Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek 'Sustraien Matxinada' kaleratuko dabe

Bizkaie! 2023-09-06 10:25   Musikea

Diskoa irailaren 11n aurkeztuko dabe Donostian.



Euskal tradizinoari lotutako akordeoia eta txistuagaz uniberso aitzindariak jorratu ditue. Daborduko mundu mailako musikearen mitoa diran Carles Benavent eta Tino di Geraldo baju eta bateriagaz grabau dabe diskoa eta, besteak beste, Miles Davis, Chick Corea, Paco de Lucía edo Camarón lako artista iraultzaileen musikari izan dira.

Elkar diskoetxeak argitaratutako disko hau irailaren 11n, 10:30ean, Donostiako Udal Liburutegian prentsaurrekoan aurkeztuko da eta, ondoren, kontzertu formatuan, Gasteizko Antxina Folk edo Bilboko Loraldia jaialdietan. Kontzertu horreetako lehena euskal baseleizen katedralean izango da: Zumarragako Antion, irailaren 23an. Zezeilean, barriz, Estadu espainiarrean aurkeztuko dabe diskoa, Madrileko Sala Galileon hasita.

Disko honetan jorratutako errepertorioa Gorka Hermosak sortu dau, azken urteetan mundu mailako akordeoiaren erreferente bihurtu dana. Bere azken konposizinoa Berliner Philarmoniker-en eta Brandenburgoko atearen aurrean estreinau eban pasa dan maiatzean. CIA IMC-UNESCO konposizino saria eta urteko akordeoiarako konposizino onenaren saria 4 aldiz jaso ditu eta azken urteetan bere orkestrarako konposizinoak 3 kontinentetako 45 orkestra baino gehiagok interpretau ditue (AEB, Korea, Txina, Brasil, Turkia eta Europan).

Garikoitz Mendizabalen txistuak sustrai sakoneko soinua dakar errepertorio honetara. Garikoitzek bere instrumentua irauli dau soinu noble, estilo propio eta bere birtuosismo itzelagaz. Bere azken diskoa Euskadiko Orkestreagaz bakarlari lez grabau dau, berarentzat bereziki konposautako obrakaz.

Disko hau grabetakoo, Camarón-egaz (La leyenda del tiempo diskoan) edo Paco de Lucíagaz urte luzez ibili ondoren eta flamenkoa lako beste sustrai musika bat betirako aldatu ondoren, garai guztietako estadubatuar jazz musikari onenetako batzuekaz (Miles Davis edo Chick Corea) jotera heldu diran musikari erraldoi bi aukeratu ditue: Carles Benavent eta Tino di Geraldo, baju eta bateria, hurranez hurran.

Artista horreekaz euskal musikea jorratuz, emoitza benetan harrigarria lortu dabe Sustraien Matxinada diskoan, euskal folklorearen, jazzaren eta musika klasikoaren arteko ekidistantziari eutsiz, euskal erritmo eta doinuen kutsua, jazzaren askatasuna eta musika klasikoaren konposizino prozesuen konplexutasuna buztartuz.

Entzun disko barriko Mater Noster kantua hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu