Emakumez betetako lauhilekoari ekin deutso BBK Salak
2023-09-14 10:05 KultureaLas que limpian satira feministea Bilbon.
Bilboren erdiguneko espazioak urtearen amaierara arteko arte eszenikoen agendea aurkeztu barri dau. Estreinaldi bi Euskadin (Los que bailaban eta 2022an Egile Onenaren Max Saria irabazi eban Talaré a los hombres de sobre la faz de la tierra) eta publikoaren erantzun handiko Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi euskerazko lana.
Hilean hitzordu bat eta, danetara lau ikuskizun eskainiko dira, danak emakume sortzaileek bultzatutakoak. Gainera, BBK Salak bere nortasun propio eta bereziari eutsiko deutso antzerkia erakusteko zentrolegez, "sorkuntza garaikidearen, gizartean oihartzuna daben gaien eta euskerearen normalizazinoaren" alde egiten jarraitzen baitau, arduradunek zehaztu dabenez. Hori guztia, programautako muntaketen kalidadea eta balio artistikoa alde batera itxi barik, jakina.
Las que limpian
Lehen antzezkizuna irailaren 23an izango da (zapatuan). Egun horretan estreinauko da Bilbon Las que limpian antzezlana, hoteletan garbitasunaz arduratzen diran langileen edo kelly-en burruka kolektiboari buruzko satira feministea. Sortzaileen esanetan, kritikoa baina itxaropentsua dan komedia hau enpresaburu ustel batek zuzentzen dauen Galiziako luxuzko hotel batean kokatzen da. Agintari politiko garrantzitsu baten bisitea jasoko dau halako batean. Esparru horrek aukerea emoten dau bai kelly-en lan-baldintzei buruz berba egiteko (% 70ek patologiaren bat izaten dau lan-gainkargearen eraginez, garbitutako logela bakotxeko 2,5 € inguru kobretan baitabe) eta bai sistema turistiko prekarizatzaileaz eta garbiketen nahiz zainketen arloan dagoan genero-arrakalea jorratzeko be. Muntaketearen esloganak dinoan bezela, bada komun bat inoiz garbitu ez dauenik eta bada hilean 500 garbitzen dituana.
Centro Dramático Nacional-ek koproduzidutako ikuskizuna A Panadaría konpainia galiziarren proposamenik barriena da. Antzezlan lotsabako, feminista eta politikoa egiteagaitik da ezaguna taldea eta bape aurreretxirik barik erabilten ditu baliabide herrikoiak zein gag umoretsuak, bariedadeak edo ahots-musikea, munduaren gainean ikuspegi kritikoa islatzeko. Taldea Vigon sortu zan 2013an, eta 2017ko Elisa y Marcela antzezlanagaitik da ezaguna (Espainian 1901ean izandako lehen ezkontza homosexualari buruzkoa). Areta Bolado, Noelia Castro eta Ailén Kendelman dira taldeko kideak, hirurak hogeita hamar bat urtekoak eta hirurak Las que limpian antzezlanaren sortzaile, zuzendari eta interpretatzaile bakarrak. Emakumeak dira nagusi muntaketa honen ekipo artistiko eta teknikoan.
Urrian sartuta, hilaren 27an (barikuan) Centro Dramático Nacional-en beste koprodukzino bat ikusi ahal izango da, Madrilen estreinau barria eta Euskadin BBK Salan ikusi ahal izango dana aurrenekoz: Los que bailaban. Amaya Galeote koreografo eta jantzari madrildarrak sortu eta zuzendutako ikuskizun hau guateke-antzerkia da, edadekoek euren gaztaroa gogoratzen dabe, lehenengo personan, jentea jantzan maitemintzen zan sasoietako gomutak konpartiduta. Galeoteren zuzendaritzapean taularatzen diran kideen artean, Miguel Foronda gasteiztarra dago eta 60ko eta 70eko hamarkadetako Euskadiko memoria eransten deutso piezeari.
Zemendiaren 10ean, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi hartuko dau BBK Salak, azken boladan euskeraz egindako antzerkiaren produkzinorik arrakastatsuenetako bat. 2021aren amaieran estreinau zanetik dabil hara eta hona eta berrogeita hamar saio baino gehiago eskaini ditu daborduko. Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren arteko koprodukzinoa dan komedia garratz honek askari baten inguruan beren buruaz berbetan dabizen hiru emakume aurkezten deuskuz. Inguratzen gaituen, eragiten deuskuen eta eregiten gaituen fikzinoetan maskulinidadearen omnipresentziaren biktima dirala deskubriduko dabe. Antzezlanak 2023ko Donostia Antzerki Saria irabazi eban eta epaimahaiak indarrez, umorez eta irudimenez betetako taularatzea nabarmendu eban, baita obrearen hizkuntza-kalidade handia eta interpreteen konplizidadea be. Antzezleak funtzinoaren sortzaile eta zuzendari be badira (Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias).
Azkenik, abenduaren 1ean (barikuan), Talare a los hombres sobre la faz de la tierra antzezlanaren estreinaldi absolutua izango da Euskadin. Obra hori ez da orain arte hemen ikusi, nahiz eta bere dramaturgo eta zuzendari María Velascok Antzerki-egile Onenaren Max Saria eskuratu 2022an antzezlanari esker. Errealismo magikotik hur dagoan tonu oniriko eta poetikoa darabilen muntaketa honen protagonista aurrenerabe bat da, zelaian egindako barbakoa batean familiarengandik urrundu eta arbola baten azpian irakurten jarriko dana. Premisa horregaz, Velascok alkarrizketa berezia ezartzen dau azken urteotan pentsamendu kritikoan oinarrizkoak diran korronte biren artean: feminismoa eta ekologia. Testutik koreografiara doazen hizkuntza artistikoak buztartzen ditu, tartean hizkuntza bisualak eta arte plastikoak dirala.
Sarrerak bihar egongo dira salgai, leihatilan zein BBK Salaren webgunean, 12 euroan. Hitzordu guztiak 19:30ean izango dira eta, emankizunen ondoren, Desmuntaketak egingo dira, hau da, konpainiaren eta publikoaren arteko solasaldiak, arte eszenikoetako profesionalek eta antzerki-kritikariek moderauta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!