Lucia Lacarra, Marisol Rico eta Erica Pereiro protagonista Bilbon

Bizkaie! 2023-09-07 08:31   Kulturea

Barriketaldia Kupula Aretoan izango da irailaren 11n, goizeko 11:00etan.

SGAE Fundazinoak, SGAEren Lurralde Kontseiluaren bitartez eta Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren (Dantzerti) laguntzinoagaz, arte eszenikoen sortzaileei zuzendutako mahai-inguru bat atondu dau 2023-2024 ikasturtearen hasieran, Ideiak proiektu bilakatzen goiburupean. Bilboko Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan egingo da (Bertendona kalea 3 Bis, 6. pisua), irailaren 11n, astelehenean, goizeko 11:00etan.

Eztabaida-mahaiaren helburua sektorean erreferente diran hiru emakumeen aldetik proiektu artistiko danen garapenean eta banaketan oinarrizkoak diran gakoei heltzea da: Lucia Lacarra jantzaria, Marisol Rico sortzailea eta Erica Pereiro banatzailea. Kultura-industriaren merkatuan proposamen bati eusterakoan, idea artistiko ona izateaz gan, idea hori behar bezela bideratuta egon behar da eta, horretarako, gai horretan eragina daben alderdiak bikain aztertuak izan behar dira.

Dantzertiko zuzendari-laguntzailea dan Unai Izquierdo kazetari eta antzekigileak gidatu eta moderauko du barriketaldia, zinez ibilbide eztabaidaezina daben hiru profesionalen ekarpenak eta esperientziak buztartuz:

Alde batetik, Lucia Lacarra jantzari zumaiarra izango da, 2022an Emakumezko interpretazino onenari Max Saria jaso ebana, ballet klasikoaren figura nagusietako bat.

Haren ibilbide profesionalari 15 urtegaz ekin eutson Victor Ullateren Balletean. Marseillako Ballet Nazionalean, San Frantziskoko Balletean, Municheko Operan eta Dortmundeko Balletean ibili da jantzari nagusi lez. Hainbat sari eta autorpen nabarmen ditu: Nijinsky 2002 Saria, Benois de la Danse 2003, Dance Open, Dantzako Sari Nazionala Interpretazino modalidadean 2005ean...

Moskuko Kremlineko Hamarkadako Dantzari eta Bavariako Ganbera Dantzari izentau dabe. 2020an, Matthew Goldingegaz batera, Goldenlac Producciones arte-euskarria sortu eban eta plataforma horretatik hainbat arte-diziplina (jantzea, musikea, zinemea edo arte digitala) buztartzen dituen erabateko ikuskizunak lantzen ditue, besteak beste, In still of the night, hau da, SGAE Fundazinoaren Arte Eszenikoen Max Sarien 25. edizinoan saritua izandako lana.

Cía La Tal taldearen ordezkari lez Marisol Ricok parte hartuko dau. Antzerkiaren ikusmoldeak, ikusmenaren pertzepzinoak eta interpretazino-teknikak eboluzionau egin ditue zirku-pailazoaren figura klasikotik hasita uniberso propioa sortu arte. Uniberso horretan, berbearen plataforma puntualeko irudiek eta istorioek nortasun parebakoa emoten deutse ikuskizunei. 1986tik hogeita hamar bat ikuskizun egin ditue Espainian eta Espainiatik kanpo bira iraunkorrean, klown mundua sakonago barrikusita, beti sendoa dan estetikea baztertu barik.

Proiektuen banaketeari jagokonez, Culturactivako Erica Pereirok hartuko dau parte; honako galiziar talde hau kulturearen kudeaketan, produkzino eszenikoan eta musikalean ibilten da eta programazinoen banaketa integralean eta jaialdi eta proiektu kulturalen antolaketan espezializauta dago.

Hainbat geografia, estilo eta hizkuntzatako 100 artista baino gehiagori laguntzen deutsen kooperatiba-enpresa txikiz osotutako taldea dogu. Urtero, mila ekimenen banaketan edo eta produkzinoetan parte hartzen dabe.

Jardunaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiria izango da eta diplomak banatuko deutsee joan den ikasturtean ikasketak amaitu zituen Dantzertiko ikasleei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu