Arnasetik bideosormen lehiaketearen bigarren edizinoa martxan

Bizkaie! 2023-09-13 12:07   Euskerea berbagai

Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzeak eta Nafarroako Gobernuak alkarregaz sustatutako egitasmoa da.

2022ko ekitaldi arrakastatsuaren ondoren, Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketearen bigarren edizinoa atondu dau. Lehiaketa hau euskerearen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta euren egitekoa izango da euskereari lotutako istorioak kontetea. Lehiakideen sormena pizteaz gan, lehiaketearen helburua be bada arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoetea eragitea. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzeak eta Nafarroako Gobernuak alkarregaz sustatutako egitasmoa da eta euskerearen arnasguneek daben garrantzia jentarteratzea dau helburu, euskerearen bizibarritzeari eta euskerearen herriari egiten deutsen ekarpena nabarmenduz. Arnasetik lehiaketea euskerearen arnasguneetako ikastetxeetako ikasle zein arnasguneetako ikasleak jasoten dituen ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago.

Lehiaketan parte hartuko daben gazteek lanak banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideakaz batera, egin ahal izango dabe.

Hiru kategoria edadearen arabera

Arnasetik bideosormen lehiaketa honen bigarren edizinoa be 10-16 urteko gazteei zuzendua dago eta lehen edizinoan bezela, aurten be edadearen arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakotxean aurkeztu beharreko lanak ezbardinak izanik. LHko 5. eta 6. mailako ikasleek euren herriak zelakoak diran azaldu beharko dabe, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskera mailea hobetzeko zergaitik diran egokiak azalduz. Promozino-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti...) aurkeztu ahal izango dira kategoria honetako lanak. Kontuan izanik, arnasgune asko udalerri txikiak dirala, horreek ezagutarazoteko ariketa interesgarria da.

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei jagokenez euren herrietako esamolde berezienak eta euren esangurea azaldu beharko dabe umorezko bideo baten bitartez. Arnasguneetan entzun daitekezan euskalkiak balioan jarteko ariketea da hau, euskerearen aniztasuna agirian itxi nahi dauena.

Azkenik, DBHko 3 eta 4. mailako ikasleek modu sortzailean bideo bat egin beharko dabe, euskal kulturea, musikea eta ekimenak balioan jarriz.

Kategoria bakotxerako bideo ereduak zein lehiaketearen oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean dagoz.

Kategoria bakotxak 500 euroko balioa dauen sari bat izango dau eta publikoaren saria be emongo da, danetara 2.000 euro banatuz. 500 euroko balioa dauen sari bakotxa Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

Data esanguratsuak

Zemendiaren 22an izango da Arnasetik bideosormen lehiaketearen sari banaketa ekitaldia, Zarauzko Modelo aretoan. Gauzak holan dirala, gazteek egingo dituen sormen lanak urriaren 24a baino lehen jaso beharko dira.

Bitartean, informazino gehigarria izango da https://www.arnasagara.eus/arnasetik-bideosormen-lehiaketa/ webgunean eta hainbat sare sozialetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu