Andragunean 18urtetik beherakoentzako ahalduntze-ikastaroak izango dira
2023-09-12 12:50 KultureaDurangoko Bardintasun Arloak 25 ikastaro eskainiko ditu 2023-2024 ikasturterako.
Durangoko Udaleko Bardintasun Arloak 2023-2024 ikasturteko programazinoa aurkeztu dau Andragunean. Danetara, 25 ikastaro izango dira, urritik maiatzera. Jesica Ruiz Bardintasun zinegotziak eta Paule Sanchez Bardintasun Kontseiluko Batzordeko presidenteak aurtengo ikastaroak eta jarduerak aurkeztu ditue, aurreko urteetan legez; gaiak, besteak beste, arlo artistikoak zein kulturalak, emakumearen parte-hartzea eta inplikazinoa, erantzukizun gehiago izateko eta kristalezko sabaia apurtzeko edo geu jagoten ikasteko arloak, beste kultura batzuetako emakumeak integrau edota ahalduntze teknologikoaren bidez eten digitala gainditzeko, azaldu dau Jesica Ruizek.
Paule Sanchezek, Bardintasun dinamizatzailearen eta alkarteen lana azpimarratu nahi izan dau, edade guztietako lagunei zuzendutako eskaintza zabala izatea ahalbidetzen baitau, gustu guztietarako gai ugari eskainiz.
Aurten Andraguneak ahalduntze ikastaroak eskainiko ditu 18 urtetik beherakoentzat. Andragunetik pasetan diran emakume gehienak emakume nagusiagoak dira, horregatik sortu ditugu ikastaro honeek komunidade handiago bat sortzeko eta gazteak Andragunea familia handi horretako kide izan daitezan animetako adierazo dau Jesica Ruizek.
18 urtetik beherakoentzako lau ikastaro izango dira, egun batekoak edo bitan egitekoak. Doakoak izango dira eta euskeraz emongo dira:
- Parkour ikastaroa; apirilaren 20an (zapatua).
- Autodefentsa feministea: Zezeilaren 2an eta 3an.
- Konektauta zagoz eta ez deustazu erantzuten: Zemendiak 11n eta 18an (hartu-emon toxikoak eta genero-indarkeria hainbat pertzepzinotatik identifiketan ikastea).
- Hilekoaren zikloa alkarrekin ezagutzen, zezeilaren 24an.
Ondokoak dira ikastaroetan jorratzeko gaiak:
• Emakumeen identidadea eta subjektibotasuna.
• Parte-hartze soziala eta politikoa.
• Kultura barri bat sortzea.
• Generoa eta osasuna.
• Alkartasuna eta alkartrukea munduko emakumeakaz.
• Emakumeen autonomia.
• Ahalduntze teknologikoa.
Andragunearen zerbitzua hainbat alkarte eta kolektibok egindako beste jarduera batzuekaz osotzen da, besteak beste, Topagunea, WikiEmakumeak, Emakumeak Korrika Taldea edo edoskitze taldearen, haurdunaldiko eta jaiotza inguruko doluaren inguruko berbaldiak edota irakurketa feministako taldeen eta tertulia feministak lako jarduketakaz. Horren adibide da Mugarra Triatloi Taldeak atondutako jarduerea Bardintasun zinegotziak azaldu dauenez.
Irailaren 23an, 12:00etan, Tabirako eleizearen ondoan geldialdia egingo da, emakumeak urrian egingo dan duatloian parte hartzera animetako eta ibilbidea ezagutzeko.
Informazino guztia udal webgunean dago argitaratuta eta Paule Sanchezek emakume guztiei dei egin deutse gaur aurkeztutako ikastaro eta jardueren eskaintza zabalari begiratu bat emon deiotsen eta gaineratu dau, Andraguneko ikastaro eta jardueretan parte hartzeak deskribapenetan esaten dana baino askoz gehiago emoten deutsela parte-hartzaileei. Horregatik, emongo dan koadernotxoa erabili deiela gura neuke, webgunean bersino digitalean dagoana eta eguen honetatik aurrera jardueretan izena emon deiela.
Bestalde, Paule Sanchez Bardintasun zinegotzi delegatuak azpimarratu dauenez, aurten izen-emotea bibliotekan egin beharko da, Andragunea dagoan eraikina zarratuta baitago espazioa egokitzeko hobekuntzak egiteko. Halan da be, ikastaroak eta tailerrak Andragunean (Lariz Torre, 2) emongo dira beti bezela.
Ikastaro guztietarako aurretiko izen-emotea egin beharko da. Telefonoz, posta elektronikoz eta aurrez aurre egin daiteke, aurten Bibliotekan (Komentukale 8), persona bakotxak 3 ikastarotan emon ahal izango dau izena eta aurrez izena emoteko epea irailaren 14tik 27ra izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!