Ramiro Pinilla idazleari omenaldia Bidebarrieta Kulturgunean

Bizkaie! 2023-09-06 12:41   Kulturea

Irailaren 13an izango da, eguaztena, arratsaldeko 19:00retan.

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak programazinoari emongo deutso hasierea irailaren 13an, eguaztenean, Ramiro Pinilla bilbotar egilearen jaiotzearen mendeurrena ospatuz.

Liburutegiko Areto Nagusian, 19:00retan, egileari buruzko dokumentala proiektauko da, eta 19:45ean, Juan Cerezo Tusquets argitaletxeko zuzendariak, Jon Bilbao idazleak eta Begoña Pinillak, Ramiro Pinillaren alabeak, El hombre de la guerra hil osteko eleberria aurkeztuko dabe.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kultureari eskainitako gunea da. Helburuen artean kulturea, literaturea eta zientzia garatu eta sustatzea dago. Hitzordurako sarrerea doban izango da. Ganera, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da hemen.

Ramiro Pinilla

Bilbon jaio zan 1923ko irailaren 13an eta 2014an hil zan 91 urtegaz. Pinilla gaztelaniazko euskal narratibearen korronte barritzailearen erreferentea izan zan: Bi aldiz irabazi eban Euskadi Saria (La tierra convulsa, 2004, eta Aquella edad inolvidable, 2012), eta Narratibako Sari Nazionala (Las cenizas del hierro, 2005) eta Nadal Saria (Las ciegas hormigas, 1960) be irabazi zituan. 2012an Eusko Jaurlaritzeak emoten dauen Lan Onari saria be eskuratu eban, Ramon Saizarbitoriagaz batera.

Ramiro Pinillaren ibilbide literarioa XX. mendeko 50eko hamarkadearen amaierean hasi bazan be, XXI. mendean, 80 urtegaz, bere bizitzako lan nabarmenena argitaratu eban: Verdes valles, colinas rojas izenburuko trilogia. Pinillak 18 urte emon zituan La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro lanak idazten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu