Domekan hasiko da Eureka Domeka! Erandion

Bizkaie! 2023-09-06 09:51   Musikea

Euskerazko, kaleko formatu txikiko emonaldi zikloa.

Gautxoriak alkarteak atonduta, kultura arloan hutsune handi bat ikusita hutsune hori estu besarkatzea erabagi eben, horretarako kultur saio ziklo bat sortuz: Eureka Domeka!. Oso erantzun ona jaso eben aurreko aldi guztietan eta aurten be programazinoa munduagaz konpartidutea erabagi dabe. Orain be herria biziarazotea eta euskerea plazerragaz lotzea dira sakoneko asmoak.

Eta aurten nobedadea dogu iraileko azken domekan, irailaren 24an, arratsaldeko kultur saioa ez eze, Erraldoi Eguna eskaintzea. Egun erraldoia, goizez Altzaga auzoa erraldoiz, buruhandiz eta gaiteroz beteko dogulako lehenik erraldoi eta buruhandien konparsa gonbidatuakaz eta arratsaldean beste erraldoi bat izango dogulako Eñaut Elorrieta.

Beste saio bi be izango ditugu aurrez, guztiak be mimoz eta gustuz aronduak, formatu txikikoak guztiak, ibaiertzean danak, euskerazkoak eta, batez be, kalidadekoak.

Mejillon Tigre kolektiboaren Hitz Esana saioa (irailaren 10ean), poesia, musikea, ahozkotasuna, satirea eta umorea buztartzen dituana.

Zuzeneko marrazketa saio inprobisatua (irailaren 17an) eta, bertan, lehen lerroko hiru artista: Unai Iturriaga (batez be) marrazkilari eta (gero eta gitxiago) bertsolaria gai-jartzaile ibiliko da beste bi marrazkilariri zer marraztu zehazten eta hareek kolpean erantzun beharko dabe, ikusleen begien aurrean: Ainara Azpiazu Axpi eta Aritz Irigoien izango dira artista bi horreek.

Saio guztiak; jakina, domekatan, eta herriko malekoian, gasolinoaren geltokiaren ondoan, beti 18:00etan. Eta euria eginez gero saioak Gaztetxokora eroatea da asmoa. Baina ez dau euririk egingo. Erabagita dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu