'Open House Bilbao' jaialdia urriaren 7an eta 8an izango da

Bizkaie! 2023-09-21 10:03   Kulturea

Ciudad (In) Material. Hiri (Ez) Materiala izenburupean.

Open House Bilbao jaialdiaren zazpigarren edizinoa urriaren 7an eta 8an izango da, Ciudad (in)material. Hiri (ez)materiala izenburupean. Ekitaldian ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emotea eraikinetara sartzeko; bai, barriz, jarduera osogarrietan parte hartzeko. Zazpigarren edizinoak gogoeta egingo dau uria osotzen dauen arkitektura, ingurumen, gizarte eta ekonomia jasangarritasunaz.

Beraz, Open House Bilbao jaialdiak hirurogeita bost leku baino gehiagotako ateak edegiko ditu urian, eta 19 jarduera osogarri programauko ditue, era guztietako publikoentzat, espazio publikoan.

Open Espazioak

Jaialdiaren helburua da ahalik eta jente gehienarengana heltzea, bai arkitekturan espezializau bako publikoarengana, bai sektoreko profesionalengana. Horretarako, kultura-programa zabala diseinau dabe. Horren barruan, jarduera nagusia Bilboko eraikin esanguratsuetan bisita gidatuak egitea da, horreen arkitektuera, historia eta kulturea ezagutzeko.

Bisitea 20 minutu inguruko ibilbide gidatua da, 10-25 personako taldeetan, bisitau beharreko espazioaren ezaugarrien arabera. Sarrerak doban eskaintzen dira.

Boluntzariotzea

Aurtengo edizinoan boluntario moduan parte hartu nahi dauen edozeinek Open Houseko webgunean emon leike izena. Orain arte 450 boluntario baino gehiagok emon dabe izena, baina erakundeak 600 boluntario behar ditu aurreikusitako eraikin guztiak edegi ahal izateko.

Boluntario moduan izena emoten daben personek egun erdiz parte hartuko dabe, eta, ordainetan, eraikinetara sartzeko lehentasuna eta bisita esklusiboak eskainiko deutsee, beste abantaila batzuen artean.

Jarduerak

Jarduerei jagokenez, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena emotea. Ondorengo honeek dira aurton eskainiko diran jarduerak: 360ºko esperientziak: Hiria hazten denean, Familientzako tailerrak: GJHak ezagutuz, Hiri-paseoak, Open Itsasadarra: itsasadarraren mugetan zehar nabegetan, Autore-bisitak eta Bisita bereziak.  

Jarduera osogarrietan izena emon nahi dabenek, irailaren 28tik aurrera egin ahalko dabe, webgunearen bitartez.

Open House Europa

Bilboko Open House Jaialdiak indarrak batuko ditu Europako beste 11 urigaz, Open House Europe nazinoarteko alkarlan proiektu barriaren barruan. Europar Batasunak finantzietan dau, Creative Europe programearen barruan. Ekimen barri horregaz, arkitekturearen inguruko eztabaida inklusiboago bat sustatuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu