'Picasso eskultore. Materia eta gorputza' erakusketea Bilbon ikusgai

Bizkaie! 2023-09-28 13:51   Kulturea

Irailaren 29tik 2024ko urtarrilaren 14ra bitartean, Guggenheim Bilbao Museoan.

Guggenheim Bilbao Museoak Picasso eskultore. Materia eta gorputza erakusketea aurkeztu dau. Erakusketeak 1909tik 1962ra bitartean egindako 50 eskultura baino gehiago batzen ditu. Bertan, Pablo Picassok bere ibilbidean giza gorputzaren formak irudikatzeko erabili zituan estilo guztiak agertzen dira. Picassoren eskulturen ia hirurogei urteko ibilbide horrek zalantzan jartzen ditu eskulturaren eta pinturaren zein obra amaituaren eta proiektuaren arteko mugak.

Bere diziplina artistikorik ezezagunena izanik be, Picassorentzat eskultura pinturaren, marrazketaren, grabatuaren eta zeramikaren pareko adierazpidea zan. Formatu eta material ugari erabili zituan, esaterako, burdina, igeltsua, zementua, metala eta brontzea.

Erakusketea nazinoarteko Picasso Ospakizuna 1973–2023 programearen parte da eta Guggenheim Bilbao Museoak Museo Picasso Málagagaz lankidetzan dau atondua. Komisarioa Carmen Giménez izan da, Lucía Aguirreren laguntzeagaz.

Erakusketea irailaren 29tik urtarrilaren 14ra bitartean izango da. Sarrerak eta informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu