'Zure Begi Horiek': Bulego taldearen disko barriaren aurrerapena

Bizkaie! 2023-09-22 10:13   Musikea

Taldeak abesti intimistea dakar, hurrengo diskoaren unibersoan sartuko gaituana.

Hiru urte eskasean Bulegok euskal agertokietan musika-proposamen sendoenetako bat izatea lortu dau, belaunaldien arteko pop estilo sutsuari esker. Taldeak estilo aldaketea izan dau Tom Lizarazu abeslari zein konpositorea aita izan ostean. Eraldaketa honetan begirada intimoa eskaintzen deusku eta proiektu berezi honi bizia emoten deutson inspirazino iturri agortezina dan umeak hartzen dau protagonismoa.

Etapa barri honi hasierea ematen deutso Zure Begi Horiek abestiak. Eremu personal eta intimistagoan sartzen dira: Abesti hau sormen-blokeo betean jaio zan, une horretan dana baltz ikusten neban (...) nire alaba jaiobarriaren irribarrea ikusteak errealidade dosi bat eskaini eustan, gauzak argi barri bategaz ikusarazo eustazan", autortu dau Lizarazuk.

Barbara Fernandezek zuzendutako bideoklip eder batek lagunduko dau abestia. Eñaut Gaztañagak (Grises, Ezpalak...) grabau eta nahastau dau. Taldeko abeslariagaz batera koproduzidu dau diskoa. Masterizazinoa Metropolis estudio britainiar ospetsuetan egin da (Dua Lipa, Lana Del Rey, U2, Blur...).

Zure Begi Horiek Aldatu Aurretik disko barriko lehen aurrerapena da, diskoa osorik abenduaren 4an Panda Artist agentziaren zigilupean kaleratuko da.

Gure herrialdetik kanpo publikoa erakarteko prest datoz Bulego taldeko kideak. Kolaborazino nabarmenak izan ditue, besteak beste, EDE artista madrildarra eta Ginestà talde katalana. Gainera, Zea Mays taldeko Aiora Renteriaren ahots erakargarriak eta Oreka TX taldearen txalaparta bereizgarriak gehitu ditue.

Udako birea urrian amaituko dabe, ahaztezinak izango diran lau kontzertuetan: Madril (urriaren 11n, Sala Vesta), Bartzelona (urriaren 14an, Sala Sidecar) eta hitzordu bikotxagaz Bilboko Kafe Antzokian, urriaren 19an eta 20an, azken horretarako sarrerak agortuta dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu