Amaia Carrere: 'Maite dot personaiak eta munduak sortzea'

Koldo Isusi Zuazo 2023-09-18 07:55   Barriketan

Taldekako Xilabarako kartela sortu dau oraintsu eta hilaren 22an hasiko dan txapelketeagaz batera, Carrere gaztearen ogibideaz, bertsolaritzaz eta musikaz be egingo dogu berba.

Filosofia eta artearen historia ikasketak egin zituan Toulousen eta Bruselan, barriz, diseinua eta edizinoa.

Pantxoa Carrereren alabea da Amaia; musikearen arloan, plazarik plaza urteak egin zituan Pantxoa eta Peio bikoteak eta edade bat daukagunok, zuzenean ikusteko aukerea izan genduan.

Makinatxu bat kontu Amaia Carreregaz jorratzeko. 

1.- Sortu dozun kartela koloretsua da, arbola baten bueltan ume zein helduak erakusten dituana. Zer eskatu eutsuen Bertsularien lagunak alkartekoek? Berba eta kolore zehatzik?


Bertsularien lagunek galdegin eustien egitea zeozertxu batzen zituana bertsoaren inguruko irudimena, alkartasuna, laguntasuna, alaitasuna eta ene estilo personala.

Itaundu jat ene maneraz lan egitea, ene estiloagaz, bistan dana errespetauta Taldekako Xilabaren giroa eta mentalidadea. Prozesua hori izan da: egin ditut proposamenak gogoan nituan irudiakaz eta hareek esaten eustien zer gustetan jaken ala zer ez, zeri buruz nahi eben marrazkia. Holan alkarregaz ene proposamenak eta hareen eretxia entzunez, antzemon dogu nortasun grafiko barri hori Taldekako Xilabarentzat.

Nik ideia asko nituan, banan ez nekien zer hautatu hasieran. Sortu neban personaia bat (katu mueta bat), gero zeozer oso festiboa, gero mendi paisaje bat, baita zuri ta baltzez marrazki bat be (ez deutset erakutsi, nahiko tonu seriosa eta hotza baitzeban eta ez jatan egokia iruditu).

Bazan hareengandik goga pixka bat urruntzeko beti ikusten diran sinboloetaz bertsolaritzea aitatzean, mikroa ta txapela adibidez. Lehen bersinoan personaia guziak bardin antzekoak ziran eta txapela emon neutsen danei. Azkenean dibersidadea sortzeko eta emakumeak agertzeko irudian, uleak, bizarra, gehitu izan dira, txapel bat erantsiz (Kattalin izena dau).

Eta zuhaitza egokia begitandu jat, Euskal Herriko sinboloetarik bat haretxa baita eta garrantzitsua zala pentsau neban lotura hori atxikitzea sinbolo horregaz. Ez dot haretx bat marraztu, baina zuhaitzaren idea gustau jat, zuhaitz gazte bat egin dot. Hareek esan eustien helburua emakumeak gehiago nabarmentzea bertsolaritzan, gaur egun oraindik gizonak baino aise gitxiago baitira, bai eta gazteak bultzatzeko eta laguntzeko be.

Hori ikusiz justuago zala pentsau dot zuhaitz fin eta arina egitea, oraindik haunditzen segiduko dauena, harietx potolo eta zaharra baino. Bisualki dinamikoagoa iruditu jat, zuhaitz fin bat ardaska luzeakaz egitea. Bestalde, natureari eta lurrari lotua egotea oso garrantzitsua da gaur egun, sekulan baino gehiago. Marrazki bat baino ez balin bada be!

Azkenean bat etorri gara eta personaia horreek arbolapean jartea erabagi dogu. Maila bisualean helburua zan irudi dinamiko bat sortzea, mobimentua sentidu eta hori adierazotea eta giro orokorra alaia izatea.


2.- Ilustratzailea zara ogibidez. Eskatzailea nor eta orduantxe hasten zara marrazkiaren zirriborroak egiten?

Bai. Eskatzaileak zehazten deust zer nahi dauen, zer ikutu edo traza, Batzuetan persona batzuek bialtzen deustiez maite dituen irudi eta erreferentziak jaubetu naiten zer maite eta zer eskatzen daben. Batzuetan ez da argi izaten idea nagusia eta, beraz, neuk egiten ditut proposamenak. Ondoren, eskatzaileen txandea izaten da nire proposamena gustau jaken ala ez, aldaketaren bat nabarmendu gura daben eta idea nagusia zein dan zehazteko; asko gustetan jat lan hori egitea eskatzaileagaz, maite baititut gauza oso ezbardinak egitea eta estilo askotan eginahalak egitea. Bistan da nire estilo personala komikigintzeari lotua dago baina beste gauza batzuekaz eserimentetea be gustetan jat.


3.- Taldekako Xilaba irailaren 22an hasiko da eta 38 parte-hartzaileetatik 16 izango dira emakumeak. Bestelako berezitasunik nabarmenduko zeunke?

Emakume kopurua haunditzen doala taldekako xilaban? 14 ziran azken aldian eta gitxiago aurreko urteetan. Taldekako Xilabaren helburu haundienetakoa bat da lortzea orekea gizon eta emazte kopuruan eta bidea edegitea neskei bertsolaritzan. Oraingoz zeozelako orekea egon badago. Aurrera goaz.

4.- Bertsozalea zaitugu. Zeintzuk dira zure faboritoak?

Egia esan bertsolaritzearen mundua gitxi ezagutzen dot. Plazer haundia hartzen dot bertsoak irakurten liburuxketan hizkuntza maite baitot, baina ez naz bertso saioetara sarri joaten... Aldiz, badot admirazino haundia bertsolarientzat, holan bakarrik oholtza gainera igotea, bat bedera idea barik hasieran eta minutu erdi batez ataratea errimetan dauen bertso bat… Bertsolariak bildurbakoak dira, hareen gaitasunak harrigarriak iduritzen jataz. Azken urte honeetan, bertsolaritzearen mundutik, hau da, euskal girotik nahiko urrun geratu naz, Belgikan nintzan komiki ikasketetan eta nahiko deskonektauta egon naz han Euskal mundutik.

Pozik naz barriro etorririk eta parte hartu ahal izatea euskal kultureari lotuak diran proiektuei.
oso pozik naz Bertsularien Lagunakaz proiektu hori egin ahal izan dodalako! 

Nire faboritoak: Nahia Sasco eta Ortzi Idoate. Biba horreek, biba Hazparne.


5.- Filosofia eta artearen historia ikasketak Toulousen eta Bruxellesen, barriz, diseinua eta edizinoa ikasi zenduzan...

Baxoa ukan ondoren, filosofia fakultatera joan nintzen Tolosara. Pasa nuen urtea marrazki eta antzerki asko egiten, eta utzi nuen zeren ohartu nintzen filosofia ikasketak ez zirela niretako eginak.

Arte istoria ikasketei ekin neutsen, sentiduten nebalako artea nire nortasunatik hurrago egoala. Itxi nituan ikasketok azkenean ulertu nebalako artea ikasteko gogo barik nenbilela baina artea egin, sortu nahi nebala. Teoria ez zan nahikoa, nahi neban marrazkia hobetoi ikasi eta komikiak egin. Beraz urte bat pasau ondoren, Bruxelles-en hartua izan nintzan komiki eskolan eta lau urte pasau nituen han. Itzulia naz Euskal Herrira orain urtebete, antzerkiari ekin deutsat (egin neban antzerkia hiru urtez Belgikara joan aurretik) eta marrazten be banabil buru-belarri.


6.- Arantxa Hirigoyenen testuak, Philippe Albor-en musikea, zeure marrazkiak eta Matthieu Haramboure  errealizazinoan: Ttinka disko-liburua, 28 ilustrazino dituana. 0 eta 6 urte arteko umeentzako liburua da. Zelako harrera izan dau?

Ttinkak harrera polita izan dau, jenteari asko gustau jako disko-liburua. Holan ume zein gazteek irakurten ez baldin badakie be, musikea entzun leikie. Ttinkak baditu esku-jokoak eta kantu oso pedagogikoak; adibidez Mirailari so kantua, ikasteko kopeta, kokotsa, sudurra...; edo Jo ta jo, umeek erritmoan jo behar ditue eskuak...

Marrazkiek ekarten dabe giro arin bat, personaia bat sortu neban kantu guzietan agertzen dana, liburuaren haria da nonbait, personaia nagusia. Izengoititzat Baxilik emon deutsagu (egia esan nire izengoitia zan lizeoan nintzalarik, Baxilik bainan ondo joakola entzemon dogu).


7.- Aita Pantxoa Carrere dozu, edade bat daukagunok Pantxoa Ospital eta Erramuntxo Carrere bikotea herririk herri kantuan ikusitakoak gara: Lehenengo diskoa Itziarren semea, 1969 argitaratua eta urte horretan egin eban bikoteak lehen kantaldia Uztaritzen. Noiz izan zenduan lehenengo kontaktua musikeagaz?

Lehenik behar zaitut zuzendu: idatzi dozu itaunean Pantxoa Ospital eta Erramuntxo Carrerre, pentsetan dot Pantxoa Carrere eta Peio Ospital aitatu nahi dituzula, izan be, Pantxoa Carrere, ene osaba haundia da, eta Ramuntxo Carrere (Jojo eta Ramuntxo bikotekoa), nire aita.

Nire lehen kontaktua musikeagaz izan da etxean, familiako bazkarietan bereiziki, hor danak kantetan eben, betidanik entzun ditut familiakoak kantetan nire inguruan eta aita etxean gitarrea joten eta kantetan. Bestalde, Ezkia ikastolan Hazparnen, kantau izan dogu asko, urte guziz kantaldi bat emoten genduan, ume guztiak alkarregaz. Euskal kantuak ikasten genduzan, kantu asko ikasi ditut ikastolan.

Aurrerago, nerabea nintzalarik, gitarra elektrikoaz maitemindu naz, entzuten nituan ACDC, Green Day, Jimi Hendrix, Eric Clapton, Patti Smith, Rory Gallagher, Joe Bonamassa, Satriani, Joe cocker... eta euskal rocka be bai, Niko Etxart, Gatibu, Xutik, Berri Txarrak...

Gitarra elektrikoa joten 15 urtegaz hasi nintzan. 15 eta 18 urte artean, ene lizeoko lagun on bategaz joten genduan gitarrea biok martitzen guztietan. Gelditu behar izan neban gitarrea Belgikara joakeran komiki ikasketak hastean, ezin baineban amplia ekarri, pisutsuegia baitzan enetzat trenean eroateko. Beraz han lau urtez, jo dot gitarra klasikoa (Belgikako lagun batek itxi eustan berak ez ebalako erabilten.)

Urtebete edo daroat Euskal Herrian eta hasi naz gitarra elektrikoa pittaka pittaka joten (marrazkitzen dot kasik denpora osoan bainan tarteak hartzen ditut gitarra elektrikoa joteko).


8.- Zure lanetarako be erabilten dozu musikea eta Philippe Albor hor ibilten jatzu laguntzaile...

Musika asko entzuten dot marrazten nabilenean. Ttinka proiektuaren kasuan, aldiz, inspirau nintzan bai Arantxa Hirigoyenen testuakaz, bai Philippek sortzen zituan musikaz.

Lehenik eta behin, hartu ditut testuak. Hasi naz marrazten testuak erabiliz. Ondoren, Philippe hasi da bere konposizinoak eta arrañamenduak bialtzen eta haren melodiek batzuetan testuaren beste dimensino bat, beste ikusteko manera bat eroaten eben, nik ez nebana ikusi edo pentsau. Oso interesgarria izan da holan lan egitea, testu eta musikak, biek ekarten eustiezan idea eta irudi ezbardinak. Maite dot lotzea musikea eta marrazkia, prozesua sano interesgarria da.

Gustetan jat animazino oso laburrak sortzea artean. Oso gitxi ditut biziki luzeak eta azkena egin dodana, herensuge begi bat da, begia edegiten dau emeki lehenik eta bat batean haundi edegiten eta sua agertzen da bere begi inguruan.

Emoten dot musika bat gibelean, 8 edo 9 segundukoa. Ez dot deus ezagutzen animazinoari, komikilari eta ilustratzailea bainaz, baina interesa dot arlo horretan.


9.- Bihar-etzirako ze idea dozu buruan bueltaka?

Gauzak egiteko gogoa dot. Lehenik, saiatzen naz egiten komiki bat, asmautako mundua jazoten dauena. Ez ditut hemen kontauko baina nahiko neuke abentura irringarri eta interesgarria sortu, bai helduek, bai gazteagoek irakurri deien.

Komiki umoristiko bat egiten nabil frantsesez, oso ezbardina da normalean egiten dodanaz, marrazkia biziki sintetikoa baita, kasik bigarren mailakoa. Nik maite dot personaiak eta munduak sortzea, hor bizpahiru marraz egina diran personaiak dira, oso sinpleak.

Ondoren, nahiko neuke barriro egin umeentzakoo proiektu bat. Beharbada marraztuz personaia mitologikoak? Zernahi gisaz umeentzat marraztea asko gustetan jat, nahiko neuke esperientzia hori errepetidu.

Eta amaitzeko, interesa haundia neuke egitea komiki-erreportai bat kazetaritzeari buruz Euskal Herrian. Zelan hasi zan, istorioa, lehen egunkaria osoki euskaraz ta hori guztia. Nahiko neuke istorio hori transmitidu, manera pedagogiko batez, komikia erraz irakurgarria izateko baina egiazko dokumentazinoagaz.

Zernahi gisaz momentuz, zelan hasi barri nazen marrazkigintzan profesionalki lan egiten, banabil proiektu eta kolaborazino bila. Bistan dana, arrunt edegia naz, lankide bat edo batzuekaz lan egitea, esperientzia barriak maite ditut, eta bestalde, inspirazinoa eta ideak asko bultzatzen deust, bakotxak zeozer ezbardina ekarri leikiolako proiektuari.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu