Urriaren 1ean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketea, Mungian

Bizkaie! 2023-09-13 13:07   Bertsolaritzea

Finala, abenduaren 16an jokatuko da, Bilboko Bilbao Arenan.

Sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira Bizkaiko Bersolari Txapelketan. Finala, abenduaren 16an jokatuko da, Bilboko Bilbao Arenan. 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa martxan dago daborduko. Urriaren 1ean hasiko da, Mungian, eta abenduaren 16an amaituko da, ohi dauen legez, Bilboko finalagaz. Danetara, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira.

Kanporaketak, urriaren 1etik zemendiaren 1era izango dira: Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira: zemendiaren 11n, 18an eta 25ean. Eta, azkenik, finala Bilbon izango da: abenduaren 16an.

Kanporaketetan 36 bertsolarik kantauko dabe: Udabarria Bertsotanetik sailkatutako 30 bertsolarik eta 2021ean finalaurrekoetan kantau eben beste seik. Finalaurrekoetako fasera 11 bertsolari sailkatuko dira eta han izango ditue zain finalaurrekoetara zuzenean pasautako 7 bertsolariak: 2021ean finalista izan ziranak. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta puntuazino altuena lortzen daben beste bostak sailkatuko dira finalera.

Gaur izan da Txapelketearen aurkezpena Bilbon, Rekalde aretoan. Aurkezpenean, Igor Elortza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide eta bost aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunak; Ione Narbaiza Bizkaiko Txapelketako arduradunak eta Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol saileko diputaduak hartu dabe parte.

Sarrerak, salgai dagoz hemen.

Sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etatik aurrera. Finalean, ostera, 15:00etatik aurrera egongo da zabalik txarteldegia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu