Unai Requejoren erretratu bilduma bat egongo da ikusgai Rekalde Aretoan
2023-09-06 08:24 KultureaUrriaren 1era arte ikusi daitekez.
Irudien arteko alkarrizketa bat da erakusketea eta irudi baten gaiak hurrengo irudiari dagoz lotuta. Atmosferea eta argia aldatzen dira bat-batean eta hareen arteko alkarrizketak sortzen doaz.
Hurrengo anagrameak, bertso-kanta dalakoak, erakusketan sartzen joateko aukerea emongo deutso bisitariari eta honako hau adierazoten da bertan: Beti sortu daitekez istorio edo hartu-emonak ustez interesik bakoak diran leku edo egoeretatik.
Euskal txokoa kontzeptuari jagokonez, Etxetxuko orubea agertzen da eta hor marra bertikal bategaz markauta dagoz pelotalekuaren txokoaren edo txoko bitxi baten idea, baina, aldi berean, leku ez diran eta ertzeei erreferentzia egiten deutsen idea bat be bada. Leitekeana da euskal txokoak ez izatea eta irudi lauagaitik leku edo errealidade baterako bisita ordezkapena izatea. Idea horri lotuta, erakusketearen antolaketea atlas bat dala pentsau daiteke.
Bestalde, txoko bitxi batzuk egongo dira ikusgai, besteak beste, Barrikako itsaslabarrak, Muskizko findegia gauez edo Bilboko Superportua handitzeko obren lehenengo egituretako bat, 1996. eta 2011. urteetan ataratako erretratuakaz.
Erakusketearen osogarri, bestelako jarduera batzuk atondu dira, besteak beste, tailer bat eta bitartekaritza-jarduera bat. Jarduera guztiak doban dira eta ezinbestekoa izango da aurretiaz izena emotea 94 406 85 32 telefono-zenbakian edo salarekalde@bizkaia.eus helbide elektronikoan.
Irailaren 21ean, Unai Requejo artisteak ordu biko tailer bat eskainiko dau eta haren jardun artistikoaren inguruko hausnarketea egingo dabe bertan. Saio horretan, ibilbide bat egingo da erakusketan zehar eta artistearen sormen-prozesuaren inguruko ariketa bat proponiduko da.
Era berean, irailaren 29an, ECOS programearen barruan, sormenezko bitartekaritza-jarduera bat egingo da eta beste artista batzuk gonbidauko dira Rekalde Aretoko erakusketakaz hartu-emonak izan deiezan. Unai Requejo artistearen erakusketa-proposamenagaz hartu-emonak izatea lortu nahi da.
Unai Requejo (Santurtzi, 1982)
Unai Requejo artista eta irakaslea da Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadean eta askotariko esparruak garatzen ditu, besteak beste, bideoa, soinua, argazkigintzea eta marrazketea. Zenbait artista-liburu argitaratu ditu: Ladren Perros (2023), Lugorri (2021), Urmael (2017), Monte (2016) eta Teleport (2015).
Banakako erakusketak egin ditu Bilboko zenbait espaziotan, besteak beste, ANTI Liburudendan edo Petra Tatuajesen. Bestalde, esku-hartze artistikoak egin ditu Deustuko zubian eta Bredako geltokian (Herbehereak). Horrezaz gan, erakusketa kolektiboetan parte hartu dau: Galería Aire, Bizkaia Aretoa, Iturfest, Inmersiones (Gasteiz), Museu de Laníficios (Covilhã, Portugal), Space4art (San Diego, California), Institut Français (Tetuan, Maroko), Cervantes Institutua (Beijing, Txina) eta Espacio Menosuno (Madril).
2011, urtean 2. saria irabazi eban Ertibil Bizkaian, Miriam Isasigaz egindako bideo bati esker eta 2010. urtean egonaldia egin eban Beijingen, Goazen Txinara programan.
Musika jardunari jagokonez, ikus-entzunezko soinu-bandak egin ditu dj Yuju! ezizenari eutsiz, baita Le Larraskito klubeko eta Espora espazioko kolektiboagaz egindako lanak be. Bestalde, Txaranga Urretabizkaia taldeko kidea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!