Urriaren 7an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2023-09-18 07:45   Bertsolaritzea

Zortzi saio izango dira danera, beste horrenbeste udalerritan, eta finala Iruñean izango da.

29 bertsolarik emon dabe izena aurtengo txapelketean, eta behin aurre-kanporaketak pasata, 24 izango dira Iruritan hasiko dan ibilbidean. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketeak, beste horrenbeste udalerritan, izan be, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritzea Nafarroako lurralde osora zabaltzeko asmoari eutsiz beste pausu bat emongo dau aurtengo txapelketeagaz.

Lau final-lauren izango dira guztira, Iruritan, Vianan (txapelketearen historian lehen aldiz), Uharten eta Agoitzen. Hor kantauko daben 24 bertsolaritatik 18k egingo dabe aurrera finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean izango da finala, abenduaren 2an, zapatuan, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari izango dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak hain zuzen be. Zortzi horreen artean, saioan zehar puntuazinorik altuena lortzen daben bertsolari bik buruz burukoa jokatuko dabe.

Parte-hartzaileei jagokenez, lau barri izango dira: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Fernando Ziganda. Horrezaz gan, txapelketean aspalditik parte hatzen daben beste hainbeste egongo dira, baita lau txapeldun be; Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabier Silveira eta Saioa Alkaiza.

Sarrerak guztiak eskuragarri dagoz webgune honetan. Egunean bertan be, eskuratzeko aukerea izango da bertako leihatilan. Arratsaldeko17:30ean hasiko dira saio guztiak, finala, barriz, 17:00etan hasiko da.

Txapelketea proiektu kolektiboa da, lagunen arteko alkarlanez egiten dana. Hainbat erakundeen laguntza jaso dau, batez be, Nafarroako Gobernua eta Laboral Kutxa, izan be, urte osoko jarduna babesten dabe. Horrezaz gan, txapelketea hartuko dauen herri guztietako udalen laguntzea izango dau Nafarroako Bertsolari Txapelketeak: Larraungo Udala, Etxauriko Udala, Baztango Udala, Vianako Udala, Uharteko Udala eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroa, Leitzako Udala, Altsasuko Udala, Agoizko Udala, Lesakako Udala eta Iruñeko Udala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu