Senez itzulpen-aldizkariaren 54. zenbakia kalean
2023-09-08 08:44 KultureaEIZIEren webgunean dira artikuluen laburpenak.
Editorialean dinoenez, «inoiz baino beharrezkoagoak ditugu maitasuna, pasinoa eta erotismoa. Eta jarrera horixe erakustera gatoz aurtengo Senez aldizkarian be, musuak banatzera, begiak kliskatzera, bihotzean txitximurkadea egitera».
30 egile ekarri ditue 54. alera; bakarka, binaka zein taldean ibili dira eta 23 musu, begi-kliska eta txitximurkada itxi deuskuez. Aurtengo alkarrizketea ibilbide luzeko itzultzaile bati egin deutso Garazi Ugaldek, Bakartxo Arrizabalagari: Horra lanbideari eta konpromisoari pasinoz heltzearen adibide ezin hobea. Igaz joan jakuzan itzultzaile maiteak be gogoratu ditue eta, esangura horretan, Miren Iriarte gogoratu dabe Uxue Alberdik, Amaia Apalauzak eta Samara Veltek, eta Joseba Urzelai, Iñigo Errastik.
Era berean, tartea egin deutse literatura-itzulpenari: Ane Garciak poesia-itzulpenagaz olgetan jarri ditu hiru poeta, transkreazinoan, bai eta emoitza zinez gustagarria lortu be; bere burua biluzik eta bape lotsarik barik erakutsi deuskuz Xabier Olarrak Ulisesen itzulpenean; Angel Erro, Irati Jimenez eta Manu López Gaseni hirukoak Literatura Unibersala bildumeari buruzko zenbait gogoeta konpartidu zituen igazko Literaturia jaialdian, eta orriotara ekarri ditue; hizkuntza-bikotea aldatuz, Mayi Peloten zientzia-fikzino feministea euskeratik ingelesera itzultzearen gorabeherak azaldu digu Arrate Hidalgok; gauza barriak probetako konbita eginez, gaur egun literatura-itzulpenak argitaratzeko erabilten diran bideak aztertu ditu Leire Vargasek; eta, Antxeta argitaletxearen historiaren harian, komiki-itzulpenaz jardun dau Esti Unanuek.
Saiakera-itzulpena ardatz hartu dabe Ane Garciak eta Amaia Astobizak eta gogoeta mamitsu eta freskoak itxi ditue; berbarako, Astobizak bikain gogorarazoten deusku zein preminazkoa dogun testu feministak itzultzeaz harago joan eta ikuspegi feministaz itzultzea. Aitatu begirada hori hiztegigintzan be beharrezkoa dala erakutsi deusku Eneko Sagarzazuk.
Musikearen arloan, Leonard Cohenen abestien itzulpenen azterketa xehea ekarri deusku Alejandro Ros-Abaurreak.
Zineman edo etxeko sofan, azpidatziakaz edo bikoiztuta: Netflixeko azpidatzien hizkuntza-kalidadeari erreparau deutso Josu Barambonesek eta bikoizketearen alde egin dabe Itziar Diez de Ultzurrunek eta Fermin Zabaltzak. Ikuspegi personalago batez eta barruranzko begiradaz, amatasuna eta interpretazinoa buztartzeaz idatzi
dau Garazi Biainek, eta hogeita zazpi urtean Administrazinoko itzultzaile lanetan batutako amodioez eta desamodioez Mikel Tabernak.
Ikastaro eta jardunaldietan ikasitakoaz zuzenketa-lanaren garrantzia gogora ekarri eta zuzenketa-ikastaro batean jasotako ohar eta gogoetak batu ditu Alaitz Zabaletak, zuzen eta artez.
Itzulpengintza eta teknologia bikote dagoeneko bereizezinari buruzko uda-ikastaro baten kronikea osotu dau Leire Segurak; eta euskerazko kataforen
erabilerea ekarri dau Amaia Lasherasek, EIZIEn gai horri buruz emon eban ikastaro bat gogoratuz.
Azken buruan, liburu-gomendio bana egin deuskue Claudia Torralbak, Idoia Santamariak eta Anjel Lertxundik.
Jakinagarriak
Argitalpen urtea: 2023.
ISSN zenb.: 1132-2152.
LG: SS-1049-2015.
291 orrialde.
Zuzendaria: Amaia Apalauza Ollo.
Erredakzino taldea: Isabel Etxeberria Ramirez, Maite Imaz Leunda, Claudia Torralba Rubinos eta Itziar Diez de Ultzurrun.
Ale honetako kolaboratzaileak: Garazi Ugalde, Uxue Alberdi, Amaia Apalauza, Samara Velte, Iñigo Errasti, Ane Garcia Lopez, Harkaitz Cano, Nahia Zubeldia,
Xabier Olarra, Angel Erro, Irati Jimenez, Manu López Gaseni, Arrate Hidalgo, Leire Vargas, Esti Unanue, Amaia Astobiza, Eneko Sagarzazu, Alejandro Ros-Abaurrea,
Josu Barambones, Itziar Diez de Ultzurrun, Fermin Zabaltza, Garazi Biain, Mikel Taberna, Alaitz Zabaleta, Leire Segura, Amaia Lasheras, Claudia Torralba, Idoia
Santamaria, Anjel Lertxundi.
Itzultzaileak: Kristin Addis, Joana Pochelu.
Zuzentzailea: Amaia Apalauza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!