Durangaldeko jantza taldeak alkar ezagutu eta saretzea da asmoa
2023-09-18 13:20 KultureaEzpatadantzari Eguna Abadiñon egingo da irailaren 23an.
2022an atondu eben azkenengoz, Otxandion, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna. Aurretik, 50 urtez, Gerediaga Elkarteak koordinetan eban ekitaldia jantzariek eurek atondu eben. 2018an, lehenengo Berrizen hasi ziran, gero, pandemia etorri zan eta gainbeheran egoen ospakizuna bertan behera geratu zan. 2022an Otxandion, Durangaldeko herri batzuetako jantza taldeak batu ziran berriro.
Ez da egon eta ez dago eskualdeko jantzariak alkarren berri izateko sarerik Durangaldean. Herri gehienetan zailtasunak ditue talde bat sortu eta plazaratzeko. Gainbeheran dago Dantzari-Dantza Durangaldean. Dantzari-Dantza ondare inmaterial aberatsa da. Adituen ustez, lurralde zabalago baten egiten ziranj antzen ondorengoak dira, baina XIX. mendean Durangaldeko herri batzuetan baino ez ziran gorde. Gero, XX. mendeko loraldiari esker, barriro zabaldu ziran Bizkai osora.
Zelako ondarea galtzen dabilen jaubetuta, eskualdeko jantzari batzuk Gerediaga Elkartera laguntza eske jo dabe aurten eta Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna berreskuratzeko saiakerea egingo da. Horregaitik, eskualdeko jantza talde guztiei egin jake parte hartzeko konbita eta hori errazteko, aurreko edizinoetan jarten ziran partehartze-erispideak malgutu egin dira. Adibidez, Dantzari-Dantza izenagaz ezagutzen dan jantzen multzoko pieza guztiak jakin barik be egongo dira plazan jantzariak eta bakotxak bere aldaerak erakutsiko ditu. Aurten, parte-hartzeari emon deutse garrantzia atontzaileek, talde bakotxa bere izakera eta egoereagaz.
Durangaldeko jantza taldeak alkar ezagutu eta saretzeko ahalegina izatea be nahi dabe atontzaileek. Herriaren ondarea dan neurrian bere garrantzia nabarmen azaleratzea nahi da eta eskualdeko herritarrek eta erakundeek merezidu daben arretea eskaintzea. Aurtengo ekitaldia dei bat be bada, hur daukagun ondarea ezagutu, jagon eta zabaltzeak dauen garrantziaz konturatzeko.
6 herri, 10 jantza talde
Abadiñoko San Trokaz plazatik kalejireagaz hasiko dabe arratsaldeko 17:30ean eguneko ospakizuna; probaleku aurreko parkinerako bidea egingo dabe jantza taldeek Zelaieta zeharkatuz. Bertan, Dantzari-Dantzako 9 piezak egingo ditue jantzan: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantzea eta Txotxongiloa. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira.
Egunari amaierea emoteko, 20:30ean hasita, Oxabi taldeagaz poteo musikatua egingo da tabernaz taberna.
Zapatuko erakustadian parte hartuko daben taldeak:
- Abadiñoko Talde Batuak – Bi talde izango ditu.
- Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo.
- Durangoko Kriskitin, Tronperri eta Txoritxu Alai.
- Iurretako jantzariak.
- Mallabiko Gazte Alai.
- Zornotzako Udabarri.
Talde Batuak 50+3
Abadiñoko Talde Batuak izango da Durangaldeko Ezpatadantzari Eguneko anfitrioia. 2020an 50 urte bete zituan taldeak, baina pandemiak bete-betean atrapau eta ezin izan eben ospatu. Zapatukoa izango da, beraz, taldearen ospakizunaren zati bat: 50+3 1970. urtean taldea sortu aurretik, Abadiñon baziran jantzariak baina, 60ko hamarkadan, abadiñar batzuk auzo bakotxean jantza taldeak sortzeko lanean hasi ziran. Eta sortu be sortu ziran: Hamabi Harri Gerediagan, Alluitz eta Alluitz Txiki Mendiolan, San Martin taldea Gaztelun, San Trokaz eta San Trokaz Txiki Zelaietan, Trañapadura Matienan eta Muntsaratz.
70eko hamarkadan Bizkaiko Dantzarien Biltzarra sortu eta bertako kide izateko federau behar zanez, ikusita auzoetan hainbat talde sortu zirala, Abadiñoko jantzariak Talde Batuak izenagaz parte hartzea erabagi eben.
Gaur egun, Abadiñon talde bi dagoz: Talde Batuak eta Iluntze, azken hau Matienan. Eta oraindino be, belaunaldi ezbardinetako jantzariak alkartuta, Mendiolan eta Gerediagan auzokoak urteten dabe plazara jaietan.
Talde Batuak taldeari jagokonez, nesken eta mutilen talde bana dabe eta hainbat gaztetxo be bai. Santo Domingo egunean aproba nagusia, San Trokaz egunean eta Errogatiba egunean jantzan egitea dira euren urteko hitzordu nagusiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!