Eskuara proiektua sortu da, Arabako 50 langiletik gorako enpresetan euskera sustatzeko

Bizkaie! 2023-09-21 09:20   Euskerea berbagai

Gaur gaurkoz, Aenkomer eta Sirimiri enpresek bat egin dabeute zerbitzu barriagaz.

Lanabes programearen barruan sortutako egitasmoa da Eskuara, Arabako enpresek daben tresna barria euskerea sustatzeko: Eskuara. Arabako parke teknologikoan aurkeztu dabe Eskuara proiektua eta bere helburua da 50 langile baino gehiago dituen Arabako enpresetan euskerearen erabilerea indartzea eta hizkuntza bardintasuna bultzatzea. Lanabes programearen barruan sortutako egitasmoa da, eta une honetan, Eskuara proiektuagaz bat egin dabe enpresa bik: Aenkomer eta Sirimiri. Dana dala, ekimena handitzen joatea da helburua eta 2024 urte amaierarako 25 enpresa izatea espero da.

Enpreseetako ordezkariakaz batera izan dira aurkezpenean proiektua bultzatu daben erakundeetako ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Arabako Foru Aldundiko Bardintasun, Euskera eta Gobernantza diputau Jone Berriozabal eta Gasteizko Udaleko Euskera zinegotzi Maria Nanclares. Eskuarak bat egiten dau Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko 2020-2023 planagaz eta Araban euskerearen erabileran pausuak emoteko helburua dau. Euskerea lan eremuan erabilteko metodologia eta ekimen gehiago sortuko dira proiektu honi esker.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak proiektuaren garrantzia nabarmendu dau: Araban Lanabesen barruan sortu barri dogun Eskuara programeak zehaztu egiten dau gure lan eta lankidetza esparrua. Jarduera ekonomikoan eragiteko lur eremua zehaztu dogu eta horrek lagunduko deusku eraginkortasunean, Euskal Autonomia Erkidego mailan dogun planari zehatzago erantzuten eta epe labur zein urrunagorako helburuak jarri zein tresnak ezartzen. Dobaranek gaineratu dauenez, aurretik egindako bideak eroan gaitu honaino eta Eskuara enpresei zerbitzua emoteaz harago, enpresa sare eta lankidetza komunidadea eratzeko aukera bat izango da, erakundeek babestua.

Jone Berriozabalek proiektuaren izenari egin deutso erreferentzia bere hitzaldian: Gerardo López de Guereñuren Voces alavesas izeneko lanean, gaztelaniak euskeratik jasoak zituan hainbat eta hainbat berba batzen ziran, ohiko jardueran erabilitakoak eta egun galzorian dagozanak, horreen artean Eskuara, oraindino be landa eremuan badagozbateren batzuk aitatzen dabenak eskuarea. Ba, euskerazko harri-bitxi zaharrei beste erabilera batzuk emon eta hementxe dozue, gure eskuarea: Arabako enpresak euskeraz batu daitezen eta guztion artean euskerearen aldeko esperientziak batu, jaso eta jorratzeko. Arabako esparru sozioekonomikoko kide gehiagorengana heltzeko. Euskera xede, eskuara bide.

Maria Nanclaresek Eskuara proiektuak Gasteizi eskainiko deutson balioaz berba egin dau: Eskuara proiektua aukera parebakoa da Gasteizko 50 langile baino gehiagoko enpresetarako. Katalogo bat emongo deutsegu euskerea sustatzeko hainbat zerbitzugaz, besteak beste, prestakuntzea, itzulpen zerbitzua eta aholkularitza teknikoa. Arabako uriburuko Udalak be abantailatzat jo dau egitasmoa, uriko produkzinio sareagaz aliantzak sortzeko eta industriagaz, zerbitzuakaz eta merkataritzeagaz lankidetza-bide barriak edegiteko aukerea emoten deuskulako.

Proiektuan parte hartuko daben enpresek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuaren laguntzea izango dabe. Hizkuntzen kudeaketeari jagokonez, enpresen egoera eta beharren oinarrizko argazkia egiten lagunduko jake eta beharren zein aukeren arabera, euskerearen erabilerea indartzeko eta hizkuntza bardintasuna bultzatzeko konpromisoak hartuko ditue. Ondoren, Ahize-AEK-k aitatu helburuak beteten lagunduko deutse enpresei honako eremuetan eraginez, hizkuntzearen arloan, komunikazinoan, zerbitzuan, harreran, ingurune digitalean, langileen arteko hartu-emonetan, lan esparruagaz lotutako euskerazko terminologian, ikasleen praktikaldian...

Proiektuan parte hartzeko baldintza bakarra dago: Enpreseak bere behar eta neurrira egokitutako konpromisoak hartzea eta betetea. Horretarako, Arabako Foru Aldundiagaz hitzarmen bat sinatuko dabe.

Eskuara ez da ezerezetik sortu. Proiektu barria dan arren, Arabako enpresek euskerearen erabilerea bultzatzeko jarduna ez da barria, enpresa askok pausu garrantzitsuak egin baititue azken urteetan lan-munduan euskerearen erabilerea normalizetako. Eskuara, egiteko horretan laguntzera dator, bere esanahiak dioen moduan, konpromiso zehatz eta lorgarriak eskuratzeko, komunidadean metatu eta konpartiduteko lanabesa izango da.

Helburuak

- Aenkomerren kasua berezia da, merkatarien alkartea dalako. Azaldu dabenez, hizkuntza kudeaketa egokia egiteak irabazi hirukotxa ekarriko deutse: bezeroak, enpresak eta gizarteak irabaziko dabelako. Orain arte hizkuntza diagnostikoa egin dabe eta, beraz, diagnostikoan identifikautakoak hobetzeko lanketa zehatza egiten lagunduko deutse Eskuara zerbitzuko aholkulariek, besteak beste, honakoak:

Zerbitzuaren kalitatean eragiteko bazkide zein publikoari zuzendutako dokumentazioa euskaratu.

Langileen ezagutza sustatzeko aurrerapausoak eman.

Langileen erabilera sustatzeko dinamikak martxan jarri.

Hizkuntza paisaia estandarizatu, euskararen presentzia indartzeko.

Euskararen erabilerak gure bazkideei eman ahal dien balioa proiektatu.

- Sirimiriren kasuan, bestalde, personen zahartze prozesuan laguntzea eskaintzen dabe eta edadekoei, profesionalei eta senideei zuzendutako proiektuak sortu eta jorratzen ditue. 2018an euskera talde bat sortu eta hainbat aurrerapen egin zituen: webgunea euskeratu, Euskaraldian parte hartu, enpresako langileei euskeraz moldatzeko tailerrak eskaini, Korrikan parte hartu... Hori guztia Lanabesi esker egin ebela nabarmendu dabe: Kanpoko aholkularitza teknikoari esker egin dogu aurrera eta Eskuaragaz bat eginik helburu gehiago ezarri ditue: Enpresako plan estrategikoaren barruan euskerearen garrantzia zehaztu; euskerearen lan taldearen sustapena egin; eta orain arte egindako ekintzei eutsi. Zerbitzu barriagaz helburu horreetara gerturatzeko pausuak emoten segidutea aurreikusten dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu