'Euskal Herriko Unibersidadea gure herriaren gizartea eta lurraldea egituratzen dauen eragilea da'
2023-09-14 07:45 KultureaGasteizko Letren Fakultadean, UPV/EHUren 2023-2024 ikasturtearen edegiera ekitaldi nagusia egin da.
Eva Ferreira errektoreak berbagai izan ditu euskal unibersidade publikoak ikasturte honetarako ezarritako helburu nagusiak, besteak beste, lankidetzea indartzea gizarteagaz eta enpresakaz, urtean gitxienez 15 spin-off sortzea, fakultade eta eskola guztiek diziplina anitzeko prestakuntza proiektuetan parte hartzea, EHU2030 agenda unibersidade jarduera osoan txertatzea eta nazinoarteko presentzia indartzea, ENLIGHT aliantzearen bidez eta Bordelegaz mugaz gaindiko campusaren bidez. Digitalizazinoa izango da beste desafio handi bat, Open Science Euskadi egitasmoaren harian.
Errektoreak nabarmendu dau UPV/EHUri egungo gizartean jagokon zeregina, bai eta haren konpromisoa be, persona guztien ongizateagaz eta aurrerabideagaz: Aliantzak egin behar ditugu eta zubiak eregi, zientziaren, teknologiaren eta barrikuntzearen gure euskal sareak sortzen dauen jakintzearen artxipelagoa konektetako. Galderak gero eta konplexuagoak dira eta erantzunetan arrakasta handiagoa izango dogu baldin eta ondo aprobetxetan baditugu eragile guztien arteko aliantzak'.
Gainera, errektoreak balio berezia emon deutso euskal unibersidade publikoak lortu dauen nazinoarteko proiekzinoari: Urrats interesgarrienak ezagutzaren abangoardian, Garapen Jasangarrirako Helburuei ekiteko gakoak... horreek danak etorriko dira diziplinarteko taldeen eta sektoreen arteko esperientzien bitartez, talde homogeneoek garatutako lanetatik harago. Horregaitik, tematuta gagoz Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako egitasmo multidiziplinarrak bultzatzeagaz, prestakuntzan, ikerketan eta transferentzian. Eta horregaitik, gure ikerguneen alde egiten dogu, hainbat talderen lana bateratzeko tresna lez eta aurre egiteko era askotako jakintzak behar dituen desafioei.
Eva Ferreira errektoreak eskerrak emon deutsoz Eusko Jaurlaritzeari, konfiantzeagaitik eta lanagaitik, eta bereziki, Hezkuntza Sailari, legedian aldaketa asko izan diran urtean. Eskerrak unibersidadeko langile guztiei, egin daben lanagaitik eta aldaketetara egokitzeko erakutsi daben gaitasunagaitik.
Iñigo Urkullu lehendakariak euskal unibersidade publikoaren zeregin garrantzitsua nabarmendu dau: Unibersidadearen lana eta euskal gizarteari eta Europari egindako ekarpena nazinoartean askotan goraipatu da. Eta bat egiten dot horregaz. Aurten be, gure Unibersidadeak balorazino erreferentziala lortu dau Shangaiko rankingean, munduko 500 onenen artean kokatuz. Barriro dinot, munduko 500 unibersidaderik onenen artean kokatuta dago. Oso harro gagoz.
2022-2023 ikasturteko memoria akademikoa
Erakundearen idazkari nagusi Aitor Zurimendik irakurri dau unibersidadeak aurreko ikasturtean eginiko lana batzen dauen memoria. Azalpen luze-zabalean nabarmendu dau joan dan ikasturtean 46.000 ikasle baino gehiago igaro zirala UPV/EHUren ikasgeletatik eta % 21eko hazkundea izan zala ikasle atzerritarren multzoan. Aitagai izan ditu EQAR Europako Agentziaren kalidade zigilua lortu daben master biak eta autortza hori Europako titulu bik baino ez dabela jaso erantsi dau. Gainera, 20 ikasgela barri sortu dira unibersidade-enpresa-gizartea egitasmoaren barruan, tartean, lehenengo gizarte ikasgela bi (bata Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz eta bestea Down Sindromearen Fundazinoagaz).
Ekitaldian izan dira Jokin Bildarratz hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Denis Itxaso gobernu ordezkaria, Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea eta Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia. Ekitaldian izan dira Bixente Atxa Mondragon Unibersidadeko errektorea eta Deusto, UPNA, Tecnum, UNED eta EUNEIZ unibersidadeetako ordezkariak.
Gainera, Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Iñaki Goirizelaia errektore ohiak be bertaratu dira, bai eta erakunde akademikoen, sare sozioekonomikoaren eta Legebiltzarreko alderdietako ordezkari ugari be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!