'Euskereari baietz' goiburupeko Bilboko euskaltegien aldeko kanpaineari ekin deutse

Bizkaie! 2023-09-07 08:00   Euskerea berbagai

Helburu nagusia da Bilbo gero eta euskaldunagoa izatea.



Ikastegien, mailen eta ordutegien eskaintza zabalaz gan, Bilboko Udalak euskerea ikasteko dirulaguntzak nabarmendu eta gogorarazo nahi dau Udalak horretarako emoten dituan dirulaguntzen zenbatekoa handitu egin zala 2023an, 700.000 eurora arte, 2022an baino % 218 gehiago.

Urtero irailean ohikoa izaten danez, Udalak ostera be ekin deutso aurten Bilboko euskaltegien aldeko kanpaina bati: Euskereari baietz goiburuari eutsiz, Udalak animau egin nahi ditu euskeraz ez dakitenak, edo ikasten edo hobetzen jarraitu nahi dabenak, euskerearen alde egin eta izena emon deien Bilboko 17 euskaltegietakoren batean matrikulea egiteko.

Eider Inunciaga Euskerako, Herritarren Arretako eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako Saileko zinegotziak eta Bilboko zenbait euskaltegitako ordezkariek aurkeztu dabe kanpainea, markesinetan, Bilbobusen autobusetan, Bilboko Udalaren sare sozialetan, komunikabideetan, barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan izango dira agirian kartelak, kanpainarako erabilitako sormenaren erakusgarri.

Era bateko eta besteko personen irudi bat agirian (edadekoak, gazteak, gizonak eta emakumeak, hainbat jatorritakoak...) eta baikortasun keinu argi bat eginez (batzuen eta besteen eskuek goratuta alkarrekin zarta egiten dabelarik aldi berean), kanpainarako erabilitako sormen horrek hauxe nabarmendu nahi dau: Zeinen ardura handikoa eta positiboa dan euskerea ikasi eta erabiltea eta zenbat erraztasun eskaintzen diran euskerea ikasteko.

Hola, bada, kanpaina honek hauxe nabarmendu nahi dau oso zabala dala euskerea ikasteko zentroen eskaintzea, zer zabalak diran ordutegiak eta ugariak eskaintzen diran mailak, eta, era berean, zenbat dirulaguntza eskura leikiezan kolektibo batzuek (gurasoek, denpora libreko begiraleek, nahiz diru-sarrera txikienak dituen personek) Bilbon euskera ikasteko.

Alde horretatik, Udalak gogorarazo dau sano handitu dala euskerea ikasteko dirulaguntzen aurrekontua: 2023an, 700.000 euro izango dira, 2022an baino % 218 gehiago.

17 euskaltegi Bilbpn

Bilbok 17 euskaltegiko sarea dauka. Ikasturte honetarako, ohiko klaseak eta era guztietako mailak, barnetegietako egonaldiak eta taldeentzako eta enpresentzako ikastaro bereziak be eskaintzen dira.

2022/2023 ikasturtean, Bilbon erroldautako ia 4.600 lagunek emon eben izena Bilboko euskaltegietan matrikuletako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu