Argia Ereiten XIV. Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik urriaren 10era arte

Bizkaie! 2023-09-12 12:12   Euskerea berbagai

Saria Ibon Garagarza eskultore getxotarraren lana da.

Datorren urriaren 10era arte zabalik egongo da Euskara Saria Argia Ereiten XIV. Lehiaketarako hautagaitzak aurkezteko epea. Getxoko Udalak atondutako ekimenaren helburua da euskerearen gizarte erabilerea babestea, sustatzea edo zabaltzeko zereginetan nabarmendu diran erakunde, alkarte edo persona fisiko nahiz juridikoak goraipatzea: Urtero lez, getxotarrak animau nahi ditugu lanean, aisialdian, sare sozialetan, egunerokoan zein bestelakoetan euskerea sustatzen daben persona, talde, alkarte, saltokiaren izenak proponidutea, herriaren esker onez jaso ahal izateko, nabarmendu dau Irantzu Uriartek, Euskera zinegotziak.

Hautagaiak aurkezteko fitxa posta elektronikoz behera kargaui eta euskara@getxo.eus helbidera bialdu daiteke, baita www.getxo.eus/euskara webgunean dagoan formularioa be bete daiteke. Saria Ibon Garagarza eskultore getxotarraren lana da.

Aurreko sariak


Lehen edizinoaren sariaren irabazlea Laura Lapeyra izan zan, Juan Bautista Zabala ikastetxeko Gurasoen Alkartean euskerearen erabilerearen alde egindako lanagaitik. Bigarrena Bittor Egurrolarentzat izan zan, bizitza osoa hizkuntzea sustatzera dedikateagaitik; hirugarrena San Nikolas ikastoleak eroan eban, bere 50. urteurrenean euskerazko heziketan egindako lanagaitik; laugarrena Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzearen alde egindako lanagaitik; bosgarrena Gobela Ikastoleak irabazi eban, bere 50.urteurrenean; seigarrena Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat, euskerearen alde egindako lana eta bereziki udalerrian orain 20 urte baino gehiago martxan jarritako Berbalaguna autortzeko; zazpigarrena Goñi familiarentzat, Getxogaso gasolindegian egindako lanagaitik; zortzigarrena Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari, bere kirol jardueran euskerea sustatzeagaitik; bederatzigarrena ALBErentzat 1980an sortu zanetik euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lanagaitik; hamargarrena Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzailearentzat, klubaren barruan euskerea sustatzeagaitik; hamaikagarrena Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasentzat, toponimia ibilbideen diseinuan eta edukien lanketan egindakoagaitik; hamabigarrena Joserra Onaindiarentzat euskeraz biziteko jarrera nekaezinagaitik eta igaz, hamahirugarrena Geroa ikastoleak irabazi eban, 50 urteko ibilbideko konpromisoa eta lana autortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu