Antònia Vicens eta Mireia Calafell, Lekeitioko 'Irailekoak' egitasmoan
2023-09-19 13:15 KultureaEuskaltzaindiak atonduta, irailaren 30etik urriaren 1era izango da.
Euskaltzaindiak, literaturea adierazoteko, poesiari eskainitako asteburua atonduko dau Bizkaiko kostaldeko herri horretan. Lekeitioko Udalaren babesa izango dau, eta herriko eragile batzuekaz alkarlanean egingo dabe: Kitto merkatarien alkartea, Sociedad Recreativa eta Lekitto Musika Bandea hain zuzen be. Irailaren 30ean emongo deutse hasierea, egun osoz eta urriaren 1ean goizez bakarrik.
Irailekoak-en euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, baita irakurraldien eta errezitaldien bidez be. Era berean, beste bazter batzuetako poetek be parte hartuko dabe, besteak beste, katalanez idatzitako poesia garaikideko ahots esanguratsuak. Poesiagaz batera, hainbat adierazpide buztartuko dira, esaterako, musikea eta artelanak.
Miren Agur Meabek, gaurko prentsaurrekoan, hilak 19, azaldu ditu egintasmoaruen nolakotasunak, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdian, izan be, azken urteotan euskal poesiak hartu dituan bideei buruz be hausnartu nahi dogu, eta horretara dator Iratxe Retolazaren mintzaldia. Horrezaz gan, han-hemengo poeten lana zehatzago ezagutzen be lagundu nahi dogu, eta belaunaldi zahar eta gazteagoetako ahotsak eta adierazkerak erkatu.
Prentsaurrekoan, Meabagaz batera, Lekeitioko alkatea, Ander Aldabazal, kulturako zinegotzia dan Antton de Lama eta Andres Urrutia, euskaltzainburua izan dira.
Katalanez idatzitako poesia
Irailekoak-en euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, bai irakurraldien eta errezitaldien bidez be. Horrezaz gan, beste bazter batzuetako poetek be parte hartuko dabe jaialdian, esaterako, katalanez idatzitako poesia garaikideko ahots esanguratsu bi izango dira, Antònia Vicens eta Mireia Calafell.
Antonia Vicens-ek hainbat sari irabazi ditu, beste beste, Kataluniako Kultura Sari Nazionala (2016) eta Espainiako Poesia Sari Nazionala (2018). Mallorcako alaba kuttun be bada. Eleberri ugari idatzi ditu Vicensek eta sei poemario.
Mireia Calafell, barriz, poeta ezaguna da, baina kultur ekintzetan eta aholkularitzan dabil lanean eta Maria Mercé Marçal fundazinoaren kolaboratzaileen taldean dago. Hainbat sari irabazi ditu bere ibilbidean, garrantzitsuenen artean 2015ean irabazi eban Lletra d'Or izeneko saria.
Egitaraua
- Irailak 30, zapatua
- 11:00etan (hitzaldia): Iratxe Retolaza, Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak (Sociedad Recreativan).
- 13:00etan (errezitaldia): Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien eta Eric Dicharry + Inun musikaria (San Juan Talakon).
- 18:00etan (errezitaldiak): Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaur (Andre Mariaren Jasokundearen eleizaren aurrean, Dominiken komentuaren aurrean, Herritarren ortuan, Abaroa lorategian eta Arranegi plazan).
- 22:00etan (kontzertua). Maite Larburu (San Jose eleizan).
- Urriak 1, domekea
- 11:00etan: Antònia Vicens poetearen eta Iñigo Astiz kazetariaren arteko barriketaldia. 15 minutuko atsedenaren ostean, Mireia Calafell poetearen eta Itxaro Borda euskaltzain osoaren arteko solasaldia (Sociedad recreativan).
Jarduera osogarriak
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emoteko, garai eta geografia askotako egileen bertsolerroz jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak, besteak beste, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.
Horrezaz gan, iraileko egun horreetan egindakoaren barriak jasoteko, Iraileko paperak aldizkaria kaleratuko da, oroigarri intelektual-poetikoa hain zuzen be. Aldizkaria, jaialdian parte-hartuko daben poeta eta ikusleen artean banatuko da.
Bestalde, Irailekoak egitasmoaren irudia Marina Suarez Ortiz de Zarate artista eta antzerkigile arabarrak diseinau dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!