eszenario parekide bat lortuko dogu soinu mahaian emakume bat ikusi eta harritzen ez gaitunean. Bide onean goiaz baina asko dago egiteko.

10.- Bukatzeko, Liheren jarraitzaileentzat mezu berezirik?

Etor daitezela gero arte esatera, guk bihotzez eskertuko dogulako. Uste dogu ibilbide dexentekoa egin dogula ahal izan dogun heinean eta ziklo honi merezi dauen agurra emongo diogulako. Kontzertu bereziak izango dira, ohikoak baino luzeagoak eta egindako ibilbidea errepasatuz, beraz sarrerak liherband.com atarian dagoz eta aukerarik ez galtzeko esango nieke!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu