Uxue Zabalak Asturiaseko Goi Mailako Konserbatorioan jarraituko dau ikasten
2023-09-19 10:34 MusikeaPlazea lortu dau Asturiasko Goi Mailako Konserbatorioan.
Gitxi gorabehera 27 dira 2006-2007 ikasturtean konserbatorio profesionalaren lerroa egungo Musika Eskoleagaz batera ezarri zanetik Musikako goi-mailako ikasketak amaitu dituen edo egiten dabizen Durangoko gazteak.
Uxue Zabala, Durangoko Erdi Mailako Kontserbatorio Profesionaleko zeharkako flauta ikasleak, plazea lortu dau Asturiasko Goi Mailako Konserbatorioan, interpretazinoko musika ikasketakaz maila profesionalean jarraitzeko.
Ikasle hori bera, Nafarroako Goi Konserbatorioko Flautearen Pedagogia Ikasketetarako sarbide-probetara be aurkeztu zan eta han be plazea lortu eban. Azkenik, Oviedon dagoan Asturiasko Konserbatorioa aukeratu dau. Sarreako-probak bagilaren bigarren hamabostaldian egin ziran, baina emoitzak ez dira behin betiko jakinarazoten garagarrilaren amaierara arte.
Ikastetxeko arduradunek adierazo dabenez, albiste garrantzitsua da Bartolome Ertzilla Konserbatorioarentzat, arrazoi bigaitik: Goi Mailako Musika Zentroetan eskainitako plazak oso urriak dira eta konpetentzia apartekoa da; beraz, aurkeztutako ikasleen mailea oso altua da; era berean, Bartolomé Ertzilla neurri ertaineko zentroa da, probintziako uriburuetako Konserbatorio profesionaletako ikasleakaz lehiatu behar dauena. Horregaitik, bertako ikasleak maila horreetan kokatzea oso lorpen garrantzitsua da maila akademikoan irakasle-talde osoarentzat.
Zorionez, Musikako Goi-mailako ikasketak egin daben edo egiten dituen Durangoko ikasleen zerrendea zabala da. Orain arte, azken ikasle honegaz, 27 gaztek amaitu ditue edo egiten dabiz Musikako goi-mailako ikasketak, 2006-2007 ikasturtean
Konserbatorio Profesionalaren lerroa ezarri zanetik, lehendik egoan Musika Eskoleagaz batera. Musikari horreen guztien artean, espezialidade askotakoak: oboea, klarinetea, biolontxeloa, txistua, biolina, bateria, baxu elektrikoa, pianoa/musika-hizkuntzaren pedagogia, etab. Bartolome Ertzillatik azpimarratu dabenez, azaldu behar da orain musika benetako alternatiba profesional gisa jorratzen duten gazte horietako asko, Bartolomé Ertzilla musika-eskolan hasi zirela Musika eta Mugimendu mailan; Musika eta Mugimendua, musikara urbiltzeko hasierako maila da, 4 eta 6 urte bitarteko umeak daude maila honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!