Estaduko zinearen musikea oholtzaratuko dau SGAE Fundazinoak Zinemaldian

Bizkaie! 2023-09-15 08:00   Musikea

Lehen mailako sei pelikulen soinu-banda joko ditu Euskadiko Orkestreak.

SGAE Fundazinoak, Euskadiko Orkestreak eta Donostiako Zinemaldiak Kontzertua & Proiekzinoa ekimenaren bederatzigarren edizinoa irailaren 23an izango da, 12:00etan, Anoetako Belodromoan (Anoeta Pasealekua 14, Donostia).

Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, SGAE Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidente Garbitxuk, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Rochek, Oñatiko Ganbera Abesbatzako zuzendari Aitor Biainek eta, kontzertu honetarako orkestra-zuzendari izango dogun Juanjo Oconek, kontzertuaren ezaugarriak eta nondik-norako guztiak azaldu ditue Tabakalera kulturgunean.

Aurreikusitako programeak ondorengo filmetarako sortutako sei soinu-bandak batzen ditu: Jota Linaresen Las niñas de cristal filman Ivan Palomaresek konposautakoa; Rodrigo Cortesen Love gets a room, Victor Reyesen soinu-bandeagaz; Alberto Rodriguezen Modelo 77, Julio de La Rosaren musikeagaz; Paul Urkijoren Irati, Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Callejaren musikeagaz; Lara Izagirreren Nora, Paula Olazek eta Pascal Gaignek musikatua; eta, Juan Jesus Garcia Galocharen Momias, Fernando Velazquezen musikeagaz, azken musikagile hau, 2012an idea honen sustatzaile intelektualetako bat izan zan.

Erantzule guztiek gogoz eskertu dabe SGAE Fundazinoaren babesa bederatzi edizinoetan. Oriol Rochen esanetan, honakoa ekimen eskuzabala eta ausarta da, izan be, egileen obrak nazinoartekotzen dira eta, era berean, bertoko publikoagaz konexino zuzena bideratzen da. Antzerako berbak erabili ditu Garbitxuk: jarrera hau oso garrantzitsua da bere errepertorioaren parte diran gure zazpi bazkideentzat, Euskaditik bertatik mundura plazaratzen jakezalako konposautako lanak.

Euskadiko Orkestra eta SGAE Fundazinoa, zineagaz bat

2012tik, SGAE Fundazinoak Made in Spain sail ez-lehiakorra atontzen dau eta ekimen honek azken urtean produzidutako film espainiarren bildumea osotzen dau, estreinautakoak izan ala ez, eta zinemaldiak plataforma bikaina eskaintzen deutse film horreei guztiei nazinoartean zabaltzeko. Obrak, bide batez, irailaren 26tik 30era proiektauko ditue Madrilgo Berlanga Aretoan.

Bestalde, Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak sortutako Fundazinoak berak be, Dunia Ayaso Saria emoten dau Zinemaldiaren barruan, genero-ikuspegidun gidoi onenari, hain zuzen be. Aurten zazpigarren urtea beteko dau 2012an hildako kanariar zinemagilearen omenez.

Azkenik, SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluak Euskal Produkzinoko Gidoi Onenaren Saria babesten dau, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak urteroko jaialdian bertan emoten dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu