'Artearen Ibilbidea' erakusketeak Mungiara egin dau salto

Bizkaie! 2023-08-29 12:59   Kulturea

Irailaren 4ra arte egongo da ikusgai Matxin Enparantzan.

Gernika-Lumotik pasau ondoren, BBK Artearen Ibilbidea dibulgazino artistikoko programea Mungiara egin dau salto, izan be, irailaren 4ra arte egongo da Matxin Enparantzan. Bizkaiaren irudia erakustea dau helburu, bertako artearen historiaren 30 artisten 36 lan erakutsiz (32 margolan, hiru kartel, erretratu bi eta collage bat).

Obrek Bizkaiako geografia eta ikonografia jasoten dabe, landa-guneak, Kantauriko kostaldea eta horko portuak (Bermeo, Elantxobe, Plentzia eta Abra, esaterako) zein Durango, Balmaseda, Gernika-Lumo, Busturialdea-Urdaibai eta bestelako udalerri eta eskualdeetako uri eta industria giroko paisajeak (Bilbao, Erandio, meatze-herriak).

Ekimona dagoeneko ikusgai dago Mungiako Matxin Enparantzan. Irailaren 4ra arte egongo da, egun osoan zehar.

Artearen Ibilbidea BBK

2018tik, Artearen Ibilbidea BBK programeak Bilboko Arte Eder Museoaren bildumea bertako aretoetatik harago zabaltzen dau, kultura artistikoa herritarrei hurreratzea sustatzeko eta, aldi berean, haren ondare-aberastasuna erakusten dau.

Maiatzetik zemendira programea Bizkaiko 28 udalerrietako udalen laguntzea izango dau; horreetako bakotxak astebetez hartuko dabe ekimen hau, topagune publiko irisgarrietan eta aire zabalean: Bilbao, Barakaldo, Muskiz, Portugalete, Trapagaran, Abanto-Zierbena (Las Carreras), Balmaseda, Getxo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika-Lumo, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Garai eta Durango.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu