23.719 personak bisitau dabe Gernikako Bakearen Museoa
2023-09-07 11:03 Kulturea25. urteurrena (1998-2023) ospatzen dabil, orain arteko bisitari kopuruen marka guztiak gaindituz.
Pandemiaren urte gogorrak ahaztu eta gero, Gernikako Bakearen Museoak 25. urteurrena (1998-2023) ospatzen dabil, orain arteko bisitari kopuruen marka guztiak gaindituz.
23.719 personak bisitau dabe Gernikako Bakearen Museoa bagila eta abuztua bitartean; sasoi berean, 2022an 19.479 izan ziran eta 2019an (pandemiaren aurreko azken urte arruntean) 18.717. Hau da, urtarriletik abuztura arte, Gernikako Bakearen Museoak munduko leku guztietako 45.240 personari erakutsi deutsee erakusketak eta jarduerak. Beraz, urtea 60.000 bisitari ingurugaz zarratzea aurreikusten da, kopuru oso altua hau lako museo txiki batentzako, baliabide mugatuak dituana.
Museoko aretoetara egindako bisitaz gan, 4.000 personek baino gehiagok parte hartu dabe museoak eskaintzen dituan ibilbide gidatuetan (Memoritour Gernika), bai eta egunero 16:00etan eta 17:00etan 25. urteurrena dala eta (bagiletik irailera) eskainitako dobako bisita gidatuetan be.
Euskal letren bonbardaketa aldi baterako erakusketeak jente ugari erakarri dau. Erakusketa honen helburua da ezagutarazotea 36ko gerreak eta frankismoak euskal kulturan, Euskal letretan izandako eragina. Holan, Francoren erregimenpeko zentsura instituzionalak Euskal kultura idatzian izandako eragina laburbatzeaz harago, erakutsi nahi da 1975-1983 bitartean oraindino martxan jarraitzen eban zentsurea jarduna. Horretarako, kultura idatzi horren industriaren katebegi askotan izandako eragina agirian ixten da, heldu nahiz umeei zuzendutako liburuen zentsura txostenei ez eze, orain arte arreta gehiegirik eskaini ez jakon edizinoaren esparruari arreta berezia eskainiz.
Erakusketearen katalogo osoa deskargau hemen.
Museoak (dokumentazio-zentroak, hezkuntza-sailak, zuzendaritzaren eta proiektuen arloak) urtero ikerketak egiten jarraitzen dau, nazinoarteko topaketa eta biltzarretan parte hartzen dau, hezkuntza-jarduera ugari egiten ditu eta Europako proiektu bitan parte hartzen dau, besteak beste, REMEMCHILD eta MAKING HISTORIES.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!