Eusko Jaurlaritzeak eta Donostiako Udalak app barri bat jarri dabe martxan
2023-09-21 12:23 Euskerea berbagaiMerkatari eta ostalariek euskeraz oinarrizko hiztegia ikasteko appa da, Erraza da izenekoa.
Eusko Jaurlaritzako Kulturea eta Hizkuntza Politika sailak eta Donostiako Udalak Erraza da app-a aurkeztu dabe gaur. Euskeraz oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazinoa da, batez be, merkataritza eta ostalaritzako langileei bideratua. Ekimena Donostiako Udalak jarri eban martxan 2019ko martian eta Eusko Jaurlaritzeak bat egin dau proiektuagaz eta alkarregaz garatu dabe appa.
Helburua Donostian arrakastatsua izan dan esperientzia Euskadi guztira eta euskal merkataritzearen eremu gehiagotara zabaltzea da. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek aurkezpenean adierazo dauenez, Donostiako udalak landutako egitasmoak Euskadi mailako proiekzinoa izatea balioetsi genduzan, eta hortik dator lankidetzan jorratutako aplikazinoa. Horrezaz gan, Dobaranek gaineratu dauenez, euskerea gizarte kohesino eta integratzaile izateko baliabide gisa ulertzen dogu. Lehen urratsak erraz emoteko aukera barri bat eskura jartea dau helburu aplikazino horrek.
Donostiako Udalak esperientzia euskarri fisikoakaz hasi eban, ostalaritza-sektoreko hiztegi espezifiko bat sortuz. Hamabost egunean behin parte-hartzaileei galdetegi bat bialtzen eutsen jarraipena egiteko, batez be proiektuaren parte-hartze maila neurtzeko. Ekimenaren balorazino oso positiboa izan zan. Proiektuan parte hartu eben establezimenduen % 80 jarraitzeko prest azaldu ziran. Orain Kulturea eta Hizkuntza Politika sailagaz lankidetzan, aplikazino mobikor bat sortu da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietara heltzeko helburuagaz.
Aplikazioaren erabilera
Gaur egun Erraza da aplikazinoak hiztegi bi jasoten ditu, bata orokorra eta bestea ostalaritza eta eduki guztiak Habek gainbegiratu ditu. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek adierazo dauenez, aurrerantzean ostalaritzako langileei ezeze, beste sektore batzuetako langileei be zabaltzea da asmoa.
App-a android eta IOS eskuko telefonoetarako dago eskuragarri eta erabiltzaileak deskargau eta erregistrau egin behar da. Erregistro horretan, zein sektoretako hiztegia landu nahi dauen galdetuko deutso. Erabiltzaileak, sektore horretako hiztegiaren eduki barri bat izango dau egunero eta eduki hori irakurri eta entzuteko aukerea izango dau. Hiru-lau egunetan, edukiak ikusi ondoren, horren inguruko galdetegi bat egin beharko dau erabiltzaileak.
Halan da be, bistaratutako edukiak edozein momentuan ikus daitekez, baita aurretik egindako galdetegiak barriro egin be. Baina ezin da egunean eduki barri bat baino gehiago ikusi. Aplikazinoak taldeak sortzeko aukerea be eskaintzen dau, holan lagun eta lankideen aurrerapen maileagaz konparetako aukerea izan deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!