Nagore Bilbao: 'Gaztedi sokatira taldean aukera bardintasuna da nagusi'
2023-09-11 07:55 BarriketanLaukizeko Gaztedi taldeko tiralaria.
Nagore Bilbao Laukizeko Gaztedi sokatira taldeko tiralari gazteak oraintsuko Suitzako Lur Gaineko Munduko Txapelketan bizitakoak azaltzeko eskatu deutsagu eta pozik erantzun ditu gure galderak.
Ez dira esku hutsik etorri etxera: Klub mailan: 560 kg kategorian mutilek zidarra irabazi dabe; Sub23 mailan, neskek 500 kg brontzea.
Gaztedik Nazino mailan: 560 kg kategorian mutilak zidarra eta 580 kg mistoan zidarra irabazi ditu.
Goiherri-Abadiñok Klub mailan: Sub23 neskak 500 kg zidarra eta Sub23 mistoan, 560 kg kategorian brontzea.
Laukizeko Gaztedi taldeak urteak daroaz sokatirearen munduan eta Jose Antonio Goirigolzarri Litri lako eredu eta maisu handia tartean dabilen arren, erreleboa be badator eta Nagore Bilbao gure gonbidaduak 22 urte ditu baina umeak be badabiz taldean.
1.- Zorionak, Suitzan emakumeen mailan irabazitako dominakaitik: Sub23 neskak 500 kg modalidadean brontzea, 580 kg mistoan zidarra. Arerio gogorrak izan zenduezan finaletan baina zein da balorazinoa?
Ona. Tensino handiko momentuak izan ziran, kantsau-kantsau eginda amaitzen dozu; Sub23 kategorian tiraldi laburrak izaten dira baina sano momentu gogorrak dira, esplosiboak, estrategia zehatzak darabilguz baina arerioak ez dira gora adi egoten. Munduko txapelketetan onenak egoten dira eta Suitzan be holan izan da.
2.- Arerio gogorrenak zein herrialdetakoak izaten dira?
Nesken mailan Txina eta Taipei dira goghorrenak; mistoan, barriz, Suedia, Holanda, Ingalaterra eta Suitza.
Geu be politto ibili gara eta irabazi doguzan dominak horren erakusgarri dira.
3.- Laukizkoa da Gaztedi taldea, urteak daroazana sokatirearen munduan eta hemen eta munduan makinatxu bat domina irabazi dituana. Kirol gogorra da? Zelako entrenamenduak egiten dozuez?
Bai. Gogorra eta sakrifizio handikoa. Ordu asko behar dira, entrenamenduetan indarra lantzeko gorputz-atal edo arlo askotan ibilten gara eta norberaren jarrerea be oso inportantea izaten da, zuhur jokatzea erabagiorra izaten dalako tiraldietan.
Bakotxak fisikoa edo lantzen dogu eta batuten garenean gora eta behera poleak erabiliz serieak be egiten doguz geldiro-geldiro pisua gehituz. Horrezaz gan, geure artean tiraldiak be egiten doguz.
4.- Indarra, teknikea, estrategia... Zeintzuk dira landu beharreko atalak?
Esan dozuzan horreek danak lantzea da onena eta pentsau arren, besoak edo izan daitekezala indartu beharrekoak, hankak dira gehien lantzen doguzanak. Estrategiak be pentsetan eta aztertzen doguz baina askotan egoereak berak agintzen dau eta arerioaren jarrerei erreparetea be ona izaten da.
Ganerakoan, sokak be ez dira danak diametro berekoak, badagoz aldeak lodiagoak eta fin edo meheagoak. Guk estuagoak, meheak gurago izaten doguz.
5.- Herrian badago erreleborik?
Bai. Talde beteranoenetakoa da Gaztedi eta txiki zein handi hor ibilten gara gustora. Nik neuk 22 urte dodaz eta umeak be hurreratzen jakuz, izan be, oraintxe umeen taldetxu bat dabil Gaztedin, 6-8 ume edo dabiz, 13-14 urte bitartekoak eta ezustekorik ezean, urte batzuk barru lehian sartzea gura geunke.
6.- Nortzuk dira Oier nebea eta Jose Antonio Goirigolzarri Litri?
Gure ereduak dira. Nebea da Oier, aita be ibili zan sokatiran eta horrek biak etxekoak izanda beti ibili naz euren atzetik.
Litri be handia da, 40 urtetik gora daroaz Gaztedin eta 65 urte baino gehiago ditu eta jubiletako sasoian egon arren, hor jarraitzen dau tiraldiak egiten, gazte zein umeei laguntzen eta mundialetan zein bestelako txapelketatan parte hartzen. Litri nire entrenatzailea izan zan eta ez dodaz ahaztuko haregaz pasautako momentuak.
7.- Emakumeak edozein kiroletan ikusten doguz gaur egun, baita sokatiran, arraunean harriak jasoten zein aizkolari lanetan be.
Bai, zergaitik ez. Mundua aldatzen dago eta emakumeak gizonak dagozan leku eta jarduera guztietan egoteko kapaz gara. Sokatirearen kasuan, helburak zehaztu eta preparazinoa eta burua dira giltza eta, esangura horretan, Gaztedi sokatira taldearen kasuan, aukera bardintasuna da nagusi. Suitzara 16 mutil eta 15 neska joan gara, atara kontuak. Hori da bidea.
8.- Bihar-etzi ze erronka dozu buruan?
Ikasten jarraitu gura neuke eta, ahal dala, datorren urteko mundiala daukat gogoan eta goma gaineko tiraldietarako beharrean jarraituko dot.
Horrezaz gan, pisua jagoten be ibilten gara eta jateko kontuetan be kontrolak zorrotzak izaten dira baina entrenatzaileak horretarako dagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!