14. Ja! Jaialdian magia izango da gai nagusia
2023-09-13 08:54 KultureaIrudimeraen ahalmenagaz lotuta.
Irailaren 27tik urriaren 8ra egingo da, Bilbon, Umorezko Literatura eta Artearen Nazinoarteko Jaialdia, 14 urte bete ditu baina ez da nerabezaroko burubakokerietan sartu argitu dabe zuzendariek, Juan Basek eta Carolina Ontiverok. Eurek erabagi eben interesgarria izango zala hamalaugarren edizino honetan magia izatea gai nagusia. Beraz, programazinoko saio gehienetan arteen eta kulturearen ikuspegi askotatik jorratuko dabe gaia. Ja!-ren zuzendariek zehatu dabe magia dala arrazoibidetik kanpo eta naturaz gaindi jazoten dana, ulertzen eta aurreikusi ezin geinkena eta magiaren mirariak hartu-emon estuak dituala irudimenaren ahalmenagaz eta artean dauen eragin eta umoreagaz. Ja!-ren 14. edizinoak dimensino magiko horretan irudimena aldarrikatzea dau helburu.
Aitagarria da Javier Olivares eta Fernando Marías egileen El enigma Pertierra erakusketa grafiko eta literarioa. Ja!-k ilusinoz eta ahalegin handiz diseinau eta sortu dau, Javier Olivaresegaz lankidetza estuan, Joaquín Pertierra marrazkiari misteriotsuaren irudi birsortuagaz dimensino magikora eroaten gaituan erakusketa hau.
Pozez zoratzen dagoz Literatura Nobel Sari batek lehen aldiz bisitauko gaitualako: Olga Tokarczuk idazle poloniarrak 2018an jaso eban saria. Upealako ahalmen narratiboa dau eta umoreagaz armoniaz buztartzen daki. Haren azken eleberriak, Los libros de Jacob izenekoak, XVIII. mendeko suge sorgintzaile eta mesias liluragarria ditu protagonista. Jesús García Calerok ABC Culturaleko zuzendariak elkarrizketatuko dau. John Banville nazinoarteko idazle famatua be izango da gurean. Literatura-lan ugari argitaratu ditu. Artistearen eleberriak bikaintasunaren eta estilo dotorearen seinalea dira eta umorearen aztia be bada. Egile irlandarraren obrak irakurtea «sekulako talentua, argitasuna eta adimena dituan mago baten aurrean egotea» dala esan izan da.
María Fascek, Alfaguaran dauen editoreak, alkarrizketatuko dau. Enrique Vila-Matas Ja!-ra ekarteko gogoz gengozan eta azkenean bete dogu helburua. Idazle ezagunak joko metaliterario zirraragarriak egiten ditu eta idatzi ez arren idazle izaten jarraitzen dabenen erretratuak be bai. Alabaina, badau bereizgarri bat, izan be, ez dau umorerik bako literaturarik ulertzen. Daniel Gascónek, idazle on batek, alkarrizketatuko dau. Vila-Matasen obran umoreak dauen garrantzia eta haren magia narratiboaren arkitektura-arauak izango dira berbagai.
Jorge Blass ilusionista bikaina eta nazinoarteko mago ezaguna da (David Copperfield-ek truko harrigarri bat erosi eutson). Maite Esparza kazetariak alkarrizketatuko dau eta galderei erantzuteaz ganera eukiko dau ikusleentzako sorpresaren bat prest.
Ernesto Sevilla umorista, aktorea eta gidoilaria da. Cámera Café, la película zuzendu dau eta Pobre diablo animazino-seriearen zuzendarikidea eta gidoilarikidea da. Oraingoan, bera izango da Umorezko 10 sekuentziarik gustukoenak atal finkoko protagonista. Gonbidatuak edozein garaiko zinemearen umorezko 10 sekuentziarik gustukoenak aukeratu eta Juan Basegaz komentauko ditue, pantailan ikusten dagozan bitartean.
Pilar Adón behin baino gehiagotan egon da jaialdian, baina orain Carolina Ontiverok alkarrizketa berezia egingo deutso. De bestias y aves saritua da bere azken eleberria. Orain arte idatzi dauen obrarik onena eta, inoiz ez bezela, agirian itxi dau bere umore partikularra. Badirudi bere lanari eta ibilbideari buruz berba egiteko une aproposa dala.
Pertierra Enigma erakusketea
Javier Olivares ilustratzaileak eta Fernando Marías idazleak, ernegazinoz gogoratzen dogun jaialdiko lagun handiak (2022ko otsailean hil zan), egindako lanaren emoitzea da erakusketea. Hamalau urteko lankidetzearen ostean, Astiberrik orain gitxi mimoz argitaratutako liburua bere egileek amestutako erakusketa baten katalogoa da. Basek eta Ontiverok askoz be aurrerago izan eben Pertierraren barri, Fernandoren heriotzearen lehen urteurrenean, hain zuzen. Hainbeste gustetan jakozan olgeta literario hareetako bat zala ulertu eta jarraipena emon behar jakola be.
Erakusketan hamar irudi ikusiko dira, neurri handian, Bilboko metro-geltokietan, irailaren 15etik urriaren 31ra arte.
Irailaren 27an, Javier Olivaresek erakusketearen bisita gidatua egingo dau. Jaialdiko lehen ekitaldia izango da eta leitekeana da Pertierraren enigmearen sekretuak ezagutzera emon edo horreek areagotzea.
Lehenbiziko astean, Kale Nagusiko BBK Salan gauzatuko da jaialdia, 2010ean estreinau zanetik. Bigarren astean, barriz, Mitxelena Entzunaretora lekualdatuko da, UPV/EHUren paraninfora, Abandoibarra etorbideko Bizkaia Aretora, hain zuzen be.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!