10.000 ikasle 'Mundu bat Bertso' proiektuan

Bizkaie! 2023-09-18 13:52   Musikea

Proiektua bueltan da Bizkaiko 66 herri eta 200 ikastetxetan.

Ikasturteagaz batera, Bertsozale Elkartearen Mundu bat bertso proiektua martxan da. Proiektuak, umeen hizkuntza gaitasunean eta ahozkotasunean eregitea deutso helburu nagusi, eta, horretarako, bertsolaritza du tresna gisa. Euskal Herri osoan dau martxan, halanda ze, 30.000 haurrek hartzen dabe parte. Bizkaian, 66 herritan eta 200 ikastetxetan jarriko da martxan. Guztira, 10.000 ikaslek hartuko dabe parte.

Proiektuan lau arlo nagusi lantzen dira, haren helburuei lotuta; hizkuntzea, kulturea, musikea eta trebetasun personal eta sozialak. Lau arlo izanda be, etengabe dagoz harremanetan eta alkarreregiten.

Bertsolaritzaren ezaugarriak (doinuak, errimak eta beste) ezagututa, ostera, musikeagaz egiten dabe lotura, esaterako, doinuak, entzute aktiboa eta intonazinoa landuz. Azkenik, berba hartze horretan, aurreko hiru arlo horiek lantzeaz gan, jendaurrera irtetea lantzen dabe, baita dialektika eta lankidetza be.

Gauzak horrela, ikasleei bertsolaritzean zaletasuna pizteaz gan, euskararekiko jarrera positiboa eta jendearreko trebetasuna lantzen dabe. Horrezaz gan, ikastetxe eta herri mailan be onurak dakarz, horien artean; herrian bertsolaritzea sustatea, ikastetxetik kanpo umeek jarraipena emotea zaletasunari eta euskerearen erabilera bultzatea.

Gainera, urtean zehar ekitaldi ugari atontzen dira, esaterako, bertso saioak eta kantaldiak. Ikasturte amiereari jagokenez, proiektu bi eskaintzen dabe alkartetik, ikasle bakotxari oholtzara urtetzeko aukerea eta Bildertsoak deituriko proiektua, ekimenean parte hartzen duten ikastetxe guztietako ikasleek osatutzen dauen bertso bildumea.

Informazino gehiago nahi izanez gero, idatzi helbide honetara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu